Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak hainbat hobekuntza aurreikusi ditu GI-2630 errepidean, San Prudentzio eta Oñati artean

Aldundiak hainbat hobekuntza aurreikusi ditu GI-2630 errepidean, San Prudentzio eta Oñati artean

Hobekuntzen artean biribilgune bat eraikitzea, trafikoa baretzea, zoruaren marruskadura-indizea hobetzea eta seinaleak eta balizak hobetzea daude.

2021/02/04

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat jarduketa egingo ditu GI-2630 errepidean, Oñatin, eskualdeko sareko bide horrek jasaten duen zirkulazio handia erregulatzeko, batez ere puntako orduetan, enpresetara sartzearekin eta irtetearekin bat egiten baitute. Errepide horrek 10.000 ibilgailu baino gehiago hartzen ditu egunero batez beste, eta horietatik % 8-10 trafiko astunari dagozkio. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu nagusien artean, industrialdeen eta hiriguneen irisgarritasuna hobetzea eta erabiltzaile guztien segurtasuna handitzea dago. Oñatiren kasuan, aurreikusitako jarduerek gure helburua beteko dute", adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Bide Azpiegituretako Departamentuak aurreikusi dituen hobekuntzak Portalea biribilgunearen (Triana auzoaren parean) eta San Prudentzio biribilgunearen (GI-627aren intersekzioa) artean daude.

Garibai auzoaren eta Oñatiko mendebaldeko sarreraren arteko zuzengunean, Otaduy kaletik, bi bidegurutze horiek modu nabarmenean antolatuko dituzten bi biribilgune eraikiko dira. "Biribilguneetako bat Garibai auzoan kokatuko da, ULMAren elkargunean, eta enpresa Munazategi aldera zabaltzearen ondorioz aurreikusitako trafiko-hazkundeari erantzuna ematea du helburu", azaldu du diputatuak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia lurzoruen kudeaketa egiten ari bada ere, lanen finantzaketa eta exekuzioa ULMAk hartuko duela bere gain adierazi du. Munazategiko biribilguneko lanak aurten bertan hastea aurreikusi dute.

Aldundiak eraikiko duen biribilgunea San Pedro auzoan egongo da, GI-2630 errepidea eta Otaduy kalea elkartzen diren tokian. Oñatiko Udalak eskatuta, San Pedroko biribilgune honek bi autobus geraleku izango ditu. Bigarren biribilgune horri esker, aipatutako bi biribilguneen arteko 700 metrotan dauden ezkerreko bira guztiak kendu ahal izango dira, bereziki Urrexola auzorako GI-3593 errepidearekiko elkarguneari dagozkionak. Gipuzkoako Foru Aldundia proiektu hori idazten ari da, eta aurten izapidetzea eta obra 2022an egitea aurreikusten du.

Oñati eta San Prudentzio artean GI-2630 errepidea hobetzeko aurreikusitako jarduketen arabera, abiadura muga 90 km/h-tik 70 km/h-ra murriztuko da luzera osoan. "Abiadura hori bidearen ezaugarriekin eta inguruko bizilagunen kezkarekin bat datorrela uste dugu", zehaztu du Aintzane Oiarbidek eta "aurten trafikoa baretuko dugu Garibai auzoaren hasieran, Arriagakua baserriaren parean. Galtzadaren zabalera murriztuko dugu eta zintarriak dituzten irlatxo batzuk jarriko ditugu; horrela, ibilgailuen abiadura murrizteaz gain, lehentasunik gabeko oinezkoentzako pasabidea jarriko da".

Era berean, galtzadatik irtetearen ondoriozko istripuak murrizteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak marruskadura-koefizientea handitzea aurreikusi du, hiru bihurgunetan mikro-aglomeratu geruza hotzean aplikatuta.

Azkenik, errepide osoko seinaleak eta balizak hobetuko dira. "Erabiltzaileen segurtasuna handitzeaz gain, Aldundiak Gipuzkoako enpresei, batez ere enpresa txiki eta ertainei, lehiakortasuna indartzen lagundu nahi die, eta, horretarako, errepide sare on bat ezinbestekoa da", esan du Bide Azpiegituretako diputatuak.

  

2253