Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Urretxuko herritarrak

Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Urretxuko herritarrak

Etorkizuna Eraikiz kapsula Urretxun izango da egun osoan.

Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fase honetan geldialdi berri bat egingo du aste honetan, Urretxun hain zuzen ere. Gaur goizean, kapsula herrira iritsi da, bertakoek lurraldearen etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz “Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu. Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten, eta denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara”, azpimarratu du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak.
 
Mendozak Urretxun bisitatu du kapsula, Jon Luqui, Uretxuko alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak. 
 
Kapsula Urretxuko Gernikako Arbola plazan jarri da eta 10:00 etatik 19:00 etara egongo da zabalik. “Alde batetik Lurraldea egun nolakoa den kontatzen diegu kapsularen baitan, zeintzuk diren Gipuzkoako ezaugarri eta balore nagusiak. Eta ariketa bikoitza egitea eskatzen diegu haiei, alde batetik, 2040ra begira, hau da, hemendik 20 urte barru nolakoa nahiko luketen Gipuzkoa izatea. Eta aldi berean, konpromezu bat hartzeko eskatzen diegu,  zein ekarpen egiteko prest dauden, ekarpen guztiek fruitua ematen bai dute ondoren, eta fruitu horri esker gaur egun, eta baita gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu dira”. gogoratu du Mendozak, herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratuz. Dinamika horren helburua da, halaber, herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea. 
 
Bestalde, Jon Luqui Urretxuko alkateak nabarmendu duenez, " Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Gipuzkoaren eta Urretxuren etorkizunerantz urratsak ematen jarraitzeko. Azken urte hauetan ikasi dugu zein garrantzitsua den administrazioek kudeatzen dituzten lurraldeetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan edo Urretxun, aplikatzen dituzten politiken diseinuan parte hartzea. Lehenik eta behin, gure erkidegoa helburu batzuetara bideratu nahi badugu, horretarako eskubidea eta betebeharra dugulako. Gero eta herritar aktiboagoak ditugu, eta gure lanaren parte da haien parte-hartzea erraztea. Eta, bigarrenik, helburu horiek partekatu egin behar direlako, baldin eta ulertzen badugu gure etorkizun komuna batera diseinatzeak gure herritarrei entzutea eta adostasun zabalak bilatzea eskatzen duela, kudeaketa eraginkorra ahalbidetzeko, bai epe laburrean, bai epe ertainean.
 
Urretxun, 2021a izan den urte atipiko honetan, sei partaidetza-prozesu ireki ditugu, eta horietatik hiru partaidetza-organo egonkor bihurtu dira: 65 urtetik gorakoentzako talde bat, neska eta mutil nerabeentzako Piztu mahaia eta Sarralden hirugarren bat, musika-taldeekin. Gainera, beste hiru prozesu egonkor daude, urtero errepikatzen direnak aurrekontuetarako, jaietarako eta euskara sustatzeko.
Hala eta guztiz ere, prozesu puntualak gauzatzen ditugu proiektu berri bat hasten dugun bakoitzean, hirigintzakoa edo bestelakoa izan. Hala izan da Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, plazetako eta aparkalekuetako obrekin, eta orokorrean egiten ari da. Egia esan, gaur egun pentsaezina da beste modu batera egitea".
 
Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fasea amaitu ondoren, 21 udalerri eta 4 unibertsitate bisitatu ondoren, jasotako ekarpenak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dira. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lan egiten du, hainbat ekimenen bidez, hala nola, erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.
 
Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: ekimen honek herritarren parte-hartzeak eta lankidetzak lurraldearen beharrak konpontzeko duten garrantzia jasotzen du. “Gipuzkoa oso azkar hasi da aldatzen, etengabeko aldaketa prozesu baten aurrean gaude, eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena… bai eta gizartearen parte-hartzea ere.
Itzuli berri honek interes berezia jarri du gazteengana hurbiltzeko, haiekin lotura sortzea helburu hartuta, eta Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan ahotsa emateko, haien kezkak, proposamenak eta gogoetak zeintzuk diren ikertuko dira. Horrela, herriko ikastoletako ikaslean gerturatuko dira haien ekarpenak egitera. "Kapsularen oinarria herritarren parte-hartzea sustatzea da, guztion artean adostutako etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko; Gipuzkoako gazteengana hurbildu nahi dugu, etorkizunerako dituzten kezkak eta proposamenak gertutik ezagutzeko", azpimarratu du Mendozak
  

1840