Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak udalekin lankidetza estutu du pandemiaren ondorioei aurre egiteko

Aldundiak udalekin lankidetza estutu du pandemiaren ondorioei aurre egiteko

Gipuzkoako diputatu nagusiak astero egiten ditu bilerak alkateekin, administrazio arteko informazio-fluxua areagotzeko eta COVID-19k planteatutako desafioak partekatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekin duen lankidetza estutu du azken asteotan, pandemiak planteatutako erronka sanitario eta sozio-ekonomikoei elkarrekin aurre egin asmoz, lurraldean bigarren olatuan izandako kasuen gorakadak sortutako egoera kritikoaren testuinguruan. Markel Olano diputatu nagusiak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuarekin eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera, astero egiten ditu bilera telematiko eta bateratuak udalerrietako ordezkariekin, informazio-fluxua errazteko, COVID-19k planteatutako gizarte- eta osasun-erronkei buruzko diagnostikoa partekatzeko eta Foru Administrazioa hartzen ari den neurri nagusien berri zuzen-zuzenean emateko.

Azken bilera telematikoa gaur eguerdian bertan egin dute, ohiko bilakatu denez, bi txandatan banatuta: lehenengoan, 5.000 biztanletik gorako udaletako ordezkariak elkartu dira, eta bigarrenean, 5.000 biztanletik beherako udalerrietako alkateak. Bilera horiek urriaren 20an aktibatu ziren, Gipuzkoan jazotako COVID-19 kasuen hazkunde esanguratsuaren ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailetako ordezkariek ere parte hartu ohi dute, eta horiek, aldi berean, beren erakunde publikoetan duten informazioa partekatzen dute.

"Egoera kritikoan jarraitzen dugu Gipuzkoan. Administrazioen arteko lankidetza estutzen segitzeko unea da, indarrak batuz, informazioa partekatuz", adierazi du diputatu nagusiak, eta lurraldeko udalek erakutsitako elkarlanerako jarrera eskertu du. Adierazi duenez, pandemiaren aurkako borrokan "aste erabakigarriak" dira, eta, beraz, herritar guztien "konpromisoa eta elkartasuna" eskatu ditu beste behin ere, "COVID-19ren kurba berdintzea" lortzeko eta "ahalik eta pertsona gutxien gaixotzeko" bidean.

Informazio gune berritua

Halaber, Aldundiak pandemiaren lehen olatuan martxan jarritako web orria berritu egin dutela jakinarazi die diputatu nagusiak udal ordezkariei, osasun egoeraren eta egoera sozio-sanitarioaren inguruko informazio "zehatza eta eguneratua" emateko. Adierazi duenez, berrikuntza hori "aurrerapausoa" da "gardentasunari eta informazioaren irisgarritasunari" dagokienez; izan ere, gaurtik aurrera, www.gipuzkoa.eus/covid19 webguneak mapa interaktibo bat izango du, gipuzkoar udalerri guztien egoera erakutsiko duena eta datu guztiak jasoko dituena, bai eta pandemiak bigarren olatu horretan izan duen bilakaera ere –abuztuaren 11tik aurrera–. Gune hori egunero berrituko da Osakidetzak emandako datuetatik abiatuta: positiboak, heriotzak, ospitaleratutako pertsonak, sendatuak, etab.

Halaber, webguneak Gipuzkoako zaharren egoitzetako egoerari buruzko informazio jarraitua eta eguneratua emango du egunero. Hau da, orain arte informazio hori prentsa ohar bidez egunero partekatu bada komunikabideekin eta webgunearen bitartez, hemendik aurrera modu interaktiboan jarriko da herritarren eskura, lehen baino errazago ikusteko eta eskuratzeko moduan.

  

1781