Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak “sumindura eta gaitzespenik irmoena” adierazi du atzo Nafarroan gizon batek emakume bat hil ostean

Aldundiak “sumindura eta gaitzespenik irmoena” adierazi du atzo Nafarroan gizon batek emakume bat hil ostean

Foru bozeramaileak, Eider Mendozak, bat egin du gertaera larri horrek Gipuzkoan eragin duen “samin eta gaitzespenarekin”: “gipuzkoar herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen, askatasunaren eta bizitzaren aurkako jarrerarik onartzen”, adierazi du.

Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, "sumindura eta gaitzespenik irmoena" agertu ditu, atzo goizean Murtxanten (Nafarroa) emakume bat hil zutelako, gertaera horien erantzule gisa polizia gipuzkoar jatorriko gizon baten bila ari delarik. Mendozak "gaitzespenik gogorrena" adierazi du gertaera horien aurrean, baita "erabateko hurbiltasuna eta elkartasuna" ere biktimaren senitartekoei eta hurbileko pertsonei, foru gobernuaren izenean.

"Emakumeen aurkako indarkeria matxistak ez du tokirik gipuzkoar gizartean. Gipuzkoako herritarrok ez dugu emakumeen eskubideen, askatasunaren eta bizitzaren aurkako jarrerarik onartzen", berretsi du bozeramaileak, zeinek bat egin duen Murtxanten gertatutako hilketa “ikaragarriak” lurraldean eragin duen “samin eta gaitzespen sakonarekin".

Horren harira, bozeramaileak gogorarazi du indarkeria sexistaren jatorria "gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta" dela, “emakumeak kontrolpean mantendu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", alegia. Horregatik guztiagatik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurka "atsedenik gabe" lanean jarraitzeko Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi du Mendozak.

"Garrantzitsua da erakundeok eta herritarrok gure konpromiso sendoari eustea, modu aktibo eta zibikoan, emakume izate hutsagatik emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurka. Indarkeria hori, zoritxarrez, gure gizartean errotuta dago, eta gure gizartetik desagerrarazi behar dugu ", adierazi du.

  

1677