Breadcrumb

Asset Publisher

Back Antzuola eta Bergarako udalekin elkarlanean dihardu Foru Aldundiak

Antzuola eta Bergarako udalekin elkarlanean dihardu Foru Aldundiak

Ordu bakarrean 61 litro ur jaso ziren atzo, azken 100 urteetako gehiengo historikoa, erregistroen arabera

Atzoz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean dihardu Antzuola eta Bergarako udalekin, atzoko egunean jazotako ur-erauntsiak sortutako kalteei aurre egite aldera. Debagoienako bi udalerriak izan dira, lurraldean, euritea gehien pairatu dutenak, aurrenekoa bereziki. Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazitakoaren arabera, Deskargan instalatutako plubiometroak jasotako datuei jarraiki, atzo, ordu bakarrean, 61 litro ur jaso ziren, hau da, azken ehun urteetako erregistrorik altuena Gipuzkoan, tarte horretan 49 litrokoa baitzen orain arte kopururik altuena. Hamar minutuetan soilik, 20 litro ur pilatu ziren: “Horrek argi eta garbi uzten du muturreko fenomeno meteorologikoa izan zela atzokoa, eremu horretan lokalizatutakoa, eta aurreikuspenerako eta defentsarako tarterik uzten ez duena”.

            GI-632 errepideko 21,440 kilometro puntua izan zen gatazkatsuenetako bat, Antzuola eta Bergara artean: errepidea hartu zuen urak, eta lur jausia gertatu zen. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegiturerako diputatua Beñardo Kortabarria eta Elena Lete alkateekin jarri zen harremanetan atzo bertan, egoeraren berri lehenbailehen emateko, eta departamentuaren baliabideak haien eskura jartzeko. Hori horrela, hiru erakundeak koordinatuta egon ziren errepideko garbiketa lanak egiteko, eta horiei esker gaur goizeko 5:30ean azpiegitura zabalik zegoen. Edonola ere, teknikarien zaintzapean jarraitzen du puntu horrek. Alkateekin harremanetan jarraitzen du Aldundiak, kalteen tamainaren berri izateko, lanen nondik norakoak partekatzeko, eta erakundearen bitartekoak eta babesa eskaintzeko.

Bergaran, berriz, errekak gainezka egin zuen, urak errotik ateratako hainbat zuhaitz trabatuta gelditu baitziren. Aldundiko suhiltzaileen Foru Zerbitzuak sei irteera egin zituen, bi Bergaran eta lau Antzuolan, Legazpi eta Oñatiko parkeetako 13 ibilgailu eta 21 lagunekin, urak sortutako arazo desberdinei aurre egiten laguntzeko. Halaber, Bide Azpiegituretako beharginek “presazko” lanak egiten jardun dute, ur kanalizazioak garbituz, eta kaltetutako udalerrien garbiketan ere lagunduz. Herritarrek emandako erantzuna ere txalotu du Lasak.

Bestalde, GI-632 errepideko azken tramoaren lanen egoera eatzo arratsaldean bertan ikuskatu zuten Aldundiko teknikariek eta obrako langileek. “Kalte nabarmenik” ez da egon, baina euriteak eraikitze lanetako etxolei erasan zien. Foru bozeramaileak adierazi duenez, euriak eramandako material kopurua “handiagoa” izatea eragin du obrak, baina sortutako kalteen atzean dago bailarako goiko aldetik “eroritako ur kopurua, guztiz ezohikoa izan dena”, eta “ez obra bera”: “Are gehiago, gehien erasandako puntuetako bitan, aipatutako GI-632 errepideko bihurgunean eta etxoletako esparruan, ez da inolako lanik egin. Uholdeen efektua askoz harago doa, beste herri batzuetan ikusi den bezala, eta obrarik egon ez balitz ere eragin nabarmena edukiko zuten”. Hori dela eta, eskatu du bi faktoreak “asmo txarrekin” ez lotzea, “inolako oinarririk gabe balizko etekin politikoak lortzeko asmoarekin”. 

Bozeramaileak gogorarazi duenez, aurtengo negua eta udaberria “bereziki gorabeheratsuak” izaten ari dira, euri-erauntsiak sortzen ari diren arazoak direla eta, errepide sarean batik bat. Hala, tarte horretan dagoeneko 400 lur lausi eta lur mugimendu baino gehiago erregistratu dira. Ziurtatu du Aldundiak “azkar eta modu eraginkorrean” jokatzen jarraituko duela, herritarren segurtasuna bermatu ahal izateko. Ildo horretan, “erne” eta “bitarteko guztiak aktibaturik daudela” jarraituko dutela iragarri du; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia eman du biharko, euria dela eta, gau erditik arratsaldeko seik arte.

  

1626