Aldundiak iraupen luzeko zainketak indartu ditu 14 proiektu berritzaileren bidez
Aldundiak iraupen luzeko zainketak indartu ditu 14 proiektu berritzaileren bidez
Diru laguntzen bi lerro berriren bidez, 2023an 1.450.000 euro gehiago xedatuko dira gizarte eta zainketen arloan proiektu berritzaileak sustatzeko.
Maite Peña aurkeztutako proiektuetako ordezkariekin.
Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan jardunaldi bat egin du, iraupen luzeko zainketen arloko berrikuntza proiektuetarako laguntzen deialdiaren bidez 2021. urtean diruz lagundutako proiektuak partekatzeko eta ezagutzeko. Gizarte Politiketako Departamentuak 892.433 euro bideratu ditu “iraupen luzeko zainketen Gipuzkoako estrategia sendotzen duten” 14 proiektu berritzaile babesteko. Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak ireki du jardunaldia, eta adierazi duenez, “denbora asko daramagu lanean gizarte zerbitzuen esparruan berrikuntza sustatzeko, ohiko tresnak ez baitira nahikoa etorkizuneko erronkei erantzuteko”.
Europatik datorren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan garatutako laguntza lerroak dira, eta iraupen luzeko zainketen Gipuzkoako estrategiari balio erantsia ematea dute helburu nagusi, gizarte zerbitzuen esparruan berrikuntza sustatzen duten proiektu pilotuen bitartez, ekimen berritzaileak abian jarrita, “horrela, horien ebaluaziotik sektore osorako ikaskuntzak ateratzeko”, adierazi du Peñak.
Berrikuntzak “arlo sozialean ere” duen garrantzia azpimarratzeaz gain, diputatuak Gipuzkoak alor honetan duen potentziala azpimarratu du, eta aurkeztutako proiektuen kalitatea eta etorkizuneko aukera izugarriak nabarmendu ditu. “Kontua da eskala txikian probatzea, hortik ikastea eta eskalatze aukerak aztertzea, proiektu horiek ingurune eta zerbitzu gehiagotan aplikatu ahal izateko, eta gero eta pertsona gehiagorengana iristeko”, gaineratu du.
Berrikuntza eta aktibazio komunitarioa funtsezkoak dira etorkizuneko zainketen arloan, Gipuzkoan gertatzen ari den arreta ereduaren eraldaketaren esparruan. “Azken urteotan, zainketa pertsonalizatuagoak, inklusiboagoak eta komunitarioagoak lortzeko trantsizio prozesua bizkortu dugu, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren bidez. Xedea da Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea eta ibilbide orri bat ezartzea lurralde osorako”, azpimarratu du Peñak.
Bestalde, diputatuak gogorarazi du urriaren 4an Diputatuen Kontseiluak gizarte berrikuntzako proiektuak finantzatzeko laguntzen beste deialdi bat onartu zuela, 875.000 euroko zuzkidura duena, eta zenbateko horri beste 575.000 euro gehituko zaizkiola Adinberriren testuinguruan. “Guztira, 1.450.000 euro, zainketen arloko gizarte berrikuntzari bultzada emateko, adinekoen, desgaitasunaren, haurren, gizarte inklusioaren eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arloan”, laburbildu du.
Zainketetan berrikuntza sustatzeko 14 proiektu
Ekimen horien bidez, arreta eta zainketako tokiko ekosistemak sortzea eta garatzea bultzatu da, tokiko eragileen konektagarritasunean oinarrituta, zainketaren ekonomia bat garatzeko; esperientzia pilotuak diseinatu eta ezarri dira etxeetan zein egoitzetan, zainketen berrikuntza sustatzeko eredu esperimentaletan oinarrituta; zainketen berrikuntzarekin eta pertsonalizazioarekin lotutako prestakuntza programak diseinatu eta tresna digitalak garatu dira; eta iraupen luzeko zainketen berrikuntzari buruzko ezagutza sortuko duten azterketak eta ebaluazioak egin dira.
Mentore (Lotura Giza Garapena Kooperatiba)
Programa honek mentoretza erabiltzen du prebentzio, esku-hartze eta sozializaziorako tresna gisa, pertsona helduen eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen artean ezartzen den borondatezko akonpainamendu-harreman baten bidez, baztertuta dauden pertsona horien bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Gizarteratze maila handiagoetara igarotzea ahalbidetuko duten gaitasun pertsonalak, sozialak eta komunitarioak garatzea lantzen da, bai eta gizartean parte hartzea eta moldatzea ahalbidetuko duten trebetasunak ere. Horrela, iraunkorragoak diren aldaketa eta finkatze prozesuak mantentzea errazten da, eta bazterketa prozesuak eragin ditzaketen ondorio kaltegarriak saihesten dira.
Musakola Gizarte Lab (Aita Menni)
Proiektu honen helburu nagusia gizarte zerbitzuen eskaintza hobetzea da; horretarako, Arrasateko gizarte zerbitzuen eta programen mapa bat egingo da, kudeaketa tresna bat garatuz eta eguneko zentro bat sustatuz, eragileei eta erabiltzaileei laguntzeko instalazio gisa, sortzen ari diren premiei eta eskaerei erantzun ahal izateko. Horrek Arrasateko gizarte zerbitzuen plangintza eta kudeaketa hobetzea ahalbidetuko du, premiak hautemanez eta eremu edo auzo bakoitzeko jarduketa planak nahiz erabiltzaileentzako premiazko jarduerak ezarriz.
Babesarea_EG-Z (Matia Fundazioa)
Xede nagusia da jakitea eguneko zentroko zerbitzua erabiltzaileen eta zaintzaileen beharretara eta pertsonan oinarritutako arretaren printzipioetara egokitzen den, hartara, zerbitzua birformulatzeko orientabideak proposatzeko, pertsonengan oinarritutako baliabide komunitario gisa, etxean zaintzen jarraitzeko garrantzitsua baita.
Monitorizatu (Vicomtech)
Etxeko laguntza zerbitzuak planifikatzeko, emateko eta kudeatzeko sistema adimendun baten bideragarritasuna aztertzen da, kontsumo elektrikoari buruzko datuen monitorizaziotik abiatuta. Ikerketa industrialeko proiektu honen helburua da zerbitzu berri bat definitzea pertsona zaurgarriak eta beren etxeetan arrisku egoeran daudenak urrutitik zaintzeko. Proiektuaren asmoa da arrisku egoerak urrutitik hautemateko metodologia ez-inbaditzailea erabiltzea. Horri esker, zerbitzua jende gehiagorengana zabaldu ahal izango da, bizi itxaropenaren hazkundearekin bat etorriz.
Hauskor (Hurkoa Fundazioa)
Hauskor programa Pasaian zaurgarritasunaren arazoari irtenbidea bilatzeko sortu zen, zaurgarritasun egoeran dauden adinekoei arreta emateko asmoz: 65 urtetik gorakoak, beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasun kognitiboa dutenak, baina laguntza sarerik ez dutelako edo sare hori ahula delako laguntza eta babes soziala behar dutenak bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte premiak asetzeko. Hauskor programaren bidez, gizarte laguntza eta hurbileko zaintza eskaintzen dira, zaurgarritasun egoeran dauden adinekoen gizarte eta komunitate sarea indartzen da, eta zaurgarritasun egoerak hautemateko komunitate sarea indartzen da, komunitateko beste eragile batzuekin eta tokiko zaintza ekosistemarekin batera.
Habitus (Hurkoa Zainduz)
Habitus programaren bidez, mendekotasuna duten adinekoei ematen zaien arretaren kalitatea ebaluatzen da, haien itxaropenak betetzen diren aztertuta. Hau da, adineko pertsonei ematen zaien arretaren oinarriak adostu nahi dira, bizi kalitatearen, ongizatearen eta haien gaitasunak indartzearen ardatzei dagokienez; arretaren kalitatea objektibatu nahi da, erabiltzaileen eta haien ingurunearen sentsibilitatetik abiatuta; POA printzipio gidari gisa txertatu da; eta zeharkako ebaluazio metodologia bat ezarri da, tresna digitaletan oinarrituta, zainketaren continuum osoan ebaluazio informazioaren trazabilitatea errazten duena. Gainera, lortutako emaitzak erabiltzen dira arretan balio erantsia sortzeko datuak erregistratzeko plataforma baten etorkizuneko garapenaren oinarriak finkatzeko, ezagutza partekatutik abiatuta.
Indarkeria matxistaren biktima diren emakume nerabeei arreta emateko unitatea (Suspergintza)
Proiektu honen helburu orokorra da neskei aukera ematea bikote harreman bortitzak alde batera utzi eta ingurune osasuntsuak eraiki ditzaten, eta egoera traumatiko hori bizitzeak edo bizitzen egoteak beren garapena arriskuan jar ez dezan, oraindik heldu gabe dauden eta pertsona heldu izatera iritsi arte eraiki behar dituen arlo horietan. Banakako eta taldeko esku-hartze psikologiko presentziala eskaintzen da, erabiltzaileen errekuperazio psikologikoa errazteko, hezkuntzako esku-hartze soziala egiteko bai eta familia unitateari tresnak emateko ere, horrela, bikote barruko indarkeria ulertzeko eta nerabeei laguntzeko.
Bizipoza (ISEA)
Ekimen horren bidez, ikerketa, garapen eta berrikuntza sozialeko ekintzak garatu nahi dira, belaunaldien arteko erabilera anitzeko espazio irekien praktika aitzindari bat garatzeko, belaunaldien arteko loturak artikulatzea ahalbidetuko duena, horrela, nahi gabeko bakardadeari eta biztanleriaren zahartzearen ondoriozko gizarte bazterketari lotutako arazoei aurre egin ahal izateko.
Zain-berri (Aubixa Fundazioa)
‘Zain-berri. Lanbide berriak zainketa berrirako’ programaren ardatza lanbide berriak diseinatu eta garatzea da, bai eta etxean zaintza sare bat garatzeko gaitasunak eta trebetasunak deskribatzea ere.
Zainketen ebaluazioa (Egia Careaga fundazioa)
Gipuzkoako gizarte zerbitzuen esparruan arretaren kalitatea ebaluatzeko egiturak, prozesuak, tresnak eta adierazleak modu esperimentalean garatzen dituen proiektua da.
Inklusiorako laguntza komunitarioak (Zabalduz)
Proiektu horren bitartez, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta emateko eredu berritzaile bat diseinatu eta abian jartzen da, komunitatean txertatutako laguntza sistema batean oinarritua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Indarkeria Matxistaren Emakume Biktima Babesteko eta Gizarteratzeko Zerbitzuko bizikidetza tresnei aplika dakiekeena, ebaluazio ebolutiboaren aplikazio eraginkorretik eratorritako ikaskuntzetatik abiatuta, komunitatearen pertzepzioetan eta instituzionalizazioa lehenegoratzeko printzipioen benetako aplikazioetan oinarrituta.
Kam Unitatea (Lotura Giza Garapena Kooperatiba)
Etxerik gabeko pertsonei laguntza psikologikoa eta soziosanitarioa emateko unitate mugikor bat artikulatuko duen proiektua da.
Garagune, Zarautz (Fundación Goyeneche)
Garagune Zarautzen eta Urola Kostan ezartzea dela eta, haren kudeaketa eredua, arretaren metodologia eta emaitzen ebaluazioa ikertzea eta garatzea. Desgaitasunaren eta mendetasunaren esparruan modu bateko edo besteko profil eta laguntza premiak dituzten pertsonentzako testuinguru komunitarioko eguneko arreta zerbitzu balioaniztun baten esperientzia pilotua ezarriko da, Gipuzkoako beste eskualde batzuetara hedatzeko beharrezkoak diren ikaskuntza eta ezagutza sortzen laguntzeko.
Jarduera fisikoa egoitzetan (Biharko)
Egoitza zentroetako erabiltzaileen ongizate fisikoa, kognitiboa, emozionala eta soziala bilatzen duen proiektua da, jarduera fisikoa erregulartasunez eta denboran zehar egiten lagunduko duen plataforma digital bat sortuta.
4533