Aldundiak adineko pertsonentzako 61 plaza berri prestatuko ditu 2017an
Aldundiak adineko pertsonentzako 61 plaza berri prestatuko ditu 2017an
Zahartzearen erronkari “aurre egiteaz gain”, egoitzetako “kudeaketa eta arreta ere hobetuko" direla azaldu du Markel Olanok
Gipuzkoako Foru Aldundiak adineko pertsonentzako 61 plaza berri prestatuko ditu 2017an zehar, horietako 30, egoitzetan (Errenteria, Bidasoa, Lazkao, Zumaia eta Oiartzun), eta 31, eguneko zentroetan (Andoain, Eibar, Hondarribia, Pasaia, Errenteria, Buruntzaldea, Legazpi eta Arrasate). Legegintzaldi honetan zehar, era progresibo batean, 300 plaza berri egokituko dira guztira. “Iaz 99 plaza prestatu ziren, egoitzetan 50 eta eguneko zentroetan 49; aurten, aipatutako 61 plaza horiek izango dira, eta 2018an eta 2019an beste 140 plaza egokituko dira”, azpimarratu du Markel Olano diputatu nagusiak Donostiako Aldakonea egoitzako instalazio birmoldatu berrietara egin duen bisitan. Instalazioak birmoldatzeko lan horiek 4 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta horietatik 3 milioi indarrean den araudira egokitzeko izan dira (tartean ekipamendua berritzea), eta 1 milioi, berriz, urte honetan zehar fatxada konpontzeko -jada hasita dauden lan horietan arrailak, pitzadurak, mortero eta pintura zati solteak eta abar kenduko dira- eta estalkiak eta terrazak ere egokitzeko, ura sartzen baitzen.
Aldakonea egoitza Aldundiaren jabetzako eraikina da, eta egoitza-zerbitzuak eskaintzen ditu mendekotasuna duten adineko pertsonentzat, zehazki mendekotasun maila altukoentzat. Guztira 110 plaza dauzka, horietako 30, eguneko zentroan, eta psikogeriatriako unitate berri bat dauka 19 plazarekin. Hamalau hilabete iraun duten barruko lanen artean daude, halaber, igogailuak modernizatzea eta gizonezkoentzako aldagelak erreformatzea (90.000 €).
Olanok Gizarte Politikako diputatu Maite Peñarekin batera bisitatu du Aldakonea egoitza, bertako zuzendari Eva Grañak lagunduta, eta adierazi du Gipuzkoan “sekulako erronkari ari gatzaizkiola aurre egiten”, zehazki biztanleriaren “zahartze” sistemikoaren arazoari, eta 2019ra bitartean prestatuko diren 300 plaza horietatik, 2017an izango diren 61 plaza berri horiekin foru gobernuak “arindu egingo duela”, neurri batean, Gipuzkoako familia askok duten arazo hori, eta horrela, “gehiago eta hobeto artatu ahal izango ditugula gure adinekoak”.
Izan ere, guztirako plaza kopuruak gora egin badu ere -azaldu du Olanok-, estaldurak murrizten joan dira Euskadi osoan joan den hamarkadaren amaieraz geroztik, adineko biztanleria “plaza kopuru erabilgarria baino bizkorrago ari delako hazten”. Aipatutako 300 plaza berri horiek era progresibo batean prestatuko dira, bai egoitzetan bai eguneko zentroetan, eta murriztuko dute egoitza-plazen itxarote-zerrenda. Dena den, diputatuak zehaztu duenez “itxarote-zerrendan dauden pertsona horietatik, % 70ek zerbitzu edo prestazio motaren bat jasotzen du egun, edo bi horien konbinazio bat”.
2017rako lan nagusiak
Foru ordezkari nagusiak adierazi du GFAk, gizarte gipuzkoarraren zahartzearen erronkari heltzeaz gain, hobetu egingo dituela, halaber, adineko pertsonentzako egoitzetako eta eguneko zentroetako “kudeaketa eta arreta”, eta Aldakonea zentroan egiten diren eraberritze lanak neurri horien parte direla.
Horrela, 2017an zehar GFAk 4.019.864,93 euro inbertituko ditu lurraldeko adinekoentzako egoitzetan eraberritze lanak egiteko; horien banakapena honakoa da: 3.632.652,93 euro Aldundiaren jabetzako egoitzetan (Aldakonea egoitzako fatxada barne), eta 387.212,00 euro, diru laguntza bidez, beste zentro hitzartu batzuetan (Mutriku, Zestoa eta Eskoriatzako egoitzetan).
Aurten GFAk eraberritze lan hauek egingo ditu:
- Txara 1: fatxadak konpontzea eta kanpoko arotzeria aldatzea. Urtarrilean hasitako obra. Egiteko epea: 9 hilabete. Esleipenaren zenbatekoa: 1.616.397,86 euro.
- Txara 2: Gizarte Politikako Departamentuaren bulegoetako aire primarioaren sistema berritzea. Azaroan hasitako obra. Egiteko epea: 5 hilabete. Esleipenaren zenbatekoa: 387.651,87 euro.
- Eibarko Egogain gerontologia zentroa: instalazio elektrikoa eraberritzea. Otsailean hasitako obra. Egiteko epea: 9 hilabete. Esleipenaren zenbatekoa: 316.100,40 euro
- Eibarko Egogain gerontologia zentroa: desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroa egokitzeko lanak. Laster lizitatzekoa. Lizitazioaren zenbatekoa: 389.394,93 euro.
- Eibarko Egogain gerontologia zentroa: igogailua berritzea. Obra esleitua, eta hasteko dago. Zenbatekoa: 45.959 euro.
- Eskoriatzako Jose Arana egoitza: araudira egokitzeko lanak. 2. eta 3. faseak egiteko diru laguntza (ekipamendua barne). Egite fasean. Diru laguntzaren zenbatekoa: 120.177 euro.
- Ikaztegietako Loperdi Berri zentroa: Atzegiri diru laguntza, beheko solairua eguneko zentro gisa egokitzeko lanak egiteko. Egite fasean. Diru laguntzaren zenbatekoa: 75.000 euro.
- Mutrikuko Mikel Deuna egoitza: eguneko zentroa sortzeko diru laguntza. Lanak hasteko daude. Diru laguntzaren zenbatekoa: 239.000 euro
- Zestoako San Juan egoitza: fatxada eraberritzeko diru laguntza. Lanak hasteko daude. Diru laguntzaren zenbatekoa: 28.035 euro.
- Katea Legaia SL Zarauzko pabiloi berrirako diru laguntza. Lanak hasteko daude. Diru laguntzaren zenbatekoa: 500.000 euro.
Erreferentziazko zentro berria
Amaitzeko, eta zahartzearen arazoari aurre egiteko GFAk hartu behar dituen bestelako neurriei dagokienez, diputatu nagusiak azpimarratu du “berrikuntzaren eta ikerkuntzaren” arloko neurriak izango direla. Ildo horretatik, Foru Aldundiak jarraitzen du estrategikotzat jotzen dituen proiektuen edukia zehazten, hain zuen, Irungo Arbes proiektua eta Pasaiako proiektua -zahartzearen eta desgaitasunaren arretaren arloko erreferentziazko zentroa-. Biak ere, adineko pertsonentzako egoitza-arretaren “berrorientatzea” ekarriko dute, eta “aukera” bat izango dira lurraldeko garapen ekonomikoa sustatzeko, “adineko pertsonen zaintzaren eta osasunaren arloko berrikuntzaren” inguruan.
1808