Aldundiak eta Arrasateko Udalak beren estrategiak elkartu dituzte Debagoieneko ekonomia bultzatzeko
Aldundiak eta Arrasateko Udalak beren estrategiak elkartu dituzte Debagoieneko ekonomia bultzatzeko
Foru gobernuak 3,7 milioi euro inbertitu zituen 2016an, eskualdeko enpresei bultzada emateko
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Arrasaten izan da gaur, bertako alkate Maria Ubarretxenaren eskutik udalerrian dituzten proiektuak eta erronkak bertatik bertara ezagutzen. Eskualdean erreferente diren enpresa batzuk bisitatu ondoren, bi erakundeen estrategia ekonomikoak elkartzea adostu dute bi politikariek, ekonomiari bultzada ematearren Debagoieneko eskualdean, non sektore industrialak ekonomiaren ia %40 hartzen baitu. “Enpresak arnas pìxka bat hartzen hasita daude krisi ekonomiko gogor honetan eta, horregatik, oso garrantzitsua da erakundeok babesa ematea etorkizunaren oinarriak ezartzen ari diren enpresei”, adierazi du diputatu nagusiak.
Olanok gogorarazi duenez, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak 3,7 milioi inbertitu zituen Debagoieneko enpresetan berrikuntza eta fabrikazio aurreratua bultzatzeko. Gainera, 90.000 euroko proiektu bat jarri zuen abian, eskualdean talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko. “Debagoieneko enpresak dira Gipuzkoaren motorraren zati garrantzitsu bat eta, beraz, horien osasuna bermatzeak berebiziko garrantzia du gure lurralde osorako”, azpimarratu du.
Alkateak ere ildo beretik hitz egin du eta nabarmendu du garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza sendotzea, “Debagoieneko enpresa, unibertsitate eta zentro erreferente guztien onurarako izango baita”.
Diputatu nagusiarekin eta alkatearekin izan dira, baita ere, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko foru diputatu Ainhoa Aizpuru eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbide. Egunean zehar hainbat enpresa eta instalazio bisitatu dituzte, besteak beste, Ausolan kooperatiba, diseinugintzan espezializatutako 3D Ekide enpresa, OTALORA zentroa eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa. Lanako bidegurutze ingurura ere bertaratu dira, han errotonda bat egingo baita aurki. industrialdeko trafikoak arintzeko. Oiarbide diputatuak adierazi duen bezala, lanak uztailean hasiko dira eta 2018ko hasieran amaituko dira. Aldundiak 400.000 euro jarriko dituela eta Udalak gainerako 200.000 euroak jarriko dituela erantsi du.
“Gaurkoa bezalako bisiten bitartean, lehen eskutik ikus ditzakegu Gipuzkoako udalerritan dauden behar eta erronka nagusiak. Gaurkoa oso egun emankorra izan da eta seguru nago proiektu eta elkarlan gehiagoren abiapuntua izango dela”, esanez emaitu du Olanok.
1774