Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak gizarte eta ekonomia eragileekin batera aztertuko ditu 2023-2027 Plan Estrategikorako lehentasunak

Aldundiak gizarte eta ekonomia eragileekin batera aztertuko ditu 2023-2027 Plan Estrategikorako lehentasunak

Ikasturte politikoaren lehen agerraldian, enpleguaren sorreran, familien ekonomiaren babesean eta gizarte politiken bultzada berritzailean jarri du arreta Eider Mendoza diputatu nagusiak

Gobernu kontseilua

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, agerraldia egin du gaur goizean Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak ikasturte politikoaren hasieran egindako lehen bileraren ostean, foru gobernuaren kudeaketaren azken mugarrien berri emateko eta hiru foru zuzendari berriren izendapenak ezagutzera emateko. Mendozak jakinarazi du bilerei ekin diela Gipuzkoako ehun ekonomiko eta sozialeko ordezkariekin, 2023-2027 Plan Estrategikoa gidatuko duten lehentasunak eta helburuak partekatu eta ekarpenak jasotzeko. Plan hori "funtsezko tresna" da kudeaketa "eraginkorra, gardena eta aurreratua" bermatzeko eta foru erakundeak legegintzaldi honetan izango duen "ibilbide-orria" ezartzeko.

"Dagoeneko aurreko legegintzaldietan identifikatutako erronkak ditu aurrean Gipuzkoak, baina baita aurre egin beharreko errealitate berriak ere", adierazi du ahaldun nagusiak, eta, aurreikusitako lehentasunen artean, nabarmendu ditu "enplegua eta kalitatezko lanpostuak sortzea eta sustatzea", "familien ekonomia babestea" eta, lurralde osoan hedatzen ari den zaintza eredu berriaren eskutik, "gizarte politikei bultzada berri bat ematea”. Adierazi duenez, foru gobernua Kudeaketa Plan Estrategiko "zehatz eta berritzaile" batean ari da lanean, zeharkako ildo gisa “hurbiltasuna, berdintasuna, berrikuntza, lankidetzazko gobernantza eta epe luzerako begirada” izango dituena.

Diputatu nagusiak jakinarazi duenez, Gipuzkoako gizarte eta ekonomiako eragile eta ordezkariekin bilerak hasi ditu, Gipuzkoako gizarte eta ekonomia sarearen "ekarpenak eta lehentasunak jasotzeko". Hortik aurrera, Plan Estrategikoaren helburu nagusiak zehaztu ondoren, helburu horiek "plangintza aurreratu" batean islatuko dira, 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatuta. Dokumentua urtea amaitu baino lehen Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztea da helburua.

Ahalegin horretan, Mendozak gaineratu duenez, foru gobernuak "oso gertutik" jarraitzen du ekonomiaren bilakaera. "Enpleguak eta enpresen jarduerak azken hilabeteetako erronkei sendotasunez erantzun dien arren, nazioarteko merkatuen ziurgabetasunak hor jarraitzen du. Era berean, familien ekonomiari kalte egiten dioten baldintzek hor jarraitzen dute: interes altuak hipoteketan, erregaien eta elikagaien garestitzea, horren lekuko". Horregatik guztiagatik, Mendozak azpimarratu du beharrezkoa dela "familien eta gipuzkoar guztien ekonomia babestea, enplegua sustatzea, enpresa txiki eta ertainen jarduera indartzea eta etorkizuneko industria-sektoreak bultzatzea".

Egoera honetan, hain zuzen ere, "politika sozialei bultzada berri bat" emateko unea dela adierazi du diputatu nagusiak, "pertsona guztien ongizatea" babesteko, bereziki "egoera zailenetan" egon daitezkeen dezaketen pertsonena; egungo testuinguru ekonomikoak gehien eragin diezaiekeen pertsonena, alegia. Zaintza eredu berria –pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitarioagoa– lurralde osoan "hedatzea" da konpromiso "sozial argi" horren adibide nagusia, Pasaiako Adinberri Zentroko obren hasiera bezala.

Izendapen berriak

Izendapenen alorrean, diputatu nagusiak jakinarazi du Unai Andueza Iraeta izango dela Ekonomia Sustapeneko zuzendari berria. Ingeniari industriala da, azkoitiarra, eta dagoeneko ibilbide bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundian. 2020tik hona Proiektu Estrategikoetako zuzendaria izan da. Besteak beste, MUBIL, Adinberri eta Elkar Ekin Lanean egitasmoen sustapenean buru-belarri aritu da orain arte.

Ekonomiaren alorrean ziurgabetasunak eta gorabeherak nabarmenak diren garai hauetan, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainak babestu eta kalitatezko enplegua sustatzea izango da gure helburu nagusia. Horrekin batera, sektore industrial berriak ehundu eta garatzea. Horretan buru belarri eta ehun ekonomikoarekin gertutasunetik buru-belarri lanean ari dira Ekonomia Sustapeneko departamentuan.

Foru Aldundiko Kirol zuzendari berria, berriz, Marta Pastor Bañales izango da. Donostiarra, Publizitatean lizentziatua, Marketing eta Kudeaketa Komertzialean aditua. Azken urte hauetan Donostiako Hipodromoan garatu du bere ibilbide profesionala. Bere egiteko nagusia izango da lurraldeko kirol talde eta elkarteekin elkarlan estuan jarraitzea, Gipuzkoako kirola eta kirolzaleak babestuz eta, bereziki, neska eta emakumezkoen kirola indartuz.

Azkenik, Ana Priede Merchán izango da Lankidetzako zuzendaria. Oriotarra da,  Administrazio ikasketak egina da eta azken urteotan Orioko Udalean zinegotzia izan da, ibilbide profesional eta politiko zabala du Anak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitekoen artean dago lankidetza deszentralizatua deritzonean jardutea, horretan diharduten gizarte eragileekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, kultura erakundeekin eta bestelakoekin elkarlanean. Izendapen honekin batera, Garapenerako lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

  

2806