Breadcrumb

Asset Publisher

Back Udako kanpaina turistikoak lurraldean esperientziak sustatzearen aldeko apustua egingo du

Udako kanpaina turistikoak lurraldean esperientziak sustatzearen aldeko apustua egingo du

Gipuzkoan bizitzea erabaki zuten Euskaditik kanpo jaiotako bost pertsonen istorioen bidez, gure lurraldea ezagutzeko eta gozatzeko jarduerak ezagutaraziko dira.

2022/06/22
Kanpainako irudiak

Foru Aldundiak udako kanpaina turistikoa aurkeztu du gaur, ardatz gisa duena esperientzia turistikoak sustatzea, ‘Bizitzeko Gipuzkoa / Gipuzkoa para vivirla’ izenburuarekin. Kanpaina Euskaditik kanpo jaio baina gure lurraldean bizitzea erabaki zuten bost pertsonaren bost istoriotan oinarritzen da. "Istorio pertsonal horien bidez, kasu guztietan oso interesgarriak, lurraldeko erakargarritasun turistiko handiei balioa ematen diegu, eta, gainera, kasu bakoitzean oso esperientzia bereziaz gozatu ahal izango dugu", nabarmendu du Turismoko zuzendari Iker Goiriak.

“Urrats bat harago joan nahi dugu Gipuzkoa helmuga gisa sustatzeko bidean, turisten bisitak paregabeak izatea eta gure nortasuna eta kultura islatuko duen balio erantsia izatea eragingo duten esperientziak eskainiz. Sektore turistiko bat dugu, oso enpresa prestatuak dituena, profesionaltasun handiz lan egiten dutenak eta turismoari erakargarritasun handia ematen diotenak, helmuga gisa dugun autentizidadetik eta eskaintzen ditugun bizipenetatik abiatuta. Balio-kate osoaren bultzadarekin konprometituta jarraitzen dugu, betiere kalitatezko turismo-eredu iraunkor eta orekatu baten aldeko apustuari eutsiz”, gaineratu du.

Gainera, azpimarratu nahi izan du, kanpainaren alderdi turistikoa gorabehera, bideo hauetan komunikatuko diren esperientzia eta planak interesgarriak direla Gipuzkoan bizi direnentzat ere: “Pandemia dela eta, gutako asko turistak izaten hasi ginen gure lurraldean, eta orain are hobeto ezagutzen jarraitu dezakegu proposamen horien bidez”.

Protagonistak

Bost pertsona dira kanpainaren protagonistak. Entretenimenduzko plataformaren formatuarekin, 3 egunetik behin, hilaren 24tik aurrera, kapitulu berri bat estreinatuko da. Bertan, protagonista den pertsonaren historia eta Gipuzkoan goza dezakegun esperientzia ezagutuko ditugu. Horrela, Line Alfaro (Brasil), Pablo Vicari (Argentina), Phillip Huxford (Zeelanda Berria), Ayoon Inés Choo eta Max Junwoo Bai (Hego Korea) eta Reyes Prados (Sevilla) ezagutuko ditugu.

Hauek dira kapituluak:

• Line Alfaro: ‘Gipuzkoan bizitzearen abentura’. Estreinaldia 2022/06/24

• Pablo Vicari: ‘Sutegiak maite zituen abokatua’. Estreinaldia 2022/06/27

• Phillip Huxford: ‘Errugbia eta kresala, Zeelanda Berritik Goierrira'. Estreinaldia 2022/07/01ean

Ayoon Inés Choo eta Max Junwoo Bai: "Koloreak eta zaporeak". Estreinaldia 2022/07/04

• Reyes Prados: ‘Gure sevillar gipuzkoarra’. Estreinaldia 2022/07/08

Kanpaina osatzen duten bideoak www.gipuzkoaturismoa.eus webgunean eta Gipuzkoa Turismoaren sare sozialetan egongo dira eskuragarri.

Gipuzkoa Turismoa HUB-ak, urtebete

Turismo Zuzendaritzaren plan estrategikoak markatzen du turismo-sektoreko enpresei laguntzeko estrategia hori, eta duela urtebete mugarri garrantzitsua izan zuen Gipuzkoa Turismoa HUB-aren sorrerarekin, turismo-industria garatzeko eta indartzeko helburu duen zentroa. Urte honetan zehar, prestakuntza espezifikoak egin dira, enpresen arteko topaleku izan da, baita sektore publikoarekin ere, eta, besteak beste, Gipuzkoan arlo honetan egindako lehen ‘Hackathon' ekimena bultzatu du, turismoari lotutako proiektu eta ideia berriak sustatu asmoz.

Iada 200 enpresa eta eragilek osatzen dute dagoeneko HUB-a. Uda osoa irekita egongo da goizetan, horiei euskarria emateko, eta irailean itzuliko da ordutegi osoan eta digitalizazioarekin eta jasangarritasun turistikoarekin lotutako jarduera berriekin.

Udarako aurreikuspenak

Udako denboraldiari begira, sektorea baikor dago eta okupazio-tasa altuak aurreikusten dira. Eustaten azken txostenean nabarmentzen zen aurtengo maiatzeko hotel-sarreren kopurua 2019koa baino handiagoa zela, COVID-19aren aurretik. Gipuzkoan, goranzko joera hori Aste Santuan hasi zen, eta bere horretan jarraitzen du, maiatzean batez beste % 67,8ko okupazioarekin eta 103,19 euroko batez besteko gastuarekin, hau da, aurreko urtean baino % 30 gehiago.

Guztira 236.400 pernoktazio izan ziren Gipuzkoan: 105.702 estatukoak izan ziren eta 130.698 atzerrikoak –kanpoko turismoaren susperraldia sendotuz–, batez besteko egonaldia 1,88 gauekoa izanik. Guztira 125.815 sarrera izan ziren, eta kopuru horiek hazi egingo dira udako hurrengo hilabeteetan.

  

2807