Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetza finkatu dute ETEen nazioarteko dibertsifikazioa indartzeko

Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lankidetza finkatu dute ETEen nazioarteko dibertsifikazioa indartzeko

Jabier Larrañagak eta Pedro Esnaolak hitzarmena sinatu dute, eta, horren bidez, sei lan-ildo eta ekintza espezifiko jarriko dira abian.

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak lurraldeko ETEen nazioarteko dibertsifikazioa sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Horren bidez, foru erakundeak 456.000 euroko laguntza emango dio Ganberari sei lerro eta ekintza espezifiko biltzen dituen eta 80 enpresari laguntzea aurreikusten duen ekintza plan bat garatzeko. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak eta Bazkundeko presidente Pedro Esnaolak akordio bat sinatu dute gaur, eta bi eragileek honako konpromiso hau berretsi dute: "Lanean jarraitzea gure sare ekonomikoaren nazioartekotzea sendotzeko, batez ere gure ETEena, eta, horrela, susperraldi ekonomikoa bizkortzea pandemiaren eraginaren ondoren".

Sinatutako hitzarmenak eutsi egiten die Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko iaz txertatutako bi ekimen berriei: 'Gipuzkoa Zabaltzen' eta 'Industrial Excellence'.  ‘Gipuzkoa Zabaltzen’ ekimenak berariaz lagunduko die enpresa txiki eta ertainei, pandemiaren ondoriozko nazioarteko merkatuen konplexutasunaren aurrean, aukera izan dezaten esportazioak dibertsifikatzeko eta beste merkatu batzuetara berriz bultzatzeko, bereziki Europar Batasunetik kanpo. Programak tresna arin eta objektiboa emango die enpresei, nazioartean erabakiak hartzeko. Adituen aholkularitzaren bidez, nazioarteko dibertsifikazio-estrategia ezarriko da, eta, ondoren, xede-merkatu berriak aztertu eta lehenetsiko dira. Hori guztia enpresa bakoitzarentzat prestatutako epe labur eta ertaineko ekintza plan batean zehazten da.  'Gipuzkoa Zabaltzen' ekimena nazioarteko merkatuetan presentzia duten, bezero diren merkatu jakin batzuetan arreta handia jartzen duten eta beren merkatuak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko ahalmena duten ETEei zuzenduta dago.

'Industrial Excellence', bestalde, programa pilotu bat da, industria arloko Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna sustatzen duena bere sektorean, toki eta nazioarte mailan, erreferente diren bezeroen aurrean. Horretarako, nazioarteko bezeroek antolaketari, teknologiari eta merkataritzari dagokienez eskatzen dituzten trebetasunak eta gaitasunak egiaztatzen dituen ziurtagiri bat abian jartzen du. Parte hartzen duten enpresak banan-banan ebaluatzen dira, jakin ahal izan dezaten zer posizionamendu duten nazioartean aitzindariak diren enpresetako erosketa-arduradunen itxaropenen aurrean. Gipuzkoako Bazkundeak egiaztagiri bat emango die antolaketa, teknologia eta nazioarteko merkataritza trebetasunetan gaitasun nahikoa lortzen duten enpresei. Egiaztagiriak hirugarrenen aurrean egiaztatuko du jasotako kalifikazioa.

Era berean, Aldundiak eta Bazkundeak beren lankidetzaren esparruan lehendik garatzen zituzten baterako programei eutsiko diete, hala nola 'Lagundex'. Zerbitzu horren helburua da ETEei aholkularitza ematea nazioarteko eskaintzak egiterakoan, arrakasta-ratioa hobetze aldera.  Gipuzkoako ETEei aholkularitza eskainiko zaie hainbat eremutan (merkatuak, finantzak, legeak, zergak edo eremu teknikoa), beren eskaintza merkatura eta enpresaren ezaugarrietara egokitzeko, betiere, gure ETEek merkatu ezezagunetan hartu behar dituzten arriskuak mugatuz.  Gainera, programa honek beste lerro bat dauka, Lagundex Operacional izenekoa. Bertan aztertzen dira parte hartzen duten enpresen aduanako prozedurak eta nazioarteko dokumentazioa, eta gomendioak ematen dira nazioarteko operatiboan hobekuntzak eta eguneratzeak egiteko, gainkostuak edo atzerapenak saihesteko administrazio-izapideak arinduz.

Era berean, eta BIC Gipuzkoaren laguntzarekin, oinarri teknologikoko enpresa berrien (OTEB) nazioarteko merkataritza garapena bultzatuko da. Programak enpresa horien nazioartekotze goiztiarra bultzatzen du, eta, horretarako, plan espezifiko bat ezartzen du enpresa bakoitzarentzat, plan horren hedapenerako eta jarraipenerako laguntza eskainiz lehenengo urtean.  Azkenik, enpresa- eta erakunde-misio bat egingo da, alde batetik, enpresei nazioarteko estrategian eta merkatu interesgarri baterako hasierako hurbilketan lagundu eta babesa emateko, eta, bestetik, Gipuzkoarentzat estrategikoak diren sektoreetan nazioarteko esperientzia berritzaileak ezagutzeko.

Balantze ona

Aldundiak eta Bazkundeak positiboki baloratu dituzte lankidetza horren esparruan azken urtean egindako ekintzak, 82 enpresari laguntzeko aukera eman dutenak.  Jabier Larrañagak azpimarratu duenez, "ekonomia indartsua izatea da gure ongizate sistemari eusteko eta desberdintasun maila txikiena duen Europako lurraldeetako bat izaten jarraitzeko giltza. Gure jarduera ekonomikoa indartzea gure gizarte-kohesioa indartzearen sinonimoa da.  Eta, horretarako, gero eta enpresa gehiago izan behar ditugu mundura irekita eta kanpoko merkatuetan lehiakor. Lurralde industriala eta esportatzailea gara, eta horrela izaten jarraitu nahi dugu". Diputatuak gogorarazi du Gipuzkoako esportazioak % 11,9 hazi direla 2021eko lehen lau hilabeteetan, aurreko urtearekin alderatuta; eta eskatu du jarraitzeko "ahal diren aukera guztiak aztertzen kanpoan dugun presentzia handitzeko, funtsezko erronka baita egungo jarduera eta enplegua sendotzeko eta negoziorako eta kalitatezko enplegurako aukera berriak sortzeko.  Bazkundea balio handiko aktiboa da bide horretan, nazioarteko errealitatea ezagutzen duelako eta enpresekiko hurbiltasuna duelako". 

Bestalde, Pedro Esnaolak azpimarratu duenez, "digitalizazioari, egindako lanari eta gure enpresek azkar egokitzeko duten gaitasunari esker, azken urte honetan, mugitzeko aukerarik ez izan arren, jarraitu ahal izan dugu gure enpresak nazioartekotzeko lanean, eta kontratuak itxi ahal izan ditugu maila globalean. Hala ere, Gipuzkoako enpresak nazioartekotzen jarraitu behar dugu, eta aukerak bilatu behar ditugu hazkunderik handiena izatea espero den herrialdeetan.  Egoera horretan, bereziki egokia da Aldundiak enpresen atzerriko merkataritza-ekintza sendotzeko egindako ahalegina, susperraldi ekonomiko azkarragoa izaten lagunduko baitu".

  

1998