Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak bat egin du Tolosako eraso sexistaren aurkako elkarretaratzearekin

Aldundiak bat egin du Tolosako eraso sexistaren aurkako elkarretaratzearekin

Herritarrei dei egin die festetan emakumeen askatasuna eta segurtasuna bermatzeko konpromisoa har dezaten

Tolosako emakume batek salatu duen sexu erasoaren aurka gaur arratsalderako Tolosa eta Ibarrako Udalek eta mugimendu feministak elkarrekin deitu duten elkarretaratzearekin bat egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak (19:00etan, Tolosako udaletxe aurreko plazan). Han izango da foru erakundearen izenean Miren Elgarresta Berdintasunerako Organoaren zuzendaria, haren hitzetan "emakumeen askatasunaren aurkako ekintza guztiz baztergarria" dena salatzeko. Nabarmendu duenez, kontuan hartzekoa da eraso hau festa giroan gertatu izana eta, hori horrela, Elgarrestak Gipuzkoako gizarte osoari dei egin dio edozein motatako jokaera sexistarekiko "zero tolerantzia" izan eta "guztion artean bermatzeko, emakumeek zein gizonek, jaietan parte hartzeko askatasun, errespetu eta segurtasun osoa izatea". Bereziki Tolosaldeko herritarrei luzatu die deia gaurko salaketa elkarretaratzera batu eta erasoa salatu duen emakumeari elkartasuna agertzeko. 

 

Lurralde osoarentzako protokoloa

Egoera honi aurre egiteko, hain zuzen, Aurre! Plana du Aldundiak, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta sentsibilizaziorako ekintzekin. Plan zehatz honek, foru erakundeak ezarritako lehena, prebentzioan egiten du indar. Halaber, erantzun publikorako protokolo bat ere zehazten du. Protokolo honetan erasoa jasan duenaren eta haren gertukoen eskura jartzen ditu Aldundiaren eta udalerrien informazio eta artapen bideak. Tolosako eta Ibarrako Udalekin elkarlan estua abiarazi du Aldundiak beharrezkoa den arreta bermatzeko. Protokolo hau, gainera, aurki lurralde osora zabalduko da, azken asteetan eskualde eta udalerriekin egin den lanketa baten ondorio bezala. Protokolo osagarri honek lurralde osoari eskainiko dizkio kanalak eta baliabideak emakumeen kontrako indarkeriari Gipuzkoa osoan modu koordinatu eta bateratuan erantzuna eman ahal izateko.

  

1550