AP-1eko Lesarriko tunela bihar irekiko dute berriro Gasteizerako noranzkoan osorik berrituta
AP-1eko Lesarriko tunela bihar irekiko dute berriro Gasteizerako noranzkoan osorik berrituta
Maria Ubarretxena: “Eguneratze honi esker, tunelak aise gaindituko ditu Europan eskatzen diren segurtasun, eraginkortasun eta hornidura teknologikoko estandar gorenak”
Bihar, apirilak 27 larunbata, AP-1eko Lesarriko tunela irekiko da berriro Gasteizerako noranzkoan, joan den irailean hasi ziren birgaitze integraleko lanak amaitu ondoren. Azpiegiturara gaur eginiko bisitan, Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du tunelaren hodietako bat amaitzeak ekarriko duen aurrerapen berria, "eguneratze horri esker aise gaindituko baititu Europan eskatzen diren segurtasun eta hornidura teknologikoko estandar gorenak". Era berean, tunelaren Garraio Sistema Adimendunen (STI) eguneratze teknologikorako "ahalegin berezia" nabarmendu du, "inbertsioaren % 60 segurtasuneko, eraginkortasun energetikoko eta intzidentzien kontroleko soluzio teknologiko aurreratuei baitagokie". Hodia kontrako noranzkoan birgaitzeko lanei dagokienez, irailaren bigarren hamabostaldian hasiko dira, eta aurreikusten da azpiegitura osoa 2025eko maiatzean amaituta eta erabat martxan egotea. Inbertsioa, guztira, 19.688.000 €+ BEZa da.
Datozen orduetan, ireki aurretik, hormigoizko 1.300 metro hesi baino gehiago kenduko dira tunelaren barruan eta kanpoan, irailaren 23tik trafikoa bideratzen zuen bypass-a kentzeko. Hori dela eta, ostiral gauean, apirilaren 26an, AP-1 autobidea erabat itxita egongo da bi noranzkoetan, Maltzaga eta Bergara artean, larunbateko 09:00ak arte. Itxiera 21:00etan hasiko da Behobiarako noranzkoan eta 21:30ean Gasteizerako noranzkoan. Alternatiba gisa, Gasteizerako trafikoek AP-8ko Eibarko edo Elgoibarko irteerak erabili beharko dituzte, eta GI-627 errepidetik jarraitu Bergara-Hegoaldeko sarreraraino, AP-1era sartzeko. AP-1etik Bilborantz edo Behobiarantz doazenek ibilbide bera egin beharko dute alderantzizko norabidean, Bergara hegoaldean irten eta AP-8an sartuko dira Eibar edo Elgoibarko lotuneetatik.
Sistemen eguneratzea
Lesarriko tunela birgaitzeko proiektuaren arabera, barruko instalazioak osorik berrituko dira, eta tunelaren bi hodiei eutsi eta estaltzeko lanak indartuko dira. Hodi horiek 1.200 metroko luzera dute noranzko bakoitzean. Bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berritu dituzte. Galeria horietako lau, pertsonak ebakuatzeko dira, eta bat larrialdietarako ibilgailuetarako, eta galeria guztiek ureztatzeko ahoak dituzte suhiltzaileentzat. Berrikuntza teknikoaren zatian, luzetarako eta galerietako 20 haizagailuak berrituko dira, baita horien suebaki-uhateak ere. Argiztapenerako, egungo argien ordez LED teknologiako argiak jarriko dira.
Ubarretxenak, kontrol, segurtasun eta eraginkortasun energetikoko sistemekin lotutako birgaitzearen alderdi teknikoak azpimarratuz, azaldu du gaur egun Europa barneko errepideen sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-baldintzei buruz indarrean dagoen
Europako Zuzentarauak hainbat neurri eskatzen dituela, "besteak beste, tunelaren geometriarekin, diseinuarekin, segurtasun-ekipamenduarekin, bide-seinaleekin, trafikoaren kudeaketarekin, gertakarien kudeaketarekin, erabiltzaileei zuzendutako informazioarekin eta abarrekin lotutakoak. Segurtasuna, funtsean, soluzio teknologikoetan oinarritzen da, eta 20 urte denbora asko da zentzu horretan. Lesarriko tunela 1998an proiektatu zen, eta, gaur egun, azpiegitura hori hornitu nahi izan dugun sistema teknologiko hobeak ditugu, gure erabateko lehentasuna baita zerbitzu segurua eta kalitatezkoa eskaintzea", gaineratu du.
2667