Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Gipuzkoako lanbide-heziketako bederatzi ikastetxe saritu ditu ekonomia zirkularrarekin duten konpromisoagatik

Aldundiak Gipuzkoako lanbide-heziketako bederatzi ikastetxe saritu ditu ekonomia zirkularrarekin duten konpromisoagatik

"Ekonomia zirkularra modelatuz" erakusketak Gipuzkoako lanbide-heziketako ikastetxeen lagin bat jasotzen du. Sormenagatik eta jasangarritasunarekiko konpromisoagatik nabarmentzen da, material birziklatuak arte bihurtzen dituzten proiektuen bidez, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan.

2024/11/22
Modelando la Economía Circular

José Ignacio Asensio: “Hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzea funtsezkoa da baliabideak modu eraginkor eta arduratsuan kudeatuko dituen etorkizuna eraikitzeko. Ekimen horrek kontzientzia ekologikoa sustatzen du eta gure gazteei beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak izango diren trebetasunak garatzeko aukera ematen die, jasangarritasunera gero eta gehiago bideratutako sektoreetan”.

Sormena eta jasangarritasunarekiko konpromisoa izan dira protagonista nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren “Ekonomia Zirkularra Modelatuz” ekimenaren seigarren edizioko sari-banaketan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Edizio honetan, Gipuzkoako lanbide-heziketako bederatzi ikastetxe aintzatetsi dira ekonomia zirkularra sustatzen egindako lan nabarmenagatik, material birziklatuak dituzten eskultura berritzaileak sortuta.

Donostiako Okendo plazako 'GK Recycling' karpan egindako ekitaldian, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak aintzatespena eman die ingurumen-hezkuntzarekin eta ikasleen artean praktika jasangarriak sustatzearekin aparteko konpromisoa erakutsi duten ikastetxeei. Hauek izan dira sarituak: Irungo Mendibil Prestakuntza Zentroa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Mutrikuko Kardala, Zarauzko Oteitza Lizeoa, Elgoibarko Meka Lanbide Eskola, Tolosako Peñascal, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa, Hernani Lanbide Heziketa eta Oñati BHI.

Ekitaldi honek balioa eman dio Gipuzkoako gazteen sormenari, eta ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu du, garapen-eredu jasangarriago baterantz aldatzeko motor gisa. Beren eskulturen bidez, ikasleek birziklatutako materialak pieza artistiko bihurtu dituzte, eta erakutsi dute hondakinak baliabide eta produktu berri bihur daitezkeela.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok bere hitzaldian nabarmendu du honelako proiektuen garrantzia, gazteak gizarte jasangarriago bateranzko eraldaketan inplikatzeko. “Hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzea funtsezkoa da baliabideak modu eraginkor eta arduratsuan kudeatuko dituen etorkizuna eraikitzeko”, adierazi du. “Gipuzkoako gazteak, beren sormenaren bidez, erakusten ari dira birziklapena eta berrerabilpena tresna indartsuak direla ingurumen-erronkei aurre egiteko. Ekimen horrek, kontzientzia ekologikoa sustatzeaz gain, ikasleei beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak izango diren trebetasunak garatzeko aukera ematen die, jasangarritasunera gero eta bideratuago dauden sektoreetan”. Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela “Gipuzkoako etorkizuneko belaunaldiak prestatuta egotea, ingurumena zaintzeaz gain, gure lurralderako enplegu- eta berrikuntza-iturri izango den ekonomia zirkularrean parte hartzeko”.

Ekonomia zirkularra zutabe estrategikoa da lurraldearen jasangarritasun-politikaren barruan, hondakinak baliabide bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko. Gipuzkoan, gaur egun, 6.500 enplegu baino gehiago eta 1.425 milioi euroko fakturazioa ditu sektore horrek, eta horrek indartu egiten du iraunkortasunak tokiko garapen ekonomikoari egiten dion ekarpena.

"Ekonomia zirkularra modelatuz" erakusketa artistikoa da, eta bizitzaren alderdi guztietan jasangarritasuna integratzearen garrantziari buruz hausnartzeko aukera ematen du, hezkuntzatik hasi eta industria-ekoizpenera arte. Ekimena beste urrats bat izan da ingurumena babesteko komunitate kontzienteago eta aktiboago bat sortzeko.

  

3121