Aldundiak zaintza politiketan inplikatuko ditu egoitzetako egoiliarrak, familiak eta langileak
Aldundiak zaintza politiketan inplikatuko ditu egoitzetako egoiliarrak, familiak eta langileak
Berrikuntza eta Partaidetzarako Monitore baten bidez, egoitzetan parte hartzeko eta emaitzak ebaluatzeko sare bat sortuko da.
Gipuzkoa murgilduta dago gizarte politikei lotutako trantsizio prozesu batean, politika horiek "gero eta parte-hartzaileagoak, pertsonalizatuagoak eta komunitarioagoak" izan daitezen. Hori adierazi dute, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak. Foru arduradunek Berrikuntza eta Partaidetzarako Monitore bat aurkeztu dute, lurraldeko adineko pertsonen 65 egoitzen artean partaidetzarako eta emaitzen ebaluaziorako sare bat sortzea helburu duena. Horrela, egoitzetan COVID-19aren kudeaketaren hobekuntza maila egiaztatzeaz gain, erabiltzaileek, senideek eta langileek zaintza politiketan parte hartzea sustatuko da.
Aste honetan bertan, galdetegi bat bidaliko zaie erabiltzaile guztiei, erreferentziazko senideei eta egoitzetan lan egiten duten langileei; guztira, 10.030 inkesta. "Lehen urratsa da parte hartzeko eta ebaluatzeko sare bat aktibatzeko, oso baliagarria izango dena etorkizuneko gizarte politikak diseinatzen jarraitzeko, batez ere iraupen luzeko zaintzetara bideratutakoak", azaldu du Maite Peñak. Horrela, erabiltzaileak, horien gizarte eta familia ingurunea eta sareko langileak "zainketen diseinatzaile" bihurtuko dira, beren esperientzian oinarrituta.
Galdetegiaren bidez, COVID-19aren aurreko kontingentzia-neurriei buruzko erantzunak lortu nahi dira, baita zerbitzuen, espazioen, zainketen eta arretaren kalitateari buruzkoak ere, baita gizarte-berrikuntzarekin lotutako alderdiei buruzkoak ere, hala nola produktu teknologikoei, komunikazio-sistemei eta zainketen pertsonalizazioari esker arreta hobetzera bideratutakoak. Galdetegietan lortutako emaitzak egoiliarrek, haien familiek eta langileek balioetsiko dituzte, baliozkotzeko eta lehenesteko inkesta baten bidez eta egoitzetako bizi-kalitateari eta arretaren berrikuntzari buruzko ad hoc tailer batzuen bidez.
Maite Peñaren hitzetan, "azken helburua egoitzetan bizi diren pertsonen, haien familien eta bertan lan egiten dutenen iritzia ezagutzeko tresna eraginkorra izatea da". Gainera, adierazi du tresna hori "funtsezko zutabea" izango dela Gizarte Politikako departamentua trantsizioko gizarte-politiken eta zaintzen etorkizunaren inguruan egiten ari den lanean.
Horregatik, Peñak gogorarazi duenez, "dagoeneko hasi dugu estrategia bateratu bat sortzeko prozesua, Agenda 20>30, Gipuzkoa zaintzen abangoardian kokatzea helburu duena eta politika sozial partekatuak dituen lurralde bat marraztu nahi duena". Estrategia hori baliozkotze fasean dago orain eta, horretarako, hainbat kontraste-talde sortu dira eztabaidatzeko eta ekarpenak jasotzeko, "eta, horrela, ekintza plan zehatz bat sortzeko, lurralde osoak jarraitu beharreko ibilbide-orria markatuko duena”.
Parte-hartzearen garrantzia
Bestalde, Eider Mendoza Gobernantzako diputatuak gogorarazi du COVID-19aren pandemiak erronka handia ekarri diola Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta, bereziki, Gizarte Politikako departamentuari. "Aurrekaririk ez duen egoera baten aurrean gaude, baina, hala ere, horrelako krisialdiek aukerak ematen dituzte daukagunari eta ezarritakoari buruz hausnartzeko, eta hobekuntza bideak aztertzeko. Hain zuzen ere, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren zeregin nagusia hau da: gaurtik erantzuna ematea biharko erronkei", azaldu du foru arduradunak, eta nabarmendu du esparru horrek garrantzi berezia hartu duela COVID-19aren testuinguruan.
Egoitzei dagokienez, foru diputatuak gogorarazi du arreta gune garrantzitsua izan direla COVID-19aren krisialdian, eta, beraz, "guztiz logikoa dela hobekuntza prozesuak abian jartzea arlo horretan, gero eta parte-hartzaileagoa, pertsonalizatuagoa eta komunitarioagoa den gizarte politiken eredu baterantz. Hortik dator gure departamentuaren, Herritarren Partaidetzako Zuzendaritzaren bitartez, eta Gizarte Politikako departamentuaren arteko aliantza, aipatutako 20>30 Agenda sortu duen lankidetza", adierazi du. Parte-hartzeak, zentzu horretan, "legitimitatea" emango lioke prozesu honi guztiari, egoitzen esparruarekin lotutako eragile eta pertsona guztiak inplikatzeko baliabide izango baita.
"Askotan errepikatzen dugun ideia da: egiten duguna bezain garrantzitsua da nola egiten dugun. Eta gauzak egiteko modu horretan, parte-hartzearen eta lankidetzaren aldeko apustua egin dugu, alderdi horiek baitira Etorkizuna Eraikizek defendatzen duen gobernantza-ereduaren oinarriak", azaldu du. "Herritarren parte-hartzea kudeaketa publikoan sartzea lagungarria izango da erakundeekiko konfiantza sortzeko. Eta horrekin batera, beste helburu batzuk lortzeko: gobernuak indartzea, politika publikoak legitimatzea, gizarte-aniztasuna integratzen laguntzea, interes soziala agenda publikoan sartzea, herritarrek bizitza publikoaren antolamenduan parte hartzera gonbidatzea, eta gizarte zibilaren funtzioa indartzea", adierazi du foru arduradunak. "Beraz, argi geratzen da zergatik jarraitzen dugun parte-hartzearen aldeko apustua egiten, eta zalantzarik ez dago parte-hartzeak bere lekua izan behar duela gure zaintza-ereduaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesuan", esan du amaitzeko.
1457