Breadcrumb

Asset Publisher

Back Asturiasko Hondakinak Kudeatzeko Partzuergo Publikoak Gipuzkoako Ingurumen Gunea bisitatu du

Asturiasko Hondakinak Kudeatzeko Partzuergo Publikoak Gipuzkoako Ingurumen Gunea bisitatu du

Bisitan zehar hiri-hondakinak kudeatzeko "Gipuzkoa eredua" ezagutu ahal izan dute.

2021/09/30

Nieves Roqueñí Asturiasko Printzerriko Gobernuko Ingurumen eta Klima Aldaketako sailburuorde eta Asturiasko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Partzuergoko (COGERSA) presidenteordeak eta Paz Orviz partzuergo horretako gerenteak interes berezia agertu dute Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko ereduarekiko.

 

José Ignacio Asensio: "Gaur inoiz baino gehiago dakigu zeinen garrantzitsua den hondakinak modu seguruan, modernoan eta jasangarrian kudeatzeko gai diren azpiegiturak edukitzea; ekonomia zirkularra behin betiko bultzatuz, gure hondakinak lehengai bihurtuz eta, lehen gure zabortegietan sartzen genuenarekin, energia sortuz".

 

Nieves Roqueñí: "Asturiasko Printzerriko autonomia-erkidegoak eredu-aldaketa bati egin behar dio aurre udal-hondakinen tratamenduan, eta konpromisoa hartu du hondakinen bilketa bereizia bultzatzeko, bereziki etxeko eta merkataritzako biohondakinena".

 

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidente eta Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensio eta GHK-ko gerente César Gimeno jaun-andreek, gaur goizean hartu dituzte,

Gipuzkoako Foru Aldundian, Nieves Roqueñí, Asturiasko Printzerriko Gobernuko Ingurumen eta Klima Aldaketa sailburuorde eta Asturiasko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Partzuergoko (COGERSA) presidenteordea, eta Paz Orviz, partzuergo horretako gerentea. Asturiasko Printzerriko Gobernuko ordezkariek zuzenean ezagutu nahi izan dute Gipuzkoako udal-hondakinen kudeaketa-eredua. Bilera batean bi erakundeen ingurumen-erronkak partekatu ondoren, Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioak bisitatu ditu batzordeak.

 

Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente José Ignacio Asensiok Asturiasko Gobernuko ordezkariei azpimarratu die Gipuzkoako Ingurumen Guneak berekin dakarrela zabortegien aroa behin betiko gainditzea eta Gipuzkoan ekonomia zirkularra behin betiko bultzatzea: "Hondakinak ez dira berriro hondakindegietan lurperatuko, guztiak materialki eta energetikoki balioztatuko dira. Gipuzkoako Ingurumen Guneari esker, lehengai bihurtuko ditugu eta energia berriztagarria sortuko dugu". Partzuergoko presidenteak adierazi du, halaber, oso garrantzitsua dela Gipuzkoarentzat hondakinak modu "seguru, moderno eta jasangarrian" kudeatu ahal izateko azpiegiturak izatea. Ildo horretan, adierazi duenez, "Zubietako Ingurumen Gunea aurrerapen garrantzitsua da Gipuzkoan garapen jasangarria eta berreskuratze berdea bultzatzeko".

 

Asturiasko sailburuordeak, bere aldetik, bertako komunitateko hondakinak kudeatzeko partzuergo-ereduari balioa eman nahi izan dio. Eredu horrek 40 urte beteko ditu datorren urtean, eta eskualdeko gobernua eta Printzerriko udalerri guztiak batzen ditu. COGERSAren Hondakinak Tratatzeko Zentroak 400 hektarea hartzen ditu Asturiasen, eta Asturiasko udal-hondakin guztiak jasotzen eta tratatzen ditu, bai eta hondakin sanitarioak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta industria-hondakinak ere (860.491 tona 2020an). Asturiasek biometanizazio-instalazio bat du, konpostaje-instalazio bat, eta orain dela gutxi hasi dira errefusa tratatzeko planta bat eraikitzeko obrak –58 milioi euroko inbertsioa, COGERSAk funts propioekin bere gain hartzen duena–, bi urteko epean zabortegiko biltegia nabarmen murrizteko. Hala ere, komunitateak bilketa bereizia nabarmen handitu behar du, 2025ean Europako birziklatze-helburuak lortu ahal izateko.

 

Asturiasko ordezkaritzak Gipuzkoako Ingurumen Guneko bi faseetako instalazio guztiak bisitatu ditu. Tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak guztira 162.000 tonako edukiera du, eta Gipuzkoak urtean sortzen dituen hiri-hondakinen gainerako zatikien 135.000 tona kudeatzen ditu batez beste. Nahastuta datozen material birziklagarrien (papera eta kartoia, plastikozko ontziak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak) % 8 eta % 10 artean berreskuratzen du. Ondoren, hondakinak biolehorketa-instalazio batera pasatzen dira, pisua eta bolumena murrizteko eta balorizazio-instalazioaren energia-ekoizpena eraginkorragoa izateko.

Bestalde, balorizazio energetikoko instalazioak (EEP) 160.000 MWh sortuko ditu urtean; energia hori nahikoa da 45.000 etxe eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko.

 

GIG-2ko biometanizazio plantak 40.000 tonako ahalmena du urtean, eta gaika bildutako materia organikoa jasotzen du. Instalazioak izango duen teknologiari esker, biogasa ekoitzi eta energia sortuko da hondakinen frakzio organikotik. Urtean 13.000 MWh sortuko ditu plantak: 4.000 etxeren beharrak hornitzeko adina energia. Instalazio horrek, Epeleren konpostaje-instalazioarekin batera, 10.000 tona tratatzeko eta urtean 4.000 tona konpost ekoizteko ahalmena du, eta Gipuzkoan bildutako materia organikoaren % 100 tratatzea bermatzen du. Zepak tratatzeko instalazioari dagokionez, sortzen diren zepak birziklatuko ditu, eta agregakin birziklatu bihurtuko ditu, herri-lanetan erabiltzeko.

  

1542