Breadcrumb

Asset Publisher

Back ALERT proiektuak muga inguruko lurraldeetan larrialdiei ematen zaien erantzuna hobetuko du

ALERT proiektuak muga inguruko lurraldeetan larrialdiei ematen zaien erantzuna hobetuko du

Gipuzkoako, Nafarroako, Aragoiko eta Iparraldeko ordezkariek topaketa bat izan dute gaur, esparru horretan lankidetza sustatzeko

2018/11/05

Mugaz gaindiko arriskuei espazio komunean aurre hartzeko eta horien aurka borrokan egiteko Europako ALERT proiektuan parte hartuko duten erakundeak Irunen eta Hendaian elkartu dira, eta elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea berretsi dute, larrialdiei erantzuteko eta lankidetza horren potentzialtasuna aztertzeko. ALERT proiektuak mugaz gaindiko lankidetza sustatzen du Pirinio Atlantikoko, Nafarroako, Aragoiko eta Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuen artean. Lau erakundeek 3.399.274 euroko inbertsioa egingo dute, eta Gipuzkoak %13 jarriko du. Europak % 65 finantzatuko du, POCTEFA programaren barruan aukeratutako hautagaitzetako bat izan baita. Proiektua 2018-2010 bitartean egingo da.

Ekitaldia Hendaian izan da eta, ondoren, erakundeetako ordezkariek sinbolikoki muga zeharkatu dute Irun aldera, Ficoba erakustazokan maniobra baten lekuko izateko kideen arteko lankidetzaren beharra ikusgai jartze aldera; maniobra horretan trafiko istripu bat simulatu da, arrisku teknologikoak tarteko direla, bi ibilgailu arinen eta salgai arriskutsuak daramatzan kamioi baten artean. Esku hartze horretan Gipuzkoako zein Pirinio Atlantikoetako sorospen taldeek parte hartu dute.

ALERT proiektuko erakundeen ordezkari gisa, besteak beste, izan dira Imanol Lasa, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua; Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko lehendakaria; Maria Ángeles Júlvez, Aragoiko Gobernuko Barne Arloko eta Justiziako zuzendari nagusia; María José Beaumont, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria; eta Arkaitz Orbegozo eta Jean-Pierre Mirande, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Pirinio Atlantikoetako suhiltzaile zerbitzuetako arduradunak.

Proiektuaren barruan honako jarduera hauek egingo dira: muga inguruko arriskuak eta arriskutsuak izan daitezkeen tokiak identifikatzea; jardunbide egokiak trukatzea; elkarrekin trebakuntza saioak egitea; teknikak bateratzea langunetik bertatik aginte kateraino; eskumen eta ekipamendu berriak eskuratzea elkarrekin lan egiteko; datuak partekatzea jakinarazpenak jasotzeko plataformen bidez; naturako arriskuei aurrea hartzea eta aurreikustea (arrisku sismikoak, uholdeak, mendietakoa arriskuak); eta basoko suteen gaineko eskumenak bateratzea.   Proiektuan sartzen da guztiek erabiltzeko ekipamenduak eskuratzeko inbertsioak egitea (ibilgailu egokituak, irratiak/komunikazioa, UAVak…) eta  mugaz gaindiko lankidetzako zentro bat eraikitzea Donibane Garazin. 

Gipuzkoaren partaidetza

Gipuzkoak ALERTen sartutako 7 ekintza nagusietako bat koordinatuko du, 181.000 euroko aurrekontua izango duena, hiriguneetako arriskuei eta arrisku teknologikoei buruzkoa.  Ekintza horri esker, Eurohiriaren hiri esparruan Irun eta Hendaiako suhiltzaile etxeek elkarrekin egiten dituzten esku hartzeak hobetu ahal izango dira; lurralde eremu hori, proiektuak hartzen dituen gainerako guneak ez bezala, biztanle dentsitate handikoa da, gune industrialak dituena, eta baita komunikazio, bide eta trenbide azpiegitura garrantzitsuak ere.  Era berean, Jaizkibel inguruko larrialdiak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango dira, telefono zerbitzuak koordinatuta eta kartografiak eta segurtasun plan bateratuak eginda, betiere hizkuntzak kontuan hartuta, mugaz beste aldeko bisitari eta mendizale ugari etortzen baitira inguru horretara.

Imanol Lasak ALERT proiektuak Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuarentzat ekarriko dituen onurak azaldu ditu, Iparraldeko suhiltzaileekin lankidetzan aritzeko aukera emango baitu.  «Orain arte, istripu oso larriak zeudenean, SOS Deiak bidez jartzen zen abian alerta, eta haiek ere deitzen ziguten laguntzera joateko». Nolanahi ere, harremanak onak izan diren arren, lankidetza une jakin batzuetan bakarrik izan da, inolako protokolorik ezarri gabe eta egituratu gabe.

Larrialdiak eta hondamendiak «ez dira gertatzen muga eta erakundeen eskumenen arabera», gogorarazi du Lasak. «Herritarren premiei behar bezala erantzuteko, etorkizuneko administrazioak estatuen logika gainditu behar du», eta «lankidetzako eta sareko laneko esparru naturaletan» oinarritu, eskualdeetatik abiatuta: «Horrela jardunda bakarrik izango gara malguak eta eraginkorrak. Lotura eta sustrai sakonak ditugu Nafarroarekin eta Iparraldearekin, ekonomiari, kulturari edo hizkuntzari dagokionez. Erakundeen jardunak lotura horien isla izan behar du. Bide horri jarraitu behar diogu larrialdien esparruan, eta gizarte, garraio edo sustapen ekonomikoko politiketan» azaldu du.

Lasak «oso begi onez» ikusi du Europako erakundeek ALERT proiektuan parte hartzen duten lau erakundeek aurkeztutako hautagaitza aukeratu eta finantzatu izana, neurri batean «etorkizunari aurrea hartzen diolako. Badira urte batzuk mugaz bi aldeetako administrazio eta erakundeak lanean hasi ginela koordinazioa eta lankidetza hobetzeko, eta horrela azkarrago eta hobeto erantzun ahal izateko larrialdietan, eta herritarrak babesteko politika eraginkorrak eta egokiak izateko. Orain, Europaren babes ekonomiko eta politikoa dugula, proiektu hau ahalik eta ondoen gauzatzea da gure zeregina».
  

1530