Aldundiak biribilgune bat eraikiko du Osiñan, GI-627ko lotunean, Nafarroa etorbidearen bidegurutzean
Aldundiak biribilgune bat eraikiko du Osiñan, GI-627ko lotunean, Nafarroa etorbidearen bidegurutzean
Aldundiak biribilgune bat eraikiko du Osiñan, GI-627ko lotunean, Nafarroa etorbidearen bidegurutzean
Proiektuak 168.108,57 euroko inbertsioa dauka eta zortzi asteko epea. Hilabete honetan lizitatuko da eta, aurreikuspenen arabera, urtarrilean hasiko dira lanak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune bat eraikiko du GI-627-ko 30pK puntuan kokatzen den Osiña-Ospitaleko lotunean. Hala iragarri du Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak Arrasatera egin duen bisitan. Bertan, diputatuak aurkeztu duen proiektuak Arrasate ekialdeko mugimenduak, eta bereziki Arrasateko ospitalekoak eta Musakolako industriaguneko joan-etorriak, erraztuko dituela azaldu du. Proiektuak 168.108,57 euroko inbertsioa dauka eta zortzi asteko epea. Hilabete honetan lizitatuko da eta datorren urte hasieran obrak hasiko dira.
"Aldundiak, bide-segurtasuneko lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa bat du martxan, eta, trafikoak aztertu ondoren, lau adarreko bidegurutze hori biribilgune bihurtzea erabaki dugu", azaldu du Aintzane Oiarbide diputatuak. Eraikiko dugun biribilguneak nabarmen hobetuko du bide-segurtasuna. Soluzio honekin mugimenduak ordenatzen dira eta aldi berean abiadura murrizten da", gaineratu du Oiarbidek.
“Biribilgunea eraikiko dugun lekuan gaur egun lau adarrek egiten dute bat. GI-627tik datorrena, eta lehentasuna duena, eta beste hiru mugimendu STOPa daukatenak. Konfigurazio horrek hainbat arazo sortzen ditu. Lehenik, Bergara aldetik saihesbidetik datorrenaren gehiegizko abiadura, bigarrenik gainontzeko hiru mugimenduen artean lehentasuna argi ez dagoelako eta, honekin lotuta, edozein maniobra egiteko mugimendu bat baino gehiago zaindu beharra”, azaldu du Oiarbidek.
Guzti hau kontuan izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegurutze hori hobetzeko proiektu bat idatzi du eta bertan zehaztutako obren bidez, biribilgune bat eraikiko da GI-627-36 adarraren eta Nafarroa etorbidearen arteko bidegurutze horretan.
Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak, azpimarratu du lan honen garrantzia eta eskertu Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasaten burutuko duen inbertsioa: “herrigunera sartzeko bide garrantzitsuenetako bat da eta, aldi berean, eskualde mailako zerbitzua eskaintzen duen ospitalea dugu bertan, eta baita enpresa ugari ere. Trafikoa handia izan ohi da eta aktuazio honekin bide segurtasuna nabarmen hobetuko da, bai auto, autobus, bizikleta… baina baita oinezkoena ere. Herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzeko apustua betetzen jarraitzen dugu, irisgarritasuna hobetuz eta herritarren segurtasuna lehenetsiz; elkarlanean, sinergiak batuz”.
Bide Azpiegitura diputatuak aurreratu duenez proiektua idazterakoan izan duten zailtasunik handiena espazioarena izan da, bidegurutzea oso espazio txikian kokatzen delako, “Deba ibaia daukagu alde batera eta GI-627ko zubiaren estriboak ditugu beste aldera eta hor kokatu behar dugu biribilgunea”.
Diseinatu den biribilguneak 19,20 metroko kanpoko diametroa dauka eta 5 metro zabaleko barne eraztuna. “Biribilgunearen diametroa kontua izanik, 8,10 metroko barruko eraztuna erabat zapalgarria izango da, ibilgailu astunek eta autobusek biraketa maniobra errazago egin dezaten. Biribilgune honen bitartez saihesbidetik datozen ibilgailuen abiadura mantsotuko da eta mugimenduak erraztuko dira”, zehaztu du Oiarbide diputatua.
Inguru horretako argiztapena nabarmen hobetuko duen 250W potentziako LED argiteria dauzkaten bi luminaria ezarriko direla ere aurreratu du Aintzane Oiarbidek.
2377