Breadcrumb

Asset Publisher

Back Antequera Azpiriren erakusketa Koldo Mitxelena Kulturunean

Antequera Azpiriren erakusketa Koldo Mitxelena Kulturunean

Erakusketa 2017ko urtarrilaren 14ra egongo da zabalik. Asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

2016/11/23

Maria José Tellería, Kultura Zuzendariak eta Mikel Lertxundi Galianak, erakusketaren koordinatzaileak gaur Koldo Mitxelena Kulturunean inauguratuko den Pedro Antequera Azpiriren erakusketa aurkeztu dute.

Erakusketa azaroaren 23tik  2017ko urtarrilaren 14ra egongo da zabalik Asteartetik larunbatera,  11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Antequera Azpiriren erakusketa Koldo Mitxelena Kulturunean

Ilustratzailea, umorista grafikoa, publizista, idazlea eta, neurri txikiagoan, margolaria, Pedro Antequera Azpirik Gipuzkoan garatu zuen bere karreraren parte bat. 1919 eta 1934 bitarteko hiru bosturtekoek haren etapa emankor eta zoriontsuena izango ziren seguruenik; bete-beteko garaia izan baitzuen, halako kezkarik gabeko garai bat, baina gerrak zapuztuko zion hori guztia gerora.

Madrilen jaio zen 1892an, umetan hasi zen bere eguneroko bizitzako gaiak marrazten eta garaiko aldizkari ilustratuetan inspiratutako koadernotxo bat argitaratzen. Zuzenbidean eta Filosofia eta Letratan lizentziaduna bazen ere, Amalia Sansinenearekin ezkondu eta Donostiara bizitzera etorri zenerako, 1919rako, marrazkilari karreraren aldeko hautua egina zuen.

Donostian publizista eta ilustratzaile gisa lan egin zuen, nolanahi ere, inplikazio berezia izan zuen umore grafikoaren defentsan. Bere lanbideari duintasuna emateko grina horrek bultzatu zuen Nazioarteko Umorearen Aste Nagusia (1926) eta Donostiako Umorista eta Ilustratzaileen II. Erakusketa (1932) antolatzera. Dinamizatzaile bikaina, hogeiko hamarkadan Donostiako beste erakusketa artistiko eta historiko batzuetan parte hartu zuen, eta hogeita hamarreko hamarkadan Eusko-Pizkundea elkartearen erakusketak zuzendu zituen. Kultur giro horrek eraman zuen Antonio Oruetak euskal tradizioa goraipatzeko antolatu zituen hainbat ekitalditan parte hartzera, hala nola Euskal Aste Nagusian, 1927az geroztik urtero egin zena, edo arte eszenikoaren Saski-Naski elkartean, 1928an jaio zen diziplina askotariko esperientzia artistikoan.

Azken batean, Antequera Azpiri erreferentzia bat izan zen Donostia alai eta dibertigarriaren irudia osatzerakoan. Bere lanetako askotan jasotzen da urte zatirik handienean bisitariari harrera egiteko eta haren olgeta grina asetzeko prest zegoen hiriaren alferkeriazko bizimoduaren kontakizuna.

Publizitatea

Hogeiko hamarkadan, publizitaterako dohaina ustiatu zuen higiene, edertasun, perfume, jantzi, automozio eta elikadura produktuekin. 1924an Lizarriturry y Rezola enpresako zuzendari artistikoa izatera iritsi zen. Lagarto xaboiaren irudi berria diseinatu zuren eta Gurys perfumeria marka sortu zuen. Produktu horien bilgarriak, etiketak eta iragarkiak proiektatu zituen, hiri mundu sofistikatu eta kosmopolita baten irudi limurtzaileak eraikiz.

1928tik aurrera Nestlé enpresarentzat lan egin zuen txokolateen publizitatea egiten eta Manolín aldizkaria sortzen, haurren fidelizazioa lortzeko asmoz. Hogeiko hamarkadaren azken urteetan bere gain hartu zituen Gipuzkoako zenbait enpresa eta erakundek egindako enkarguak, besteak beste Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Limonada Osasuna, Boinas Elósegui o Librería Internacionalek egindakoak.

Karikaturak eta txisteak

Umorista grafiko gisa, karikaturak eta txisteak egin zituen tokiko prentsan eta prentsa nazionalean ateratzeko, eta obra autonomo gisa merkaturatzeko. Modu horretan bere lanbidea defendatzen zuen, bere produktuak masen hedapen euskarrietatik atera eta eremu pribatura eramanez.

Ez karikaturek ez txisteek ez zuten mintzeko asmorik. Txisteetan umore neurtua erabiltzen zuen, satira saihestuz, horren ordez nahiago izan zuen komikotasuna bilatzea eguneroko egoerak, oker ulertuak eta hitz-joko tolesgabeak disekzionatuz. Karikaturei dagokienez, keinu eta ezaugarri fisiko batzuen sintesi eta gehiegikerian oinarrituta daude, eta horrek ez zuen eragotzi protagonistaren psikologia bete-betean atzematea.

Gipuzkoa airetiko ikuspegiz

Airetik ikusitako jende-multzoen eszenak bere ezaugarri dira. 1910 eta 1960ko hamarkaden artean konposizio asko egin zituen, eszenak zuzenean ikustetik eta horietan gertatzen ziren egoeren transkripzio gutxi-asko egiazko batetik ondorioztatuta. Gehienak Donostian girotuta daude, bertako hondartzetako, pasealekuetako eta dibertsio zentroetako irudiekin, hala nola, kasinoa, Atotxa eta Txofre plaza. Egoera gehienak errepikatu egiten ziren ilustrazioetan, txiste edo karikatura gisa, eta aukera ematen digute hark zeuzkan interes eta mugimenduak ezagutzeko, egoeren gaineko analisi zorrotzerako zuen gaitasunarekin batera.

Liburuak

Bere karrerako lehen hogei urteetan jarduera oparoa garatu zuen liburu ilustratzaile eta idazle gisa; lan horien hartzaileak haurrak ziren nagusiki. Bere tokia aurkitu zuen, garapen ekonomikoari eta hirien zein irakaskuntza beharren hazkundeari esker hedatzen ari zen sektore batean.

1917tik 1933ra arte Hijos de Santiago Rodríguez argitaletxeari lotuta egon zen, argitaletxe horren helburua izanik egile ospetsuak eta marrazkilari nabarmenak nahastea. Garai horretan argitaletxetik kanpo egindako lanen artetik nabarmentzekoak dira Manolín (1928-1930) aldizkariaren esperientzia eta, batez ere, Corremundo. Aventuras de un aviador de doce años (1932), seguruenik bere obra biribilena.

Ekitaldiak: Donostiari bizia ematen

Hirian saldoka zebiltzan turistak entretenitzeko ekitaldi ugari diseinatu zituen pertsonaia sorta baten asmamena izan zuen elikagai hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetako Donostiak. Nabarmenenetako bat Antequera Azpiri izan zen, eta Madrilen aurrez izan zituen esperientziek jauzi kualitatibo bat proposatzera eraman zuten, 1926an Donostiako Nazioarteko Umorearen Aste Nagusia antolatuz. Esperientzia global modura egituratu zen, erakusketak, kontzertuak, datza eta hitzaldiak bateratuz (Manuel Abril, Bon eta K-Hito). Asteari amaiera emateko bilera gastronomiko-umoristiko bat egin zen (Saltxa Humorística).

Era berean, Euskal Aste Nagusiaren eta arte eszenikoaren Saski-Naski elkartearen antolakuntzan parte hartu zuen. Saski-Naski elkartea 1928an jarri zen abian, eta jantziak nahiz eszenografiak diseinatu zituzten artista plastiko ugari bildu zuen.

  

2040