Apirilaren 7a: Osasunaren Nazioarteko eguna 2020
Apirilaren 7a: Osasunaren Nazioarteko eguna 2020
Osasunaren Mundu Erakundeak 2020. urtea Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu zuen
"Etxean geratzea eta ohitura osasungarriak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak izatea da gure erizainei egin dakiekeen omenaldirik onena" adierazi du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, apirilaren 7an, Osasunaren Mundu Eguna ospatzen dela eta.
Osasunaren Mundu Erakundeak, COVID 19aren osasun krisia hasi baino lehen, 2020. urtea Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu zuen; eta, urte horretako Osasunaren Nazioarteko Egunerako, lelo hau aukeratu zuen: "Zaindu erizainak eta emaginak".
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak gogorarazi duenez, beste batzuetan, Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen denean, nabarmendu nahi izaten da munduko osasun arazo askoren iturria airearen eta uraren ingurumen baldintza txarrak izan ohi direla, eta horrek klima aldaketan ere eragina duela.
Ildo horretan, foru diputatuak gogorarazi du erizainak, beti eta leku guztietan, gaixotasunen eta epidemien aurkako borrokaren lehen lerroa direla, epidemia horien jatorria edozein dela ere: «gure txaloekin egunero ikusten eta gogoratzen dugun bezala, profesional eredugarriak dira, beren zerbitzu bokazioa, lanbide bihurtu dutenak; eta, gaur egun, inoiz ez bezala, osasun zentroetan eta ospitaleetan, beren maila, balioa, prestakuntza eta eskuzabaltasuna erakusten dute koronabirusaren aurkako borrokan».
Ingurumen osasuntsu eta osasungarriaren aldeko borrokan aurre egin diogun erronkarik zailena da borroka hori; osasun unibertsalaren aldeko borroka da, inolako diskriminaziorik egiten ez duen osasun sistema horren aldekoa; eta, erronka horretan, erizainak eta osasun langile guztiak jarraitu beharreko eredua ditugu.
"Etxean gauden bitartean, gure ohitura osasuntsuekin eta geure buruarekiko, besteekiko eta ingurumenarekiko errespetuzko ohiturekin jarraitzera animatzen zaituztet; geure burua zainduz eta ingurumena zainduz, zaintzen gaituzten profesionalak omentzen ditugu", adierazi du bukatzeko Jose Ignacio Asensiok.
1562