Aldundiak eta Gautenak Artolamendi eguneko zentroa abuztuan ere irekiko dute
Aldundiak eta Gautenak Artolamendi eguneko zentroa abuztuan ere irekiko dute
TEA duten pertsonen familien zaintzan laguntzeko. Eta abuztuan ere 7 plaza irekiko dituzte Goizalde etxebizitzan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gautenak (Gipuzkoako Autismo elkartea) Donostian dagoen Artolamendi eguneko zentroa abuztuan ere irekiko dute, lehenengo aldiz, autismoren espektroko nahasmendua duten pertsonen (AEN edo TEA) garapen pertsonala sustatzeko eta haien familiei zaintza lanetan laguntzeko. Orain arte zerbitzu hau abuztuan itxita egon izan da, baina Foru erakundeak eta Gautenak sinatutako hitzarmenari esker, 20 plaza dituen eguneko zentro hori abuztuaren 20tik 31ra egongo da irekita, goizeko 9tatik 15:30etara, 20 eta 64 urte bitarteko pertsonentzat zuzenduta, hain zuzen ere.
Gure lurraldean, ehun pertsonen artean bostek aniztasun funtzionala dute, eta horietatik batek TEA du. “Gipuzoan guztira 3.500 pertsona inguru daude egoera horretan. Hori dela eta, Foru Aldundian lankidetzan ari gara Gautenarekin, pertsona horiek bizitza normal bat egin dezaten, arlo guztietan, gainera; osasunean, heziketan, lanean, eta baita etxebizitzetan ere”, nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizean egindako erakunde bisitan, Berio auzoko Artolamendi zentrora, lagun izan dituela Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Juan Félix Palacios, Gautenako presidenteordea.
Era berean, hitzarmen berari esker, TEA duten pertsonak etxean izateko eta familiei zaintzan laguntzeko helburuarekin, aurtengo abuztuan etxebizitzetan ere 7 plaza gehiago irekiko dira Goizalde egoitzan, Donostian. Gautenak eskaintzen dituen etxebizitza plazak guztira 78 dira guztira; eta 365 egunetan irekita, aldiz, 57 plaza dira.
Egun, Foru Aldundiak Gautenarekin duen hitzarmenari esker, elkarteak 113 plaza ditu eguneko zerbitzua emateko, lau zentrotan banatuta: 3 Donostian, eta 1 Errenterian. Eguneko zentro hauek aniztasun funtzionala daukaten pertsonen artean TEA dutenei daude zuzenduta. Hala, zerbitzu honek desgaitasuna duten pertsonei banakako arreta integrala eskaintzen die egunean zehar, autonomia pertsonala hobetzeko edo mantentzeko, pertsona horiek dituzten muga funtzionalak konpentsatzeko, eta ohiko zaintzaileei laguntza emateko.
Aipatutako etxebizitza zerbitzuaz gain, beste zerbitzu hauek ere ematen ditu elkarteak: familientzako laguntza eta elkarte ekintza zerbitzua. Horiei esker hainbat programa ditu abian, besteak beste, asteburuetakoak, egonaldi laburrak, aisia eta denbora librekoak, eta TEA duten autonomia handiko pertsonei laguntzekoak.
Gautena: laguntza 800 lagunentzat
Gautena, autismoaren nahasmena duten pertsonen familien elkartea, 1978an sortu zuten. Hasieratik, publikoarentzat zerbitzua izan zedin egin zen lan, Gautenak aurkezturiko proposamenekin Administrazio Publiko eskudunen adostasuna bilatuz eta unean uneko adostasun zientifikoa oinarri hartuz.
Gaur egun, Gautenak Gipuzkoako 800 lagun baino gehiagori ematen die laguntza, eta duela bi urte Europako Parlamentuak ematen duten Europako Hiritar Saria jaso zuen. 240 profesionalek osatzen duten lantaldea du elkarteak, eta 10 milioi euroko aurrekontua. Gautenak kudeatzen dituen zerbitzuen artean honako hauek daude: diagnostiko eta tratamendu zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzaren Osasun Departamentuarekin hitzartuta); hezkuntza zerbitzuak, 98 ikasle eta 19 gela ohiko eskoletan integratzen dituztenak (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Departamentuarekin itunduta), eta aipatutako eguneko arreta zerbitzua.
Amaitzeko, diputatu nagusiak ezagutzera eman du lurraldean aniztasun funtzionala duten 51.332 lagun daudela (Gipuzkoako biztanleen % 7,14), horietatik 24.473 64 urtetik beherakoak direla (populazioaren %5,59 adin tarte horretan). Horiek horrela, Olanok nabarmendu du Foru Aldundiak duen “konpromisoa” aniztasun funtzionala duten pertsonekiko. Eta azpimarratu du Aldundiak 86,17 milioi euroko inbertsioa egin du arlo horretan, zehazki, Gizarte Politikako Departamentuak 2018rako duen aurrekontuaren % 23,70 (aurrekontu hori 378,9 milioi eurokoa da).
“Aldundian, Gipuzkoa indartsu, solidario eta ekintzaile baten alde ari gara lanean, gure lurraldea ere halakoa delako”, azpimarratu du diputatu nagusiak, eta horren harira balioan jarri du hirugarren sektorearen “lan bikaina ongizatea eta gizarte kohesioa lortzeko”. Eta gaineratu duenez, Gautena bezalako elkarteak kide “estrategiko eta kualitatiboak” dira, beraien inguruan “ekintza solidario gehiago” sorrarazten dutenak, gainera. Horra hor, “Marea urdina” bezalako ekimena, aurtengo udan Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatzen ari dena, “autismoa ikusgarri egiteko, kontzientziazio lana egiteko eta sozializazioa sustatzeko”, amaitu du Olanok.
2154