Aldundiak egoitzetan bizi diren adinekoak etxera aldi baterako itzultzeko programa berraktibatu du
Aldundiak egoitzetan bizi diren adinekoak etxera aldi baterako itzultzeko programa berraktibatu du
Mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek etxera aldi baterako itzultzea eskatzen badute, ez dute plaza erreserbatzeko kuota ordaindu beharko, eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak jasoko dituzte.
Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan azaldu duenez, Foru Aldundiak egoitzetan bizi diren adinekoak etxera aldi baterako itzultzeko programa berraktibatu du. "Etxean dauden bitartean ez dute plaza erreserbarik ordaindu beharko; Gizarte Politiketako Departamentuak erreserba hori bere gain hartuko du, eta eskatzen duten familiei laguntza teknikoak eta ekonomikoak emango dizkie", adierazi du Peñak.
Diputatuak gogorarazi duenez, programa hau pandemiaren lehen oldean ere jarri zen abian, eta alarma egoera amaitu zenean bukatu zen. Orain, urriaren 25az geroztik, alarma egoera berria ezarri zenetik, berriz da abian eta alarma egoera amaitu arte egongo da indarrean. Etxera aldi baterako itzultzeko programak laguntza teknikoak eta ekonomikoak jasotzen ditu, eta helburu du "senitartekoak denbora jakin batean etxera itzultzea nahi duten familiei laguntzea eta, horretarako, laguntza teknikoa eta ekonomikoa izango dute".
Diputatuak azaldu duenez, etxean gutxienez 30 eguneko egonaldia egin beharko dute, eta egonaldia errazteko laguntza teknikoak eta diru laguntzak izango dituzte. Zentrotik irten eta hurrengo egunetik, berriro egoitzara itzuli arte, hilean 338 euroko laguntza jasoko dute 1. eta 2. mailako mendekotasuna duten pertsonek eta 424 eurokoa, 3. mailakoek. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen duten egoitza plaza publikoen eta pribatuen erabiltzaileek. Era berean, diputatuak azpimarratu du etxera itzultzea eskatzen duten pertsona guztiei plaza gordeko zaiela, eta ez zaiela kobratuko horregatik.
1532