Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak enpresei ematen dien laguntza finkatu du, sektore estrategikoei lotutako proiektu berritzaileak gara ditzaten

Aldundiak enpresei ematen dien laguntza finkatu du, sektore estrategikoei lotutako proiektu berritzaileak gara ditzaten

Diputatuen Kontseiluak teknologia kuantikoei, mugikortasun berriari eta zibersegurtasunari lotutako laguntzak onartu ditu, ia 2,3 milioi guztira.

2024/04/09
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak hainbat laguntza-deialdi onartu ditu gaur, Gipuzkoako proiektu estrategikoak bultzatzeko eta ekonomia berriaren aldeko apustua egiteko, guztiak ere lurraldeko enpresa-sareari zuzenduak, batez ere txiki eta ertainei: 950.000 euro teknologia kuantikoei lotutako proiektuetarako –‘Gipuzkoa Quantum '-; 915.871 euro mugikortasun adimenduneko eta iraunkorreko proiektuetarako –‘Smart Mobility’-; eta 363.138 euro zibersegurtasun industrialari lotutakoetarako. “Laguntza hauen bidez, gure enpresek trantsizio teknologiko handien egungo testuinguruan egiten duten ahalegina laguntzen jarraitzen dugu. Ahalegin hori funtsezkoa da gure ongizateari eusteko eta garapen ekonomikorako eta enplegurako aukera berriak sortzen jarraitzeko. Gipuzkoa buru-belarri ari da etorkizuneko ekonomia eraikitzeko gaitasunak indartzeko erronkan, indarguneak dituen sektoreak sendotuz eta eraldatuz, eta horri eutsi nahi diogu”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.

Hala, gaur onartutako lehen deialdiaren helburua da enpresek edo teknologia kuantikoekin zerikusia duten I+G unitateek gidatutako I+G proiektuak garatzen laguntzea, eta, aldi berean, horietan esperientzia duen erakunde bat inplikatzea. Bolo-bolo dabiltzan teknologia horiei esker, orain arte konpondu ezin izan diren arazoak konpondu ahal izango dira, optimizazioa, adimen artifizialaren bilakaera edo datu-kopuru handien erabilera erraztuz, ia sektore guztietan aplikazio askorekin: komunikazioetan eta enkriptazioan, medikuntzan, energian, garraioan, industrian, etab. Konputazio tradizionalak (egungo ordenagailuak) izan duen inpaktuaren parekoa izango dutela aurreikusten da.

Deialdi honek, hain zuzen ere, lurraldeko enpresa-ehunean jartzen du arreta, eta, I+G+b ekosistemako beste eragile batzuen laguntza adituarekin, teknologia horien potentziala esploratzea eta praktikan jartzea bilatzen du, proiektu zehatzak garatuz. Iaz 23 proiektu babestu ziren guztira, lurraldeko konpainia traktore eta erreferenteen parte-hartzearekin. “Gipuzkoa eta Euskadi teknologia hauek enpresara gerturatzerakoan nazioarteko abangoardiaren parte izatea nahi dugu, teoriatik praktikara pasatuz, eta oraindik bide luzea egin behar duten teknologiak diren arren, konplexutasun handikoak, gainera, programa honen emaitzak oso positiboak izaten ari dira eta itxaropentsu gaude. Hori dela eta, jarraipena emateko erabakia hartu dugu”, aipatu du bozeramaileak.

Ildo horretan, Aldundiak laster topaketa bat egingo du, eta bertan parte hartuko dute programa honen onuradunak izan diren enpresetako batzuek, haien ekimenen berri emanez eta arrakasta kasuak zabalduz. Aurreko deialdietako proiektu batzuk amaitu direnez, deialdi honetan aukera dago enpresa horiek teknologia kuantikoekin duten lotura lantzen jarraitzeko, proiektu berriak aurkeztuz. Bestalde, eta ETEek beren jarduera arlo horretara hurbiltzeko orduan aurrerapen horiek txertatzeko egin behar duten ahalegina kontuan hartuta, mota

horretako enpresentzako laguntzaren ehunekoa handiagoa izatea planteatzen da berritasun bezala. Gogoratu behar da 2023an jarri zela abian IBM-Quantum Basque Center delakoa, munduan dagoen ordenagailu kuantiko bakarrenetakoa ekarriko duela Donostiara ekimen honek, eta mugarri garrantzitsua izango dela teknologia kuantikoei lotutako ikerketa eta ekintzailetza bultzatzeko.

915.871 euroko aurrekontua duen ‘Smart Mobilty’ programari dagokionez, lurraldeko ehun ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea du helburu, bere jarduera mugikortasun berriarekin lotutako negozio-nitxo berrietara bideratuz, zehazki elektromugikortasunari, karga-azpiegiturari eta gidatze autonomoari lotutakoetara, lehendik dagoen enpresa-ehunari lagunduz, eta dibertsifikatzeko eta egokitzeko gaitasuna indartuz, erronka eta behar berriei aurre egiteko. Hiru lerro ditu: proiektu pilotuak (333.666 euro), enpresa-lehiakortasuna (130.496 euro) eta berrikuntza teknologikoa (451.709 euro). Iaz, guztira, 18 proiekturi eman zitzaien laguntza, MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Iraunkorreko Zentroarekin lankidetzan diseinatu eta garatu zirenak. Zentro horren egoitza berria Zubietan egongo da martxan da aurten.

Azkenik, gaur onartutako hirugarren dirulaguntza deialdiaren helburua da industria arloko enpresen artean zibersegurtasun arloko neurrien ezagutza eta ezarpena hobetzea, eta sektorean lan egiten duten enpresen ibilbidea indartzea, horietako asko nazio eta nazioarte mailakoak, haien hazkundea bultzatzeko eta Gipuzkoa arlo horretan lurralde aurreratu gisa finkatzen laguntzeko. Bi ildo ditu: batetik, enpresetako zibersegurtasun industrialaren analisiak babesteko, Europar Batasunak 2026tik aurrera eskatuko dituen beharrezko ziurtagiriak lortzeko laguntza barne hartuta; eta, bestetik, gailu industrialak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresak, diseinutik zibersegurtasuna inplementatzea sustatzeko eta beren produktuen segurtasuna laborategi industrialetan probatzeko aukera eskura jartzeko. 2023an 31 ekimen babestu ziren guztira.,

Goi mailako talentu zientifikoa

Era berean, gaurko Kontseiluak argi berdea eman dio 2024ko Fellows programari. Programa horren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten eta nazioartean garrantzia duten ikerketa-taldeetan esperientzia duten goi mailako ikerlariak Gipuzkoako ikerketa-taldeetan sartzea, haien maila zientifikoa handituz. Bi jarduera ditu, 480.000 euroko diru kopuruarekin: batetik, talentua erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroekin bate gin dezaten; eta, bestetik, talentua atxikitzea, zentro horiek ikerlariak beren lantaldeetan mantentzerakoan babestuz –hiru urtera arte-. 2000. urtetik, programa abian jarri zenetik, 58 talentu zientifiko erakarri dira Gipuzkoara, horietatik 26 emakumeak, lurraldeko 11 ikerketa-zentro eta unibertsitatetara.

“Transferentzia teknologikoa funtsezkoa da gure lehiakortasuna bermatzeko eta Gipuzkoa egiten ari garen etorkizuneko apustuetarako hainbat arlotan, hala nola biozientzietan/osasunean, ekonomia berdean, teknologia kuantikoetan edo fabrikazio aurreratuan. Baina aurreko urratsa transferentzia hori ahalbidetuko duen ezagutza aurreratua sortzea da, eta ezagutza hori zientziak eta ikerketak ematen digute. Programa honekin gure I+G sarean giza kapital ikertzailearen bikaintasuna eta kualifikazioa handitzen dugu, goi mailako fitxaketen eskutik”, gogorarazi du Berasaluzek.

Lurralde-oreka berdea

Azkenik, gaurko bilkuran, Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren beste bi deialdi garrantzitsu onartu dira. Lehenengoa lurraldeko landa-bideetarako laguntzak dira, 1.300.000 euroko gastua aurreikusten duena, udalei eta toki-erakundeei zuzenduta, azpiegitura horiek eraikitzeko eta kontserbatzeko baliabideak izan ditzaten: asfaltatzea edo hormigoiztatzea, konpontzea, egokitzea, uhinak jartzea, sarbideak seinaleztatzea.... Iaz, deialdi honen bidez, 50 herritako 61 landa-bide hobetzeko laguntzak eman ziren, 68 kilometrotan lanak egin zirelarik. 3.360 kilometroko sarea osatzen duten Gipuzkoako erabilera publikoko landa-bideak hobetuz, landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetu eta lehen sektorearen garapena bultzatu nahi da, irisgarritasuna eta garraioa oro har erraztuz.

Dirulaguntzen bigarren deialdia landa-garapeneko proiektuak bultzatzera bideratutakoa da, 800.000 euroko zuzkidurarekin. Dirulaguntza hauen helburua da Gipuzkoako landaguneen garapen integralean eta ekonomia sustatzen laguntzea, lehen sektorea bultzatzearekin lotutako hainbat jarduera ekonomikoki babestuz – tokiko merkatuak sustatzea, makineria eta ibilgailuak erostea, zerbitzuak modernizatu eta digitalizatzea –, bai eta ostatuetara, gizarte- eta kultura-zerbitzuetara, kirol ekipamenduetara, elektrifikaziora eta energiaren hornidurara bideratutako inbertsioak ere. Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Gipuzkoako udal eta toki entitate txikiek, Landa Garapenerako Elkarteek, eta lehen sektoreari eta bertako landa biztanleriari zerbitzuak emateko helburua duten eta beren proiektuak lurraldean egiten dituzten nekazaritza elkarte eta kooperatibek.

  

1962