Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak dei egiten dio gizarteari eraso sexistak gaitzesten jarrai dezan

Aldundiak dei egiten dio gizarteari eraso sexistak gaitzesten jarrai dezan

Berdintasuneko foru zuzendariak nabarmendu du zein garrantzitsua den prebentzioa

2018/06/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor salatzen du atzo igandean Lasarte-Orian gertatu zen eraso sexista, eta erakundearen babes guztia erakusten die biktimari eta haren gertukoei. Foru erakundetik, Miren Elgarresta Berdintasuneko Organoko zuzendariak gipuzkoar herritarrei eskatzen die «zero tolerantzia izaten jarrai dezatela izaera matxistako edozein jarrerarekiko, eta gizarteak jarrai dezala jarrera horiek gaitzesten».  Donostian, Altza auzoan, joan den astean gertatutako erasoa salatzeko elkarretaratzean egin ditu adierazpenok Miren Elgarrestak. Foru arduradunaren esanetan, hain denbora tarte laburrean bi erasoren berri izateak, "agerian jartzen duen lehen mailako arazo sozial batez ari garela".

            Elgarrestak gogorarazi du gizartearen mobilizazioa oso garrantzitsua dela horrelako gertakarien aurrean, «ez baitira gertakari isolatuak; izan ere, gizartearen egitura sexista baten ondorio dira. Egitura hori jarreretan, heziketan eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunetik datozen jokabideetan atzematen da». Horrela, foru zuzendariak dioenez, «gizarte osoaren erantzukizuna da matxismoari aurre egitea oinarritik bertatik». Ondorioz, Elgarrestak gizarte osoari eskatu dio inplikatzeko, «bai jarrera horiek salatzeko, bai jarrera horiek prebenitzeko, horretarako errespetu eta berdintasun balioak sustatuz heziketan».  Foru arduradunaren ustez, «urrats irmoak ematen jarraitu behar dugu, gure gizartea justizia sozialaren eskutik haz dadin. Ezin dugu onartu emakumeek arrisku handiago izatea indarkeria jasateko».

Erantzun publikoaren protokoloa aktibatu da

Egoera horri aurre egiteko, Aldundiak Aurre! foru plana du, non emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak aurreikusten baitira. Plan berezi horrek, zeina foru aldundiak ezarri duen lehena baita, prebentzioan jartzen du indarra. Orobat aurreikusten du erantzun publikoaren protokolo bat, aktibatu dena jada, erasoa jasan duen emakumearen eskura eta haren gertukoen eskura foru eta udal baliabide eta laguntzak jartzeko.

  

1595