Aldundiak omenaldia egin dio Jokin Altuna pilotari gipuzkoarrari
Aldundiak omenaldia egin dio Jokin Altuna pilotari gipuzkoarrari
Diputatu nagusi Markel Olanok eta Kultura eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok Foru Jauregiko Tronu Aretoan hartu dute Amezketako pilotaria.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lau eta erdiko pilota-txapelketako txapeldun berria, Jokin Altuna amezketarra, hartu du gaur, joan den azaroaren 19an, igandea, Bilbon jokatutako finala 22-21 irabazi ondoren. Altunak 18 urteren ondoren ekarri du berriz lau eta erdiko txapela Gipuzkoara. Emaitza joan den urtekoaren berdina izan da, baina aldi hartan galdu egin zuen Altunak. Aurten, berriz, txapela lortu du.
Hori dela eta, diputatu nagusi Markel Olanok eta Kultura eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok Foru Jauregiko Tronu Aretoan hartu dute gaur arratsaldean Amezketako pilotaria. Bertan, omenaldia egin diote txapeldunari, eta pilotari gazteak txapela lortu arte egin duen ibilbide bikaina goraipatu dute.
Kultura eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok bere diskurtsoan azpimarratu duenez, “lau eta erdiko txapela Unanuek 1999an lortu eta ia bi hamarkadaren ondoren berriz ekartzeaz gain, indar mental handia eta lehiatzeko eta hobetzeko espiritua duela utzi du agerian Altunak, joan den urteko emaitza estuarekin eta aurkari beraren aurrean lortu baitu txapela. Ea Gipuzkoako kirol osoarena den arrakasta hau beste askotan ere ospatzen dugun”.
Omenaldian, Jokin Altunaren talentuaz gain, pilotari horrek kantxa barruan eta kantxatik kanpo borrokarako eta lanerako duen ahalmena eta izaera nabarmendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Gipuzkoako kirolak bere egiten dituen balioak direla eta Altuna haien eredu ezin hobea dela adierazi du.
2358