Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Adinekoen Kontseilu berriari harrera egin dio

Aldundiak Adinekoen Kontseilu berriari harrera egin dio

Kontseiluaren helburua da adinekoek ekarpenak egitea gizarte politikak aberasteko

Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak harrera egin diete gaur goizean foru jauregian Adinekoen Kontseilu berriko ordezkariei. Gero, osoko bilkura egin dute. Kontseilua dagoeneko hasi da lanean, lurraldeko zazpi eskualdeak ordezkatuta dituela: Donostialdea, Bidasoa, Tolosaldea, Urola Kosta, Goierri, Debabarrena eta Debagoiena.  

Kontseilua, adinekoek eta hirugarren adinarekin lotutako entitate, elkarte eta erakundeek parte hartzeko foro berezi gisa sortu zen, herritarren kolektibo horren ongizatea lortzera zuzendutako politika eta jarduketen planifikazio eta jarraipenean elkarlanean jarduteko asmoz.  «Nahi genuke Kontseilua tresna are eraginkorragoa izatea adinekoen kezkak eta interesak erakundeetara eramateko, eta Gipuzkoako eskualde guztiak kontseilu horretan ordezkatuak sentitzea», azaldu du Diputatu nagusiak. Eta gaineratu du Aldundiaren “lehentasunezko helburu” izan dela kontseiluan “oreka bat lortzea” lurralde ordezkaritzari dagokionez, eta horretarako aurten “partaidetza prozesua” egin dutela eskualde guztietan. Horren harira, nabarmendu du “parte-hartze handia” izan duten foroak egin direla, eta prozesua amaitzeko, Kontseiluan “eskualde bakoitza” ordezkatuko duten pertsonak aukeratu direla, beti ere Kontseiluaren helburuari eutsita: adineko pertsonek ekarpena egitea gizarte politikak aberasteko.

Harrera eta gero, foru jauregian bertan, diputatu nagusiak eta Maite Peñak osoko bilkura egin dute Kontseiluarekin, zeinean halako gai zerrenda izan duten: “Etxean bizi” programaren aurkezpena, Udalekin hartutako erabakia Etxeko Laguntza Zerbitzua hobetzeko eta indartzeko; eta zaintzaileen jarraipena eta formakuntza saioak.

Eskualdeetako zazpi ordezkariez gain, Kontseiluaren parte izango dira, halaber, Aldundiko hiru ordezkari, lurralde mailan adinekoen elkarte mugimendua osatzen duten entitateetako hiru ordezkari, lurralde mailan adinekoen gaiez arduratzen diren irabazi asmorik gabeko entitateetako bi ordezkari, Eudeleko ordezkari bat eta Kabia organismo autonomoko beste bat.

Gipuzkoan 65 urtetik gorako lagun 154.000 inguru bizi dira gaur egun, eta kopuru hori hazten joango da, biztanlegoaren zahartze prozesua dela-eta: “Haietako askok osasun ona eta oso bizimodu aktiboa dauzkate”, adierazi du Maite Peñak.  Hori dela-eta, Aldundiak jomuga bat finkatu du: mendekotasunaren arreta Kontseiluaren lehentasun nagusien artean mantenduz, adineko independenteen kezkei ere lekua egitea, foro hori hirugarren adineko guztien «termometro» bat izan dadin.

lurraldeko zazpi eskualdeak ditu ordezkatuta: Donostialdea, Bidasoa, Tolosaldea, Urola Kosta, Goierri, Debabarrena eta Debagoiena.  

  

2178