Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Donostiako Udalari eman dio Jesus Mari Leizaola lehendakariaren estatua

Aldundiak Donostiako Udalari eman dio Jesus Mari Leizaola lehendakariaren estatua

Gaur, abenduak 15, 42 urte betetzen dira Leizaola erbestetik itzuli zenetik.

2021/12/15

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Donostiako Udalari Jesus Marí Leizaola lehendakariaren brontzezko eskultura dohain ematea, Xebas Larrañaga Odriozola artistaren artelana. Obra, gaur egun Foru Jauregiko Ohorezko Patioan dago, eta aurrerantzean Gipuzkoako hiriburuko Euskadi plazan kokatuko da behin betiko. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak azpimarratu duenez, eskulturaren lagapena Leizaola lehendakaria erbestetik itzuli zela 42. urte betetzen diren egun berean onartu da. Jesus Mari Leizaola irudikatzen duen brontzezko irudia da eskultura, gorputz osokoa, traje eta gabardina jantzita eta ezkerreko eskuan kapela duela ageri da, eta guztia material bereko oinarri karratu baten gainean dago.

Foru Aldundiko arduradunak azaldu duenez, erakundeak 2007an erosi zuen Xebas Larrañaga Odriozola artistaren obra hori, 90.000 euroko balioa duena. Eskultura horren hasierako xedea Donostian kokatzea bazen ere, hainbat arrazoi medio Foru Jauregiko Ohorezko Patioan dago gaur gaurkoz ikusgai, Gipuzkoako historiako pertsona ospetsuak oroitzeari eskainitako gunean. Orain, behin-behineko kokapen hori zehazten zuten inguruabarrak gainditu ondoren, Mendozak azaldu du egokia dela artelan hori lekualdatzea, bere jaioterria zen Donostiako espazio ireki batean koka dadin.

Jesus Mari Leizaola 1896ko irailaren 7an jaio zen Donostian, eta pertsona garrantzitsua izan zen, bai Errepublikaren garaian, Espainiako Gorteetan legebiltzarkide izan zenean Gipuzkoatik EAJ-PNV ordezkatuz; bai erbestean eman zituen urteetan, noiz gobernuan hainbat kargu eta ardura izan zituen. 1936tik 1946ra bitartean, Jose Antonio Agirre buru zuen Euzko Jaurlaritzako Justizia eta Kultura sailburua izan zen, eta, ondoren, 1946 eta 1952 bitartean, Ogasun eta Justizia Saila kudeatu zuen. 1952an lehendakariorde kargua hartu zuen eta, 1960an, Agirre hil zenean, lehendakari izateko ardura hartu zuen.

Franco hil ondoren, erbestean jarraitu zuen Euskadiko Autonomia Estatutu berria onartu arte, eta behin hau indarrean sartu ostean bakarrik itzuli zen, 1979ko abenduaren 15ean. Bi egun geroago, Carlos Garaikoetxea Eusko Kontseilu Nagusiaren (Eusko Jaurlaritzaren aitzindaria) presidenteari utzi zion bere kargua, honela erbesteko Eusko Jaurlaritza deseginez. Hala ere, Leizaolak politikarekin lotuta jarraitu zuen, eta legebiltzarkide hautatu zuten 1980ko hauteskundeetan, 83 urte zituela. Lehendakari izandakoa 1989an hil zen Donostian, 92 urte zituela. Mendozak Leizaolaren figura nabarmendu du, azpimarratuz “euskal gizartearen gehiengoak gaur egun partekatzen dituen balio demokratiko eta humanoekin konpromiso sendoa duen borrokalari nekaezina” izan zela.

 

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman die Gipuzkoako udalei eta mankomunitateei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jardueretarako emango zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileei eta 2022rako deialdiari. Laguntza-lerro horrek 400.000 euroko aurrekontua du. Aurreko urteetan bezala, diru-laguntzen bi ildo espezifiko aurreikusten dira, lehentasunezko esku-hartze arloekin lotuta dauden proiektuei zuzendua lehenengoa eta udal-jabekuntzako guneen jarduera gisa eratuta dauden ekimenak babestea helburu duena bigarrengoa. Berrikuntza gisa, nabarmendu behar da birdefinitu egin direla erakundeek diru-laguntzen lerro horietan parte hartu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak.

Iaz, laguntza-lerro horren bidez, eremu horri lotutako 32 proiektu finantzatzen lagundu zen lurraldeko 20 udal eta mankomunitate batek bultzatuak. Adibidez, gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Arrasateko udal proiektua babestu zen, edo Donostiako Udalaren genero ikuspegia duten aurrekontuak bultzatu ziren. Mendozak azpimarratu du desberdintasuna borrokatzea dela Aldundiak defendatzen duen proiektuaren oinarria, eta horrek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egitea ere badakarrela. "Ahalegin kolektibo horretan gizarte osoak hartzen du parte, eta udalek oso rol garrantzitsua jokatu behar dute, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea baitira", adierazi du, diru-laguntzen ildo horren zergatia azaltzeko.

  

2381