Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtu du Foru Aldundiak urtea

Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtu du Foru Aldundiak urtea

Bisita gidatuan parte hartu duten pertsonei harrera egin diete Markel Olanok eta Eider Mendozak; 110 inguru izan dira egun osoan zehar.

110 lagun inguru ari dira parte hartzen gaurko egunean zehar Foru Aldundiak antolatutako ate irekien jardunaldian, goiz eta arratsaldez antolatutako bost txandetan. Bisita gidatuak ari dira egiten, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte. Guztira, 3.500 lagunek baino gehiagok ezagutu dute Aldundia barrutik, pasa den legealdian jarri zen ekimen arrakastatsu honen eskutik. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.

Doan dira bisitak, ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena daukate, eta bi txandatan egite dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (euskara), 11:30ak (euskara eta gaztelania), 13:00ak (gaztelania), 16:00ak (euskara eta gaztelania) eta 17:30ak (gaztelania). Kanpoko aldean hasten dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraitzen dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatzen zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izaten da.

 Aldundiak antolatzen duen zazpigarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, 2016. urtean ekimen hau martxan jarri zenetik. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik –Gabonak, Aste Santua…-. Ohi bezala, txandetako batean parte hartu duten pertsonei ongietorria egin diete Markel Olano diputatu nagusiak eta Eider Mendoza bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak. “Herritarrek gipuzkoar guztion etxea ezagutzea nahi dugu. Etxea ezagutzearekin batera hobeto ezagutzen dira erakundeak, eta lurraldea bera. Jendea txundituta gelditzen da noiztik erakundetu zen gure lurraldea, zenbat mendez joan den eratzen Gipuzkoa eta euskal lurralde osoa. Erdi arotik aurrerako historia hori eskultura, tapiz, margolan eta beste elementuekin ezagutzea oso polita da. Poz berezia eman dit gaur haurrak eta txikiak ikustea, nahi dugulako belaunaldi berriek ere bat egitea ekimen honen arrakastarekin”, adierazi du Olanok.

Jardunaldi berezi horretaz harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak). Gainera, bisitak egiten dira hilabeteko azken larunbatetan. Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan.

 Gainera, modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez. 2017-2018 ikasturtean jarri ziren martxan eta LH 5. eta 6. eta DBH 1 eta 2ko ikasleei zuzenduta daude. Kasu hauetan, eduki batzuk lantzen dituzte eskolan bai bisita egin aurretik eta baita egin ondoren ere. Bisitan, berriz koaderno bat ematen zaie eta jokoen bidez foru jauregian dagoen ondarea zein ikurrak asmatzen joaten dira. Bisita mota horrek arrakasta handia izan du ikastola eta institutuen artean, eta oso ondo baloratzen dute irakasleek esperientzia. 900 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute orain arte bisitetan.

Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1.200. urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura. 

  

1634