Aldundiak txertoaren lehen dosia ipini die gizarte baliabideetako 2.834 erabiltzaile eta langileri
Aldundiak txertoaren lehen dosia ipini die gizarte baliabideetako 2.834 erabiltzaile eta langileri
Bi astetan, Astrazeneca eta Pfizer/Biontech-en dosiak jaso dituzte adinekoen eguneko zentroetako, desgaitasuneko eta gaixotasun mentaleko baliabideetako erabiltzaile guztiek, eta haiek artatzen dituzten langileek.
Gipuzkoako gizarte-zentroetako 2.834 erabiltzailek eta langilek jaso dituzte dagoeneko COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak. Bi astetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Astrazeneca eta Pfizer/Biontech-en lehen dosiak ipini dizkie adinekoen eguneko zentroetako, desgaitasuneko eta gaixotasun mentaleko baliabideetako erabiltzaile guztiei, eta haiek artatzen dituzten langileei.
Pasa den otsailaren 19an hasi zen Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako 55 urtetik beherako langileen txertaketa, Astrazeneca txertoaren dosiekin. Astebete geroago, otsailaren 26an, eguneko zentroetako adineko pertsonak eta 55 urtetik gorako langileak txertoa jasotzen hasi ziren. Otsailaren 29tik, astelehena, txertaketa-kanpainarekin bat egin zuten desgaitasuneko eguneko zentroetako eta etxebizitzetako erabiltzaileek eta langileek ere.
Gizarte Politikako Departamentuak aurreikusi bezala, bi asteko epean erabiltzaile guztiek Pfizer/Biontech dosiak jaso dituzte, eta bigarrena jasotzen hasiko dira, botikak adierazten duen bezala, 21 egunera, martxoaren 19an hasita, Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroko erabiltzaileekin eta 55 urtetik gorako langileekin. 55 urtetik beherako langileek 10/12 astean jasoko dute AstraZenecaren bigarren dosia.
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ari da elkarlanean txertaketa-kanpainan, eta DYAko eta Aita Menniko taldeen lankidetza du. Horiek guztiek Osasun Publikoko profesionalen aldetik beharrezko prestakuntza jaso dute, eta txertaketa-kanpaina gainbegiratzeaz ere arduratzen dira. Erizaintza-taldeek Txara I-eko txertaketa-puntuan jarri dituzte dosi gehienak, eguneko zentroetako adinekoei izan ezik, horiei beren zentroan bertan eman baitzaizkie txertoak.
Datorren astetik aurrera, Gipuzkoako beste hainbat gizarte kolektiboren txertaketak jarraituko du Txara I-eko txertaketa puntuan, eta gizarteratze-baliabideetako erabiltzaile eta langileak (egoitzak, etxebizitzak eta eguneko zentroak) eta zentro okupazionaletako erabiltzaileak txertatzen hasiko da. Horrez gain, adinekoentzako eguneko zentroetan bigarren dosia ipintzen ere hasiko da.
4136