Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Itziar-Debako industrialderako sarbidea hobetzeko egindako obrek eragin positiboa dute inguruko enpresen lehiakortasunean

Aldundiak Itziar-Debako industrialderako sarbidea hobetzeko egindako obrek eragin positiboa dute inguruko enpresen lehiakortasunean

Gipuzkoako Foru Aldundiak Itziar-Deba industrialderako sarbidea hobetzeko egin dituen lanek eragin zuzena izan dute inguruko enpresen lehiakortasunean, egindako kontsultaren arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak Itziar-Debako Enpresa Parkea bisitatu du gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak industrialderako sarbidea hobetzeko egindako obren eragin positiboa bertatik bertara egiaztatzeko. Lanak joan den abenduan amaitu ziren, Kanala hotelaren aurreko bihurgunea berrituta. Jarduketa horri esker, pieza handiak garraiatzen dituzten kamioiak errazago eta segurtasun handiagoz sartu ahal dira parkean. Horrek eragin zuzena izan du inguruko enpresa sarearen lehiakortasunean.

Diputatu nagusiak adierazi du pozik dagoela Aldundiak egindako lanarekin, eta bide azpiegituretan zein beste eremu batzuetan hobekuntzak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Gipuzkoako enpresa sarea babesteko eta sendotzeko. Mendozak azpimarratu duenez, "hori da gure Aldundiaren lehentasun estrategikoetako bat". Hala, gaineratu duenez, "gure esku dauden tresna guztiak enpresen eskura jartzen jarraituko dugu, gure eragileei entzunez eta proiektuak elkarrekin garatuz. Gure helburua da, gure enpresen lehiakortasuna bermatzeaz gain, Gipuzkoako herritarren segurtasuna eta ongizatea ere bermatzea ".

Bestalde, Itziar Debako Enpresa Parkeko presidente Xabier Agirrek adierazi duenez, “hain beharrezkoa den esku-hartze horri esker, formatu handiko piezekin lan egiten duten eta garraio bereziak behar dituzten enpresek lehen ezin zuten merkatuetara sartu ahal izango dira. Azpiegitura horrek inbertsioak animatuko ditu, enpresei lehiakorragoak izateko aukera emango die eta, horrela, balio erantsiko sektoreetan lehiakideen aurrean posizionamendu hobea bermatuko du”. Gainera, azpimarratu du “eremu horretako enpresa guztiek ere onura jasoko dute, garraioa erraztuko delako eta bide-segurtasuna bermatuko delako. Adibide argia da, eta agerian uzten du lankidetza publiko pribatuak hobeak eta lehiakorragoak egiten gaituela”.

Bideak hobetzeko egindako lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi euro bideratu ditu aipatutako bihurgunea hobetzeko obretara. Kopuru horri gehitu behar zaio 2020. urteaz geroztik Itziarko enpresa-parkerako sarbideak hobetzeko inbertitutako 1,5 milioi baino gehiago.

Bihurgunea hobetzeko lanak maiatzaren 15ean hasi ziren, eta 2024ko abenduaren 7an amaitu. Esku hartzeak kurbaren ezaugarri geometrikoek ezartzen zituzten mugak zuzendu ditu. Kurbaren aldapak parkeko enpresek tamaina edo pisu handiko piezak garraiatzea zailtzen zuen. Jarduketa horrekin, galtzada zabaldu egin da 11,5 metrora iritsi arte, malda % 5etik % 7ra jaitsi da, eta peraltea % 4,5era egokitu da. Hobekuntza horiek egin ahal izateko, 108 metro luze eta 8 metro altura duen harri lubetazko horma bat eraiki da, orain maniobra seguruagoak egiteko. Gainera, jarduketek nabarmen indartu dituzte bide-konexioak, Itsaspeko biribilguneak indartuta. Biribilgune hori 2020an eraiki zen, GI-3210 eta N-634 errepideak lotzeko.

Lanak normaltasun osoz egin dira, eta inguruko enpresen eguneroko jardueran duten eragina minimizatzea lortu da, Itziar-Deba enpresa-parkearen eta obrako arduradunen arteko koordinazio bikainari esker.

Lan horiez gain, 2 metro zabaleko oinezkoentzako bide bat eraikiko da, Debako Udalak finantzatua, eta tarte hori N-634 errepidearekin lotuko du. Azpiegitura horri esker, Itziarko bizilagunak modu seguruan joan ahal izango dira Itsaspe ingurura eta N-634 errepideko autobus geltokietara.

Industrialdean egindako obraren ondorioz lortutako abantailak

Itziar-Debako enpresa parkea Gipuzkoako industrialde nagusietako bat da. Gaur egun, 100 enpresa baino gehiagok jarduten dute eremu horretan.

Enpresa parkeko arduradunek inguruko enpresaburuei berriki egindako kontsultaren arabera, hobekuntza obrek onura ugari eragin dituzte. Besteak beste, tonaje handiko piezen mugimendua erraztu dute, ibilgailu bereziak errazago maniobratzeko aukera eman dute, industrialdean lehen bideragarriak izango ez ziren azpiegiturak garatzea ahalbidetu dute, eta makina handiak instalatzea ere ahalbidetu dute.

Gainera, kontsultatutako enpresak bat etorri dira esatean irisgarritasunean egindako hobekuntza horiek industria helburuetan aurrera egiteko dakartzaten abantailak ez ezik, baita zirkulazioan eta langileentzako sarbideetan duten eragin positiboa ere, baita inguruko bizilagunentzat ere.

  

579