Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aurkezpen ekitaldia: Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria

Aurkezpen ekitaldia: Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria

• Jon Gerediagak, “Natura berriak” lanarekin, irabazi du edizio hau, eta José Ramón Anda eskultorearen lana eta 12.000 euro jaso ditu.

2020/07/02
  • Harkaitz Millan, Kulturako diputatua” Xabier Lete, euskal kultura berriaren erreferente handienetako bat da, eta euskarazko poesia belaunaldi oso batera hurbiltzen eta zabaltzen lagundu zuen.”

Saria 2011n sortu zen, Xabier Lete hil zenean (2010eko abendua), foru-erakundeak Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko Poesia Saria sortzea erabaki zuenean, poetaren oroimenari denboran eusteko.

Kultura departamentuak Gipuzkoan erreferente izan diren sortzaileen oroimenari eusteko duen helburuaren barruan kokatzen da ekimena, eta Gabriel Celaya Gaztelaniazko poesia-sariarekin batera bere lanei omenaldia egin eta sortzaile berriei bultzada ematen die.

Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria emateko ekitaldia egin da KMKn, arratseko 19:00etan.  Aurtengo saria Jon Gerediaga bilbotar poetarentzat izan da, «Natura Berriak» lanagatik.

Sarituak Josa Ramon Anda eskultorearen obra bat eta 12.000 euro jaso ditu. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratu duenez, ekitaldian bertan egon nahi izan du.

Maider Gorostegi izan da ekitaldiaren gidari. Leteren poemen errezital batekin hasi da ekitaldia, Alex Gurrutxaga zarauztar idazleak irakurrita, Joxean Goikoetxea musikariaren laguntzaz.

Ondoren, aurkezleak Lourdes Otaegi eta Joxerra Garzia epaimahaiko kideak gonbidatu ditu agertokira. Jon Gerediagari eta bere «Natura berriak» lanari Xabier Lete Euskarazko Nazioarteko V. Poesia Saria emateko arrazoiak azaldu dituzte. 

Epaimahaiak Gerediagaren lana nabarmendu du, estilo batasunagatik eta liburuaren kohesioagatik, eta, bereziki, estilizazio ahaleginaren kalitate poetikoagatik.  Bestalde, naturaren etengabeko bilakaerari heltzeko ausardia nabarmendu du, poesia onenean landutako gaia. Egia esan, liburuaren gai nagusia gogoeta poetiko-filosofiko bat da, naturaren elementuen agerpenaz eta iraupenaz: edertasun ekologikoa, giza begiradak aztertuta.

«Poema lirainez osatutako liburua da, ardatz nagusi batzuen inguruan etengabe egindako lanaren emaitza.  Behaketa poetikoaren aszetika nagusitzen da, eta, hurbileko behaketari dagokion bezala, tempus motel batean idatzita dago. Hala ere, hainbat mendetako eta tokitako ekarpen poetikoen destilazioa ere bada, lerroen arteko aipamen soilek iradokitzen duten gisan», azaldu du Lourdes Otaegik. 

«Ekialde Urruneko poesiaren fintasunaren eta sakontasunaren estilo oroigarria duen arren, asmo poetikoa mendebaldarra da: Lucrecio poeta-zientzialariaren lehen aipamenak iradokitzen du De rerum natura obrari buruz ari dela, galderak eginez sortutako gai ororen norabideaz eta oinarriaz. Horretarako, eguneroko moduko bat egituratu du eguneko orduen arabera, eta materia guztien artean errotutako giza bihotz hauskorra aurkezten digu, egunez egun arrastaka eramaten dena ordu zirkuluan: egunetik egunera orduen gurpilean», azpimarratu du Joxerra Garziak.

Ekitaldia amaitzeko, Leteren figura nabarmendu du Kulturako diputatu Harkaitz Millanek: «Xabier Letek euskararekin, herriarekin eta kulturarekin zuen konpromisoa izan zen bere ibilbidearen ardatza, ez bakarrik ikuspegi artistiko indibidualetik begiratuta, baita arlo sozialean ere. Lehenbizi, kultura ekintzaile gisa, Ez Dok Amairu bezalako kultura kolektiboen bidez, garai baten soinu banda sortuz; eta, geroago, Gipuzkoako Foru Aldundian bertan izandako erakunde erantzukizunen bidez, 1985. urtean Kulturako foru diputatu izan baitzen.  Millanek aurreratu du urrian ekitaldi berezi bat egingo dela Xabier Leteri buruz, aurten beraren heriotzaren hamargarren urteurrena beteko delako.

 

Jon Gerediaga

Bilbon jaio zen, 1975ean, eta Antropologia ikasketak egin zituen Bilbon eta Herbehereetan.  Sorkuntzari dagokionez, poesia da gehien landu duen esparrua, obra hauekin: Fitola Balba, Karpuki Tui (2004); Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007); Zentauro-hankak (2012); Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015); Urtaroak eta zeinuak (2019).

1999an, Antzerkiola Imagnarioko kide gisa hainbat antzerki sorkuntzatan parte hartu zuen, hala nola:  Zortzi Olivetti Poetiko (Hiru, 2001); Mundopolski (Artez, 2007); Yuri Sam, otoitza (Artez, 2007); Au revoir triunfadoreak (Artez, 2007); Babiloniako loreak (2009); Etxekoak (2015, Huts teatroa).

2003. urteaz geroztik, filosofiako irakaslea da Lauro ikastolan.

 

 

  

1902