Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak hainbat neurri jarriko ditu abian indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeei arreta emateko

Aldundiak hainbat neurri jarriko ditu abian indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeei arreta emateko

Bidean zentroari buruzko espediente informatiboa itxi da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin du joan den maiatzaren 8an irekitako espediente informatiboa, Bidean indarkeria matxista jasan duten emakumeak hartzeko egonaldi ertaineko foru zentroko zenbait erabiltzailek aurkeztutako kexak egiaztatzeko, izan ere, espedientean ezin izan da hutsune larririk detektatu. Gainera, Foru Aldundiak hainbat neurri ezarriko ditu indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta emateko ereduan eta zerbitzuetan, besteak beste, Bidean zentroa beste toki batean kokatuko da –tokia aukeratuta dago eta aurreikusita dago urriaren 1etik aurrera izatea-, zentro horretarako onartutako hobekuntza plana abian jarriko da, 8 plaza berri irekiko dira berehala zaurgarritasun egoera handian eta gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeentzat, indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako zerbitzuak ebaluatuko dira, eta urteko ikuskapen kopurua igo egingo da.

Gipuzkoako Foru Aldundian egindako bilera teknikoan Gizarte Zerbitzuetako foru diputatu Maite Peñak hartu behar dituzten neurrien berri eman du, eta datorren lauhilekorako lan egutegia eta izango duen ikuspegia azaldu du; bertan izan dira Emakunde eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen-arreta zerbitzuko ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak -Indarkeria matxistaren emakume biktimak babesteko eta gizarteratzeko zerbitzukoak  eta Berdintasunerako Organokoak-, eta baita ere elkarte hauetako ordezkariak: Fepas arreta zentroa, Emausen Portuenea zentroa, Arrats arreta-zerbitzua, COP Gipuzkoako arreta psikologiko zerbitzua. Bileran, partaideek hurrengo lau hilekorako plangintza eta hartu beharreko ikuspegia aurreratu dute.  

Diputatuak jakinarazi duenez, Foru Aldundiak espediente informatiboaren aurretiko jardueren eta informazioaren fasea ixtea erabaki du, «inolako zehazpen neurririk ezarri gabe», zeren eta espediente informatiboan egindako ikuskapen, elkarrizketa eta jardueren bidez «ezin izan dugu hutsune  larririk detektatu». Era berean, diputatuak nabarmendu du egindako ikuskapen eta egiaztapenek «bermatzen dutela» aldez aurretik hartutako neurriei esker, gaur egun zentroan «ez dagoela salatutako gabeziarik eta arreta egokia eskaintzen dela». Gainera, gogorarazi du Arartekoak irekitako espedienteak bere bidea jarraitzen duela eta «eskatutako informazio guztia bidali diogula». Nolanahi ere, zehaztu du, nahiz eta ezin izan diren egiaztatu salatutako irregulartasunak, departamentu honen iritziz, kexa horiek «aukera bat» direla zentroan eskaintzen den arreta hobetzeko.

Egoera aztertu eta kolektiboko ordezkarien ekarpenak eta iritziak jaso ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo neurriak ezarriko ditu indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeei laguntzeko eredua eta zerbitzuak hobetzeko: 

  1. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko eredu berri bat eraikitzea, dagoeneko abian dagoen hausnarketa parte-hartzailea oinarri hartuta.
  2. Bidean zentroa beste toki batera eramatea, aurreikusita dagoela 2018ko urriaren 1etik aurrera izatea.
  3. Zentrorako onartutako hobekuntza plana abian jartzea.
  4. 8 plaza berri irekitzea berehala zaurgarritasun egoera larrian eta gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeentzat, eta autonomia pisu berriak irekitzea Donostialdean.
  5. Zentroaren kudeaketa kontratuari dagokionez, egungoa aldatzea eta kontratazio agiri berriak prestatzea. 
  6. Laguntza psikosozialeko eta sozio-juridikoko zerbitzu berri bat jartzea abian.
  7. Erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko sistema berria diseinatu eta ezartzea.
  8. Indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza zerbitzuak ebaluatzea eta zentro horietan egiten diren ikuskapen kopurua areagotzea.
  9. Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko lurraldeko erakunde arteko lankidetza protokoloak hobetzea.
  10. Modu koordinatuan aritzea Berdintasunerako Organoarekin, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko Aurre Planaren barruan.

Amaitzeko Peñak adierazi du helburu hori lortzeko, «oinarrizkoak» izango direla gaur abiatu dugun hausnarketa parte-hartzailetik aterako diren ondorioak, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko ereduaren inguruan. Nolanahi ere, epe ertain eta luzeko erabakiak hartzeko oinarritzat hartuko diren ondorioak lortzeko behar den epea ikusirik, Foru Aldundiaren ustez ezinbestekoa da neurri horiek hartzea indarkeria matxistaren biktimak diren pertsonei eskaintzen zaien «arreta hobetzeko» eta zerbitzu publikoko honen «kaltetutako prestigioa» bere onera ekartzeko, esan du amaitzeko foru diputatuak, zeinak «lasaitasun mezu bat» bidali dien tratu txarrak jasaten dituzten edo jasateko arriskuan dauden emakumeei, laguntza zentroen sare publikora jo dezaten «berme guztiarekin», «une zail horietan laguntza jasoko baitute».

  

1497