Aldundiak bere erakundearen zuzentasun sistema azalduko die Kataluniako udalei
Aldundiak bere erakundearen zuzentasun sistema azalduko die Kataluniako udalei
Kataluniako Udalen Federazioak oinarritzat hartu du Gipuzkoaren eredua kode etikoa sortzeko
Aldundiak parte hartuko du bihar, ostiralez, Kataluniako Udalen Federazioak (FMC) antolatutako jardunaldi batean, azken horrek aurkeztuko baitu toki gobernuetako hautetsi eta goi kargudunen kode etikoa. Modernizazioko zuzendari Goizeder Manotasek azalduko ditu Aldundiaren Erakundearen Zuzentasun Sistemaren xehetasunak, izan ere, dokumentu horretan hartu baitu oinarri FMCk bere kodea eratzeko eta Kataluniako udaletan ezartzeko. Kodearen egiturak Gipuzkoako sistemaren ardatz berdinak izango ditu: balioak, jokabide arauak, eta etika batzorde bat, sistema betearazten dela ziurtatu duena.
FMCren gonbidapena aintzat hartuta, Manotasek mahai inguru batean hartuko du parte, zehazki jardungo duena kode etikoen gauzatzeaz herri erakundeetan; bertan azalduko ditu Aldundiak bere Erakundearen Zuzentasun Sistema sortzeko izan zituen arrazoibideak eta balioak, gobernantza onaren testuinguru orokor batean. Baita ere, kontu emango du sistemaren aplikazio praktikoan izan diren zailtasunez, aurreikus daitezkeen erresistentziez, eta azalduko ditu sistema onartu zenetik sortu eta kudeatu diren gatazkak.
Modernizazio zuzendariarekin batera, mahai inguruan izango dira, baita ere, Gotzone Zaldunbide, Bilboko Udaleko herritarren partehartze zinegotzia; Angel Castiñeira, Kataluniako Zerbitzu Publikoaren Kode Etikoa eratzeko batzordearen burua; eta Joan Llinares, Bartzelonako Udaleko gardentasun eta praktika onen bulegoko arduraduna. Moderatzaile zereginen arduradun izango da Eduard Rivas, Esparreguerako alkate eta FMCko gobernu onaren eta berrikuntza demokratikoaren alorreko lehendakariordea.
Kataluniako udalak ez dira lehenak izan, Gipuzkoaren ereduaz interesa erakusten. Joan den martxoan onartu zenez geroztik, beste erakunde askok hartu du gurea, jarraitu beharreko eredu gisa. Pasa den irailean, urrutira gabe, Aldundia gonbidatua izan zen NovaGob2016 Berrikuntza Publikoko Ibero-amerikar Biltzarrera, Kanariar Irletan. Urrian, berriz, bere esperientzia azaldu zuen Gobernu, Administrazio eta Politika Publikoko GIGAPP 2016 VII. Biltzarrean, Madrilen. Azkenik, azaroan, FEMPek antolatutako Modernizazio eta Kalitate Jardunaldietan parte hartu zuen, Malagan. Horrez gain, Aldundiaren Erakundearen Zuzentasun Sistemaren berri eman izan da ospe handiko argitalpenetan.
Manotasek oso era positiboan hartu du Gipuzkoa «erreferentzia bat izatea praktika on hauetan, etika publikoa, zintzotasuna, gardentasuna eta balioetan oinarritutako kudeaketa funtsezkoak baitira guretzat». Aldundiaren sistema onartzea «lehen urrats bat besterik ez da, Gipuzkoa eredugarri bat eraikitzeko». Horrela, datozen asteetan, Aldundiak neurri gehiago iragarriko ditu, bere kode etikoa beste eragile eta erakundeetara zabaltzeko.
1666