Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak bat egiten du Legorretako Udalak erasoa gaitzesteko aho batez onartu duen adierazpenekin

Aldundiak bat egiten du Legorretako Udalak erasoa gaitzesteko aho batez onartu duen adierazpenekin

Elkarretaratzea deitu dute, gaur 19:00etan herriko plazan egingo da.

2019/07/12

Enpresa batean 2016an izandako sexu jazarpen eta abusu kasua dela eta berriki Gipuzkoako auzitegiak ateratako epaiaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du auzitegiak frogatutzat emandako gertakarien aurrean eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta haren ingurukoei.

Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, jazarpen sexista kasu hau ere ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Azken kasu honek azaleratzen duen moduan, gainera, gainontzeko esparruetan bezala, lan munduan ere ematen da emakumeen aurkako indarkeria eta, bere jatorrian, aipatutako jarrera eta ideia matxista berak daude. Horregatik, kontuan izanda indarkeria mota horrek duen egiturazko nortasuna, guztion ardura da erantzun egokia ematea: herritarrena, erakundeona eta espresena.

Esandako guztiagatik, herrietako udalek eta Foru Aldundiak adostutako Gipuzkoako udalerrietan indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Legorretako Udalak erasoa gaitzesteko aho batez onartu duen adierazpenekin eta bihar, uztailak 12 ostirala, 19:00etan herriko plazan egingo duten elkarretaratzearekin bat egiteko deia luzatzen die herritarrei. Mugimendu feministak egin ditu deialdi horiek eta tokiko udalek, berriz, babestu. Legorretako elkarretaratzean parte hartuko du Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko Organoko zuzendariak, Miren Elgarrestak.

  

1401