Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta Batzar Nagusiek mahai politikoa osatu dute batera heltzeko Covid-19ren erronkei

Aldundiak eta Batzar Nagusiek mahai politikoa osatu dute batera heltzeko Covid-19ren erronkei

Lan-taldeak gaur egin du lehen bilera Aldundian, pandemiaren ondorioen diagnostikoa egiteko.

Etorkizuna Eraikiz-en baitan lan-taldea osatu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusietako taldeen ordezkariek, Covid-19aren krisiaren aurrean lurraldeak izango dituen erronkei aurre egiteko. Ordezkariak gaur elkartu dira lehen aldiz. Lehenengo zeregina izango da Gipuzkoako pandemiaren berehalako ondorioei buruzko egoeraren diagnostikoa egitea eta etorkizun hurbilerako lan-ildoak zehaztea, bai eta ondorio sozial, ekonomiko eta politikoei buruzko egiturazko diagnostikoa egitea ere. Hori burutu ondoren, taldeak hurrengo hamarkadarako gizarte-, ekonomia- eta politika-arloko funtsezko erronkak ezarriko ditu, eta lurraldearen etorkizuna garatzeko lan-ildo nagusiak eta proiektu estrategiko posibleak jarriko ditu mahai gainean.

 Bileran formatu presentziala eta telematikoa uztartu dituzte. Foru erakundearen ordezkari nagusi gisa parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio diputatuorde nagusiak eta Eider Mendoza diputatuak; Xabier Ezeizabarrena eta Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Juan Carlos Izagirre eta Estitxu Elduaien (EH Bildu), Susana Garcia eta Alberto Albistegui (PSE-EE), Maria Valiente eta Arantza Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU), eta Juan Carlos Cano eta Alex Saenz, berriz, izan dira BBNNetako indar politikoetako ordezkariak.

Izan ere, gaur bidea hasi duen lan-talde nagusia Foru Aldundiko hiru ordezkarik eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi bakoitzeko bi ordezkarik osatzen dute. Lan-organo nagusia izango da, eta egingo den lan guztiaren diseinuaz, prozesuaz eta ondorioez arduratuko da. Hala ere, prozesuan zehar, adituen, gizarte antolatuaren eta gizarte zibilaren ordezkarien edo bestelako solaskide instituzional eta sozialen parte-hartzea ahalbidetu ahal izango du, elkarrizketan eta deliberazio-prozesuetan sakontzeko. Gainera, gizartearekin bilerak proposatu ahal izango ditu, hainbat gairi buruz hitz egin ahal izateko, eta berariazko txostenak eta/edo azterlanak eskatu ahal izango ditu, deliberazio-prozesuan sakontzeko.

Lan-prozesuak bi urteko iraupena izango duela aurreikusi da. Lan-talde nagusia maiztasunez bilduko da. "Covid-19ak sekulako eragina izan du gure gizartearen eremu guztietan, eta, zehazki, erronka erabakigarria dugun desberdintasunen aurkako borrokan. Hori horrela, elkarrekin ekin behar diogu bai egungo egoeraren azterketari, bai gure etorkizuna eraikitzeko oinarri izan nahi ditugun ekintzei ", laburbildu dute ordezkariek.

  

1856