Arbil Iciar zarauztarrak irabazi du Aldundiaren 2022ko egutegiaren argazki lehiaketa
Arbil Iciar zarauztarrak irabazi du Aldundiaren 2022ko egutegiaren argazki lehiaketa
Lehiaketaren bosgarren edizioko gaia "Gipuzkoa mugimenduan" izan da eta 600 argazki aurkeztu dira guztira
Arbil Iciarren irudiak, Getariako sagua protagonista duela, irabazi du argazki lehiaketaren bosgarren edizioa eta, horrenbestez, 2022ko foru egutegiaren azala izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean antolatzen du lehiaketa hau, eta lan sarituekin hurrengo urteko foru egutegia osatzen da. Aurtengo gaia “Gipuzkoa mugimenduan” izan da eta Gipuzkoa etorkizunera begira dagoen lurralde aktiboa dela irudikatzea izan du helburu.
Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako ekitaldian ezagutarazi dute epaia. Bertan izan dira, irabazleaz gain, Eider Mendoza Gobernantzako diputatua, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariak eta parte hartu duten finalistak eta irabazleak. Arbil Iciarren argazkiarekin batera, Maite Subijana, Javier Beristain, Ander Morea, Simon Arrigain, Fernando Moreno, Gurutze Agirre, Patxi Jato, Daniel Novas, Itziar Alberdi, Iker Gutierrez, Jose Ramon Txintxurreta eta Cristina Almadaren argazkiek osatuko dute 2022ko egutegia. Aurreko edizioetan bezala, 4.000 euro banatu dira guztira irabazleen artean. 1.000 euroko saria jasoko du Arbil Iciarrek eta bere argazkia azalean azalduko da. Beste hamabi lan aukeratu dira, hilabete bakoitzeko bat, eta horien egileek ere 250 euroko saria jasoko dute.
Aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia “Gipuzkoa mugimenduan” izan da eta, saritu diren lanen bitartez, Gipuzkoa lurralde aktiboa dela irudikatu nahi izan da. Mendozak gogoratu duenez, “COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak ia Gipuzkoa eta mundu osoa gelditu zuen. Orduan ohartu ginen zein funtsezkoa den mugimendua eta jarduera gure bizitzetan”. “Aukeratutako gaiarekin gure esker onik zintzoena adierazi nahi diegu mugimendu honetara bueltatzea ahalbidetu zuten pertsona guztiei, alegia, gu zaintzeko pandemia garaian mugimenduan jarraitu eta gelditu ez zen orori”, gehitu du.
Ekimenak urtetik urtera pizten duen interesa eta herritarren artean duen harrera ona azpimarratu du Mendozak: “Beste behin ere, egitasmoaren balorazio oso positiboa egiten dugu. Emaitzak oso onak izan dira arlo kuantitatiboan zein kualitatiboan, eta kalitate handiko lanak jaso ditugu, Gipuzkoan argazkilaritzarako zaletasuna dagoen isla”. Hain zuzen ere, 600 argazki jaso dira aurten guztira, eta Mendozak bost urte hauetan gipuzkoarrek emandako erantzuna eskertu du.
Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu egutegiko 13 argazkiak eta 7 finalistak. Baloratu dituzten arloen artean daude irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten lotura. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute ekimenean, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dira pertsona bakoitzeko.2300