Breadcrumb

Asset Publisher

Back Alemania eta Suediara bidaiatuko du Gipuzkoako ordezkaritza batek, MUBIL bezalako zentroak ezagutzera

Alemania eta Suediara bidaiatuko du Gipuzkoako ordezkaritza batek, MUBIL bezalako zentroak ezagutzera

Aldundiak eta elektromugikortasun arloko eragileek hango esperientzietatik ikastea dute xede, Gipuzkoako laborategia martxan jartzeko prozesuari begira

Gipuzkoako administrazio eta enpresek osatutako ordezkaritza batek, Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako foru diputatua buru duenak, Alemania eta Suediara bidaiatuko du datorren astean. MUBIL, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa izango denaren antzeko elektromugikortasun laborategiak ezagutu eta haietatik ikastea da bidaiaren helburua. “Interesatzen zaizkigun proiektuak ezagutzea dugu xede, gure laborategia martxan jartzerako orduan lagungarri izango zaizkigunak”, esan du Aizpuruk. Gainera, bidaian parte hartuko duen ordezkaritza osatzen duten eragileetan ere jarri du azpimarra, Gipuzkoako sektore honetako eragile ezberdinek MUBIL proiektuan duten inplikazioaren adierazle delako. 
Zehazki, bidaian parte hartuko dute, Aizpuruz gain, Aldundiaren Proiektu Estrategikoetako arduradun den Gari Agotek; eta Ikerlan, CIDETEC, CETEST (CAF) eta SPRIko ordezkariek. Egun hauetan, honako zentroak bisitatuko dituzte: E-mobil Baden Wurttenberg, 2010ean sortutako estatu agentzia, Stuttgarten (Alemania) egoitza duena; ZSW-Center for Solar Energy and Hydrogen Research, 1988an sortutako ikerketa institutua eta hau ere Stuttgarten dagoena; eta Swedich Electromobility Centre, sektoreko zentro nazional nagusia, 2007an Suediako Göteborg hirian ezarri zena. Gainera, Swedish Electric Transport Laboratory proiektua ere ezagutuko dute bidaian zehar, hau ere garapen fasean dagoena. 
MUBIL Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa Donostiako Eskuaitzeta poligonoan kokatuko da, eta bertan Aldundiak elektromugikortasunari lotutako poloa garatzea du xede. Ekimenean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ere hartzen dute parte. “Gaur egun proiektua garapen fasean dago: fundazioa eratu dugu, langileak hautatzeko prozesua martxan jarri dugu eta zentroa kokatuko den lursaila erosteko tramiteak egiten ari gara”, gogoratu du Aizpuruk. Gaineratu duenez, legealdi honetan bertan jarri daiteke martxan azpiegitura. 
Honela, foru diputatuak iritzi dio Alemana eta Suediara egingo duten bidaiak mota honetako instalazioak martxan jarri eta garatzeko prozesuetarako ikastetako balioko duela, eta baita ere behin ateak irekitzen dituenean eskainiko dituen zerbitzu kartari buruz ere. “MUBIL azpiegitura aitzindaria da zonaldean, eta horregatik proiektua aberastu beharra daukagu, alor honetan Gipuzkoa baino aurreratuago dauden esperientzietatik ikasiz”, nabarmendu du Aizpuruk.
“Anbizio handiko abiapuntua daukagu, uste baitugu mugikortasun elektrikoa etorkizuneko Gipuzkoako ekonomiaren eta industriaren motorretako bat izan daitekeela”, gaineratu du Aizpuruk. Azaldu duenez, mugikortasuna errotik eraldatuko duen sektorea da, eta kalitatezko enplegua, ekintzailetza eta teknologia berriak sortuko ditu. “Ondorioz, oso interesagarria da esparru honetara bideratzea gure etorkizuneko ekonomia. Gipuzkoan automozio arloko osagarrien sektore oso indartsua daukagu, eta puntako enpresak dauzkagu, elektromugikortasunaren aldeko apustu sendoak egiten ari direnak. Testuinguru honetan, eta lurraldea adierazten ari den bultzadaren aurrean, MUBIL da administrazio publiko bezala ematen dugun erantzuna”, itxi du foru diputatuak.

  

1888