Aldundiak pozik hartu du Zerga Erreformaren Foru Arauaren proiektua onartzeko lortutako akordioa
Volver Aldundiak pozik hartu du Zerga Erreformaren Foru Arauaren proiektua onartzeko lortutako akordioa
Aldundiak pozik hartu du Zerga Erreformaren Foru Arauaren proiektua onartzeko lortutako akordioa
· “Proposamen sendoa eta koherentea da, eta eragin positiboa izango du Gipuzkoako herritarren ongizatean”, adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta positibotzat jo du Elkarrekin-Podemosen adostasunerako borondatea eta ausardia, “herrialde gisa ditugun erronkei fiskalitatetik erantzuteko erreforma bat garatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak positibotzat jotzen du Elkarrekin-Podemosekin lortutako akordioa Erreforma Fiskalaren Foru Arau proiektua onartu ahal izateko. Eider Mendoza diputatu nagusia oso pozik agertu da akordio honen aurrean, “akordio ona dela” esan du Gipuzkoarrentzat. Mendozaren hitzetan “lurraldeko, 19 urtetik gorako herritarren erdiei baino gehiagori egingo die mesede eta gure industriaren lehiakortasuna sendotuko du”. Ildo horretan, Mendozak adierazi duenez, “akordio honek zerbitzu publikoak eskaintzeko eta gai garrantzitsuak bultzatzeko finantza nahikotasuna bermatzen du, hala nola etxebizitza eskuratzea, kontziliazioa, gure enpresen lehiakortasuna eta energia trantsizioa.” Elkarrekin Podemosekin lortutako adostasunari dagokionez, diputatu nagusiak adierazi duenez, “asko kostatu da akordio hori hainbat talderekin lortzea: PPren eta EH Bilduren planteamenduak egungo errealitatetik urrun zeuden, eta, ildo horretan, eskertzen dugu Elkarrekin-Podemosek erakutsitako ausardia, presioari amore eman ez eta itun bat adosteko gai izateak eragin positiboa izango baitu herritarren ongizate integralean eta herri gisa ditugun erronketan”.
Erreforma Fiskalaren Foru Arau proiektuan jasotako neurriak sistemaren progresibitatean aurrera egiteko eta lurraldeko ehun ekonomikoaren lehiakortasuna sendotzeko helburuarekin garatu dira, eta, aldi berean, 2024an Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako erreforma fiskalaren ponentzian identifikatutako erronka sozioekonomikoei erantzuten zaie. Proiektu honetan jasotako proposamenetatik abiatuta, EAJ-PNV, PSE-EE, eta Elkarrekin-Podemosen artean lortutako akordioa:
- Kontziliazioaren inguruko kenkari batzuk birkonfiguratzen ditu, hala nola: emakumea lan merkatuan berriro sartzea; gizonentzako eszedentzia edo lanaldi murrizketagatiko kenkari berri bat sortzea; eta 6 urtetik 12 urtera luzatzea bitarteko adingabeak zaintzeagatiko kenkaria. Era berean, kendu egin da egoitza-zentroetako gastuengatiko kenkaria.
- Kolektibo zaurgarrienentzako pizgarri fiskalak handitzen ditu, hala nola: aitortzeko betebeharra 20.000 eurora igotzen du; emakume eta gazteentzako enplegua sortzeagatik kenkari espezifiko bat sortzen du; eta alargunentzako kenkari berri bat sortzen du.
- Etxebizitzarako pizgarriak handitzen ditu, ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria % 35era igoz (gazteak); hobaria % 50etik % 70era handituz errentatzaileentzat; eta, era
berean, ahalmen ekonomikoagatiko atalasea aldatzen da, etxebizitzagatiko kenkarien aplikazioa 68.000 eurora mugatzen duena.
- Aurrezkiaren tarifaren progresibotasunean sakontzen du eta autonomoentzako % 10-15eko forfaitean aldaketak ekarriko ditu (zuzeneko zenbatespen sinplifikatua).
- Gutxieneko tributazio efektiboa handitzea erabakitzen da, gutxieneko zerga orokorrarekin (Pilar2) lerrokatuta, bai eta Sozietateen gaineko Zergaren tasa handiago bat enpresa handiei ezohiko mozkinak dituztenean.
Araua udaberrian bozkatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bertan jasotako neurriak atzeraeraginezko ondorioekin aplikatuko dira 2025eko urtarriletik aurrera.
1666