Breadcrumb

Asset Publisher

Back Andoainen izandako sute larriaren biktimen eskura jarri ditu bere baliabideak Aldundiak

Andoainen izandako sute larriaren biktimen eskura jarri ditu bere baliabideak Aldundiak

Sua itzaltzeko eta biktimei ostatu emateko lanen berri eman du Diputatu Nagusiak

2017/01/26

Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua, eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua Andoainen izan dira gaur goizean, bertan bart gertatutako sute larriaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutu, eta biktimei beraien gertutasuna eta elkartasuna adierazteko. Ana Carrere alkatearekin batzartu dira foru ordezkariak, gertakariaren inguruko informazioa kontrastatu eta arreta lanak koordinatzeko.

  Olanok bere atsekabea adierazi du ezbeharrak eragindako ondorioen eta “kostu personal latz eta tamalgarriaren” aurrean, doluminak helaraziz hildako pertsonaren gertukoei, eta babesa zauritutako pertsonei. Ildo horretan, jakinarazi du Aldundiak dagoeneko bideratu dituela, Gizarte Politikako departamentuaren bitartez, erretako eraikinean bizi ziren lagunetatik bosti ostatu emateko gestioak. Zaurituekin beste horrenbeste egiteko prestutasuna agertu du, haiekin ezin izan baitu oraindik kontakturik eduki: “Aldundia laguntzeko dago”, adierazi du.   

 Suhiltzaileen Foru zerbitzuak martxan jarritako dispositiboaren inguruko xehetasunak ere eman ditu Diputatu Nagusiak, sutea “oso gogorra” izan dela argituz. 5:21etan jaso dute larrialdi zerbitzuek abisua. Berehalakoan, Oria eta Goierriko parkeetako kideak bertaratu dira ezbeharraren lekura, baina sutearen tamaina ikusirik, laguntza eskatu behar izan diete Kosta (Zarautz) eta Donostiako parkeetako kideei. Azken horiek 6:19etan eta 6:17etan iritsi dira, hurrenez hurren.

Lehen momentuan, bizirik zegoen pertsona bat lokalizatu, eta erreskatatu ahal izan dute, oso erredura larriekin, eta keak eragindako intoxikazioarekin. Cruces ospitalera eraman dute. Ondoren, sua itzaltzeko lanak amaituta, beste pertsona baten gorpua aurkitu dute. Guztira, 24 lagun mugiarazi ditu Foru Zerbitzuak -18 suhiltzaile, 3 sarjentu eta 3 ofizial, eta baita 15 ibilgailu ere –7 eskilara, beso mekanikoa, 7 zisterna, eta 5 arin-. Sutearen larritasunaren tamaina ematen dute datuok. 

Suhiltzaileen eskutik duen informazio guztia Ertzaintzaren esku jarri du Foru Aldundiak, gertakaria argitzeko abiarazi duen ikerketari begira.

  

1496