Breadcrumb

Asset Publisher

Back AT sistemadun lehen portikoa jarri dute Irunen

AT sistemadun lehen portikoa jarri dute Irunen

Modu honetan Europako zuzentarauak garraio astunaren inguruan dioena betetzen hasten da; erabilera ordaintzea lehenesten da gaitasun handiko errepideetan

2017/07/21

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburu honetan jarriko du AT sistemadun lehen portikoa Irunen. Muntaketa dela eta, AP-8 autobidea itxita egongo da ordu batzuetan bi norabideetan.  Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez, “gaitasun handiko errepideetan egiten den mozketa orok eragozpenak sortzen ditu, baina egun hori eta ordu hori hautatu ditugu trafikoari ahalik eta arazo gutxien eragiteko". Gainera, esan duenez, behar bezala seinaleztatuko dira bai autobideko mozketa, baita desbideratzeak eta hautabideak ere.

Ordainpeko erabilera sistema horren bitartez, Europako zuzentarauaren arabera, eurobineta ezarri ahal izango zaiei ibilgailu astunei, eta sistema hori erabiltzen lehenak izango gara Estatuan. Oiarbide diputatuak azpimarratu nahi izan du prozesu luzea izan dela eta lan asko egin dela AT sistemadun lehen portikoa ezartzeko eguna iritsi arte, eta neurri horren inguruan Gipuzkoan lortutako adostasunaren garrantzia nabarmendu du.  Erabiliko den sistema berritzailea eta aitzindaria da Estatuan. “Portikoaren sistema Euskadin diseinatu da oso-osorik, eta free-flow ordainketa sistementzat bereziki prestatua dago, hau da, ordainketa kabina gabe egingo da, eta ibilgailuek ez dute transakzioa egiteko geratu beharrik izango.  Horrez gain, mantenu lanak goiko aldetik egiteko aukera eskaintzen duen munduko lehen portikoa da, zirkulazioari arazorik ez eragiteko", azaldu du Oiarbidek.

Portikoaren ezaugarri fisikoei dagokienez, argiztapen plataformak 30 metro inguru neurtzen du, eta 16 tona baina gehiago pisatzen du.  Portikoa 174 ekiporentzako 5 elementuz osatuta dago, eta 3.000 torloju eta osagarri pieza baino gehiago ditu.  Azpiegituraren muntaia egiteko 20 langile beharko dira.

Softwarea Norvegiako enpresa batek diseinatu du. Enpresa punta-puntakoa da sistema mota horietan, eta bertan egin dira sistemaren funtzionamendua egokia dela frogatzeko probak.

Portikoan matrikulak irakurtzeko eta argi infragorriz ibilgailuaren jarraipena egiteko 12 kamera jarriko dira, 6 alde bakoitzean, eta TAGak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko 12 antena, 6 alde bakoitzean.  Era berean, 6 detektagailu edukiko ditu, ibilgailuak sailkatzeko detekzio bolumetrikoa egingo dutenak, 3 alde bakoitzean. “Ibilgailuak identifikatzeko kamerek, antenek eta detektagailuek jasotako datu guztiak Bidegiko egoitza nagusira bidaliko dira, eta bertan jarraipena egingo da.  Horretarako, kontrol-zentroa birmoldatzen ari dira, izan ere, urritik aurrera, AP-8 autobideko kamerak kontrolatzeaz gain, N-1 errepidea ere kontrolatuko da”, esan du Bide Azpiegituretako diputatuak.

Hurrengo astean muntatuko den Irungo portikoaren ondoren, Etzegaraten jarriko da beste portiko bat abuztu amaieran, eta irailean Andoainen.

Dena aurreikusi bezala ateratzen bada, urrian, behin portiko guztiak instalatu ondoren, martxa zuria edo ordainketa gabeko proba aldia hasiko da. Aldi horrek AT sistema abian jarri arte iraungo du, 2018ko urtarrilera arte, hain zuzen ere.

Aintzane Oiarbide diputatuak azpimarratu du AT sistema jarri ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europako jarraibideak jarraitzeaz gain, N-1eko mantentzea eta inbertsioak ordainaraziko dizkiela gure lurraldea zeharkatzen duten kanpoko ibilgailu astun guztiei. “2018ko urtarriletik aurrera ez dugu gipuzkoarrok soilik ordainduko gure errepideen mantentzea. Erabiltzaile guztiek ordainduko dute”, esan du diputatuak.  Amaitzeko, azpimarratu du AT sistema moderno eta berritzailea dela, trafikoari ez diola arazorik eragingo, eta ingurumena errespetatuko duela. 

  

1590