Aldundiak Why Not Irratiaren ibilbidea goraipatu du, gaixotasun mentala duten pertsonen integrazioaren alde
Aldundiak Why Not Irratiaren ibilbidea goraipatu du, gaixotasun mentala duten pertsonen integrazioaren alde
Aldundiak Why Not Irratiaren ibilbidea goraipatu du, gaixotasun mentala duten pertsonen integrazioaren alde
Gipuzkoako irrati sozialak, buru osasun arazoak dituzten pertsonek gidatzen dutena, bere irratsaioetako bat grabatu du gaur foru jauregian.
Why Not Fundazioak 10 urte baino gehiago daramatza gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko borrokan, eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak sustatzen dituzte. Bide horretan, 2013an Why Not Irratia sortu zen, Gipuzkoako irrati soziala, gaixotasun mentala duten pertsonek gidatzen duten proiektua da, non beren ingurunearekin hitz egiten, galdetzen eta elkarreragiten duten, "azken batean, gizarteratzeko eta autonomiarako tresna komunitario, positibo eta integratzailea da", Markel Olano diputatu nagusiak txalotu duenez.
Gaur goizean, 'Cubriendo el Aire' saioa Gipuzkoako Foru Aldundian grabatu dute, Etorkizuna Eraikiz Gunean, eta Why Not Irratiko kideek diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua elkarrizketatu dituzte. Saioan zehar, Milak, Sandrak, Maria Luisak, Anderrek, Iñakik, Soledadek eta Conchitak konfinamenduaz eta osasun mentalaz galdetu diete, baita ere bakardadeaz, gaixotasun mentala duten pertsonen arretaz, kolektiboaren estigmatizazioaz eta horrekin amaitzeko zer egin behar den, besteak beste. Halaber, osasun mentala nola zaintzen duten galdetu diete, eta aholku eta jarduera batzuk partekatu dituzte diputatuekin.
Why Not Irratiak 1.300 saio baino gehiago grabatu ditu 9 urteko ibilbidean. Gaur egun, astero bost programa emititzen dituzte eta horietan gaixotasun mentala duten 120 pertsonak parte hartzen dute. Why Not Fundazioak Gipuzkoako desgaitasun eta gaixotasun mentalen arloko hainbat erakunderekin kolaboratzen du: Aita Menni, Gureak, Goyeneche Fundazioa, San Juan de Dios, Zorroaga Fundazioa, Agipad, Gizakia Helburu, baita erakunde, espazio eta agente komunitarioekin ere, hala nola Tabakalera, AECC, En Bici Sin Edad eta Elikagaien Bankua, besteak beste.
Diputatu nagusiak Why Not Fundazioak "gaixotasun mentala eta hori pairatzen duten pertsonak desestigmatizatzeko egindako lan handia" eskertu du. "Ezinbestekoa da komunitate-harremanak, normalizazioa eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonen integrazioa bultzatzen jarraitzea. Lan horretan Why Not-ek oso lan garrantzitsua egiten du, arreta pertsonalizatua eta ahalduntzailea emanez", adierazi du.
“Osasun mentala, axola zaigu”
"Oraindik gainditu ez dugun" mundu mailako pandemiaren testuinguruan, diputatu nagusiak nabarmendu du pertsona guztien osasun mentala zaintzeko "premia larria" dagoela. Nabarmendu duenez, "bigarren pandemia horren aurrean", hau da, adituen arabera egungo krisiaren ondorioz hazten ari diren gaixotasun mentalen aurrean, "Gipuzkoako elkarte-sareak eredu izaten jarraitu du, gaixotasun mentala duten pertsonei eta haien ingurukoei lagunduz, eta funtsezkoa den sentsibilizazio, prebentzio eta laguntza emanez".
"Gipuzkoan erronka sozialei aurre egiten dien komunitate bat dugu, aktiboa eta konprometitua, eta Why Not gure eredu sozialaren eta elkartasunaren erakusle argia da", adierazi du Olanok. Azaldu duenez, Aldundiaren konpromisoa sare solidario eta komunitario hori "indartzea" da, "prebentziotik eta borondate integratzailetik" osasun mentalarekin lotutako gaixotasunen eta arazoen gorakadari erantzuteko.
1892