Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak Gipuzkoako etorkizuneko erronkak elkarrekin garatuko dituzte

Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak Gipuzkoako etorkizuneko erronkak elkarrekin garatuko dituzte

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta José María Guibert Deustuko Unibertsitateko erretoreak lankidetza hitzarmena berritu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak beste urte batez luzatu dute beraien arteko lankidetza hitzarmena. Haren bidez, bi erakundeok konpromisoa hartzen dute Lurraldearen etorkizunerako mesedeko diren programa estrategikoak garatzen jarraitzea. Lankidetza eta koordinazio marko bat ezartzen da foru erakundearen eta unibertsitatearen artean, Aldundiak bultzatzen dituen politika publikoen ikerketa, prestakuntza eta azterketa sustatu eta garatzeko. Horrela,  unibertsitatea sartzen da hausnarketa, eztabaida eta dibulgazio prozesuan, hartara Gipuzkoaren gaitasuna sendotzeko etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Markel Olano Gipuzkoako  diputatu nagusiak eta José María Guibert Deustuko Unibertsitateko erretoreak sinatutako akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako egin duen Kudeaketako Plan Estrategikoan kokatzen da. Bertan, helburu nagusiak, ildo estrategikoak eta jarduera ildoak ezartzen dira. Helburu eta lehentasun horiek lortzeko, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du herritarren partaidetza, betiere gobernantza ireki eta lankidetzazko batean. Lankidetza marko horren barruan, garrantzi berezia du Etorkizuna Eraikiz programak. Diputatu nagusiaren lidergoarekin, programa horrek lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkak identifikatu eta aurre egin nahi die.

Orobat, Kudeaketako Plan Estrategikoak suspertze ekonomikoa sendotu nahi du, eta ongizate eta kohesio sozialaren eredua indartu nahi du. Helburu hori lortzearren, Aldundiak eta Unibertsitateak Ekonomia Suspertzeko Laguntza Plan bat garatuko dute. Horrekin, Gipuzkoaren lehiakortasuna, iraunkortasuna eta kohesioa handitu nahi dira.

Markel Olanok nabarmendu du eta eskertu du Deustuko Unibertsitateak Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoa Lab proiektuetan parte hartzea. Bertan, lurraldeko beste eragile askorekin batera, lan ildoak identifikatzen ari dira eta esperientzia pilotuko proiektuetan parte hartzen dute, langileen partaidetza edota bateragarritasun erantzunkidea bezalako esparrutan, haiekin Gipuzkoak etorkizunari begiratuko baitio.

  

1431