Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta Eibar Kirol Elkarteak sustatutako futbol inklusiboaren proiektuak bere kirol ibilbideari ekingo dio

Aldundiak eta Eibar Kirol Elkarteak sustatutako futbol inklusiboaren proiektuak bere kirol ibilbideari ekingo dio

Proiektuak talde bat du Genuine Ligan, desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatzen dituzten taldeen lehiaketan (azaroaren 16an hasiko da), eta beste talde bat garun-paralisia duten pertsonek osatutakoa, Gipuzkoan dagoen ezaugarri horietako talde bakarra.

2018/11/07

Denis Itxaso Kultura eta Kirol departamentuko diputatuak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko lehendakariak ofizialki aurkeztu dute foru erakundeak eta Eibar Kirol Elkarteak sustatutako futbol inklusiboaren taldea. Proiektu horri esker oinarrizko eskolak sortu dira desgaitasun intelektuala eta gurun-paralisia duten pertsonentzako, Eibar eta Gipuzkoaren babespean goi mailan lehiatzeko aukera ematen dien kirol ibilbidea bermatua izan dezaten; horrela, alde batetik, talde batek Genuine Ligan lehiatuko du, desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatzen dituzten taldeen lehiaketan (azaroaren 16an hasiko da), eta, bestaldetik, garun-paralisia duten pertsonek osatutako talde bat sortu da, Gipuzkoan dagoen ezaugarri horietako talde bakarra. Kirolgi fundazioko Ander Romaratek zuzentzen du proiektua; kirolari horrek Londreseko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta, gaur egun, Eibar Kirol Elkarteko futbol inklusiboaren zuzendari da, Gipuzkoako eliteko kirolarien hurrengo egunari arreta jartzen dion Kirolgi programaren barruan.

 

Denis Itxasok azpimarratu duenez, garrantzitsua da Eibar Kirol Taldeak bezalako klub batek, bere Fundazioaren bitartez, horrelako ahalegin handia egitea Gipuzkoako kirolean inklusioa eta aukera berdintasuna lortzeko eta, halaber, funtsezko laguntza da kirola Gipuzkoako herritar guztiengana iristeko, bereizketarik gabe; horren adibide argia futbol inklusiboaren proiektu hau dela dio diputatuak, horrela foku garrantzitsu bat sortzen delako Gipuzkoan ezaugarri horiek dituzten kirolarientzat, betiere kontuan hartuta garun-paralisia duten pertsonek osatutako lehen taldea dutela.

 

Ekimen honen lehenengo pausoak martxoaren hasieran eman ziren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiaren ildo estrategikoetako bat da, zeinak xede baitu jarduera fisikoa eta kirola herritar guztien artean sustatzea eta gizarte osasuntsu, berdinzale eta inklusibo baten aldeko bere konpromisoa egiaztatzea eta berritzea.    Lehiaketa hastearekin eta taldeak Genuine Ligan parte hartzearekin, azken hilabeteotan egindako lanaren fruituak jasotzen ari dira eta, halaber, helburu garrantzitsu bat betetzen da, hau da, desgaitasun intelektuala duten kirolariez osatutako talde batek, kirola egiteaz gain, antolatutako futbol lehiaketa batean parte hartu ahal izatea.

 

Beraz, proiektu horri esker, Gipuzkoa futbol egokituaren erdigunean kokatzen da, bai errendimenduari eta bai parte-hartzeari dagokionez, kirolari bakoitzak aukera izango duelako bere nahi eta beharrei egokitzen den ibilbidea hautatzeko.

  

1932