Breadcrumb

Asset Publisher

Back Volver Aldundiak komunitate energetikoak sortzea bultzatzen jarraitzen du, lurraldeko hainbat udalerritan informazio-saioak eginez

Aldundiak komunitate energetikoak sortzea bultzatzen jarraitzen du, lurraldeko hainbat udalerritan informazio-saioak eginez

Lehenengo saioa gaur arratsaldean egin da, Astigarragan, eta herritar askok parte hartu dute.

2025/04/03
Komunitate energetikoak Astigarraga

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren (OTC) bidez, herritarrei aholkularitza ematen die energia-komunitateak sortzeko, eta laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa ematen die energia berriztagarriaren sorkuntza eta kontsumo partekaturako sarbidea errazteko.

José Ignacio Asensio: “Gipuzkoa erreferente bat da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan oinarritutako eredu bat sustatuz. Trantsizio energetikoa erronka kolektiboa da, eta herritarren inplikazioa funtsezkoa da eredu hori lurralde osoan finkatzeko eta Gipuzkoarako etorkizun jasangarriagoa bermatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoaren (OTC) bidez, herritarrei zuzendutako informazio-saioen programa bati ekin dio gaur arratsaldean, lurraldean energia-komunitateen sorrera sustatzeko.

Lehenengo saioa Astigarragako Udaleko Udalbatza Aretoan egin da. Herritarrek aukera izan dute bertatik bertara jakiteko zer diren energia-komunitateak, nola balia daitezkeen eta zer urrats egin behar dituzten komunitate horiek abian jartzeko. Parte-hartze zabalarekin, topaketa baliagarria izan da zalantzak argitzeko eta herritarrek trantsizio energetikoan duten zereginari buruzko eztabaidarako gune bat sortzeko.

José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak ireki du informazio-saioa. Bere hitzaldian, foru-arduradunak azpimarratu du Aldundiak konpromisoa hartu duela Gipuzkoako energia-eredua eraldatzeko: “Gure helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat izatea. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan oinarritutako eredu bat sustatuz. Energia-komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoa aurreztuz eta sistema bidezkoago, efizienteago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Aldunditik prozesu hori errazten ari gara, aholkularitza tekniko, juridiko eta administratiboarekin, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, bai eta laguntza ekonomikoekin ere, sistema fotovoltaikoak, biltegiratzea eta mugikortasun elektrikoa instalatzeko. Trantsizio energetikoa erronka kolektiboa da, eta herritarren inplikazioa funtsezkoa da eredu hori lurralde osoan finkatzeko eta Gipuzkoarako etorkizun jasangarriagoa bermatzeko”.

Saioen ziklo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan eredu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da. Hala, informazioa eta tresnak eskuratzeko aukera ematen du, udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal izan dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal izan ditzaten.

Prozesuak ondoz ondoko hiru saio ditu. Saio horietan, energia-komunitateei buruzko sarrerako kontzeptuetatik hasi eta ibilbide-orri bat definitu eta talde bultzatzaile bat identifikatzeraino helduko da.

Jasangarritasunarekiko eta herritarren parte-hartzearekiko konpromisoa

Gipuzkoa eraldaketa bat bizitzen ari da bere kultura energetikoan, eta prozesu horrek gizarte osoaren parte-hartze aktiboa behar du. Energia-komunitateak sortuta, herritarrak jartzen dira prozesu horren erdigunean, pertsona guztiek energia berriztagarria sortzeko eta autokontsumitzeko aukera dutela ziurtatuz, eta, gainera, faktura elektrikoan aurreztea lortuz.

Gaur egun, lurraldean dagoeneko 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak.

Aldundiak erabateko konpromisoa du eraldaketa horrekin. OTCak eskainitako laguntza-zerbitzuaz gain, dirulaguntza espezifikoak gaitu dira energia-komunitateetarako instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko. Aurten 1.500.000 baino gehiago bideratuko ditugu herritarrei trantsizio energetikoa errazteko.

OTCa, energia-komunitateak sortzeko doako zerbitzu publikoa

Gipuzkoako Energia Eraldaketarako Bulegoa (OTC) Espainiako Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) bidez egituratzen da, eta Europako Next Generation funtsetatik datorren finantzaketa du.

Bulego horrek energia-komunitateak sortzeko doako aholkularitza-zerbitzu publikoa eskaintzen du, eta laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen du energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko aukera errazteko. Udalerri, auzo edo industrialdean energia-komunitate bat bultzatzeko interesa duten toki-erakundeei, pertsona-taldeei, enpresei edo elkarteei zuzenduta dago.

  

3507