Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aurreikuspenak hobetu eta zerga-bilketa errekorrarekin itxi du 2019a Gipuzkoak

Aurreikuspenak hobetu eta zerga-bilketa errekorrarekin itxi du 2019a Gipuzkoak

5.024 milioiko zifra erdietsi da. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, lurraldeko ekonomiak pasa den urtean erakutsitako sendotasunaren ondorio da.

Gipuzkoak 5.024,1 milioiko zerga-bilketarekin itxi zuen 2019. urtea, 2018an baino 186,8 milioi gehiago jasota, alegia. Zifra honek % 3,9ko hazkundea dakar berekin eta, egindako aurreikuspena betetzeaz gain, berau 49,8 milioitan gainditzea suposatzen du. Eider Mendoza foru bozeramaileak kopuru horien balorazio oso positiboa egin du eta, jakinarazi duenez, zerga guztiek izandako goranzko bilakaeran aurkitu behar da emaitza honen jatorri: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ). “2019a urte ona izan da Gipuzkoaren ekonomiarako eta horren isla dira zifra horiek. Beti esan izan dugu zerga-bilketa areagotzeko modurik onena ekonomia sustatzearen alde egitea dela, eta hala erakusten dute emaitza horiek”, adierazi du Mendozak.

            Aste honetako Gobernu Kontseiluak aztertutako gaiak eta erabakitako neurrien berri emateko prentsaurrekoa eskaini du gaur bozeramaileak. Foru ordezkariak xehetu duenez, amaitu berri den urtean diru-sarrerek % 4,2 egin zuten gora eta itzulketek, berriz, % 5,7ko hazkundea izan zuten. Zerga motaren arabera, zuzenekoak % 3 igo ziren, zeharkakoak % 4,3 eta Estatuarekin egindako egokitzapenak % 8,3 egin zuten hobera. “Datu horiek esku artean izanda, esan dezakegu Gipuzkoak, aurreikusitakoa betetzeaz gain, 2019rako jarritako zerga-bilketa helburuak hobetu egin dituela”, berretsi du.

            Mendozak gogorarazi du urtean zehar bi elementuren eraginari aurre egin behar izan diola gure lurraldeak: batetik, amatasun eta aitatasun prestazioei lotuta zeuden itzulketei, zeinak 30 milioiko langa gainditu duten dagoeneko; bestetik, BEZaren itzulketek izandako hazkundeari, esportazioen gorakadaren eraginez % 11 igo baitira hauek ere. “Hala eta guztiz ere, faktore horiek gainditu eta errekorra lortzeko gai izan da Gipuzkoa, lehen aldiz 5.000 milioi baino gehiago bilduz”, azpimarratu du foru bozeramaileak. Hazkundearen jatorria, gehitu duenez, ekonomiaren bilakaeran kokatu behar da, horren lekuko enpresen salmentek bizitako % 3ko gorakada edo soldata-masak azarora arte izandako % 3,9ko igoera.

 

Zergen arabera

Zifrak xehetasunez aztertuz gero, Errentaren gaineko zergaren alorrean, lan-etekinen atalean 93 milioi gehiago (+% 5,8) bildu ziren iaz, lan merkatua sendotzearen eraginez. PFEZaren balantzea positiboa da bere osotasunean, aurreko urtean baino 93,7 milioi gehiago (+% 5,3). Honako kontzeptu hauek PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren artean banatuak daude: kapital higiezin eta higigarriaren gaineko atxikipenak hazi egin dira, 6,8 milioi (+% 6,8) eta 1,4 milioi (+% 2,7), hurrenez hurren. Ondasun irabazien gaineko atxikipenek, bestalde, 8,4 milioiko beherakada izan dute (-%16,3).

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial netoak eragindako zerga-sarrerak 2,1 milioi egin zuten gora: irabazi garbiek 33,1 milioiko beherakada izan zuten, itzulketek 35,2 milioiko jaitsiera eduki zuten bitartean. Bestalde, Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZaren atalean, zerga-bilketak % 1,8ko hazkundea izan zuen, hau da, 24 milioi gehiago jaso ziren: sarrerek 29,4 milioiko (+% 1,8)  igoera izan zuten, 76,8 milioi gehiago itzuli ziren (+% 11) eta lurralde arteko doiketek 71,4 milioiko gorakada izan zuten (+% 16).

Bestalde, zerga berezien eremuan, Hidrokarburoen gaineko zergaren bilketak 60 milioiko hazkundea izan zuen (+% 14) eta tabakoari lotutako lanen gaineko zergak ere 1,7 milioi gora egin zuen (+% 1,5). Azkenik, Estatuarekin izandako doiketek ondorioz jasotako diruaren atalean, BEZari lotuta 41,2 milioi gehiago bildu ziren eta zerga berezien eremuan, berriz, 0,6 milioi gutxiago.

 

28 lagun iruzurraren aurka

Gaur egindako bilkuran, baita ere, Gobernu Kontseiluak adostu du Ogasunean praktikak egiteko 28 lagun izendatzea goi mailako tekniko gisa. Behin praktikaldia amaituta, eskubide osoko funtzionario gisara batuko dira foru erakundeko lantaldera. Mendozak adierazi duenez, 28 langile horiek iaz egindako Enplegu Publikoko Eskaintzan lortu zuten beren lanpostua. Beren egitekoa iruzur fiskalaren aurka egitea izango da, beren jarduna Ogasuneko hainbat alorretan garatuz. Iruzurrari aurre egiteko gizartearen sentsibilizazioan eragiten jarraituko dugu, baina erakundeak eskura dituen baliabide material zein humanoak indartuz ere bai. Iruzurraren aurkako borroka gure helburu estrategikoen artean dago eta, beraz, alor honi lehentasuna ematen jarraituko dugu”, aurreratu du.

            Foru Bozeramaileak nabarmendu duenez, funtzio publikoaren alorrean Foru Aldundiak “desafio” bati aurre egin beharko dio datozen urteotan, foru langileen erdiak jubilatu egingo baitira hamarkada batean. “Belaunaldi berritzea gauzatu, baina jubilatzen diren horien esperientzia eta ezagutza alde batera utzi gabe. Desafio bikoitza dugu parez pare”, aipatu du Mendozak, zeinak uste duen desafio hori dela “Aldundiak erakunde gisa duen desafio nagusia”. Horregatik, azaldu duenez, hainbat lan eskaintza abian dira, EPEtatik hasi eta lan-poltsetara arte, eta herritarrak animatu ditu horietan parte hartu dezaten. “Datozen urteotan prozesu hauei jarraibidea emango diegu eta, beraz, guztiontzako aukerak eskainiko ditugu”, laburbildu du.

 

Datuen babesa

Bestalde, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren praktika eta politikak errekonozitu berri ditu alor honetan, herritarren datuak babesteko abiarazitako praktikak eta politikak aitortu eta sarituz. Halaxe egin du, izan ere, Datuak Babesteko Sarien VII. Edizioan, zeinetan “jardunbide onenen” sustatzaile gisa kokatu duten berriki Gipuzkoako foru administrazioa. Preseski Euskal Bulegoak saritu du, datu pertsonalen babesaren eta informazioaren segurtasunaren alorrean Gipuzkoako toki erakundeak arau berrietara egokitzeko egindako lana, batetik, eta gai honetan langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko egindako ahalegina.

Azken hamarkadetan eta gaur egun, are eta abiadura biziagoan, garapen teknikoak eta IKTen aurrerapenek informazio tratamendu “masiboa” ekarri dute. Gobernantza diputatu Eider Mendozaren esanetan, eboluzio horren ondorioz sortu da “eskubide berri bat” aintzatesteko beharra: herritarren datu pertsonalen babesa eta norbere informazioaren gaineko erabakimen gaitasuna bermatzeko premia, alegia. “Foru Aldundia aurrerapauso irmoak ematen ari da, jakinda, muga digitalak gero eta gehiago zabaltzen diren heinean, orduan eta premiazkoa dela herritarrak ahalduntzen dituzten eskubide materialen esparru bat sortzea orain arte ezezagunak ziren alorretan”, adierazi du.

Mendozak ezinbestekotzat jo du erakundearen “modernizazioan” sakontzen jarraitzea, Foru Aldundiak administrazio gisa “etorkizunera begirako desafioei” aurre egiteko bide gisa. “Ahalegin horretan berebiziko garrantzia du administrazio elektronikoaren sustapenak eta herritarrekin harremanetarako zerbitzuen eraldaketa digitala garatzea, desburokratizazioan sakonduz. Testuinguru horretan datuen babesa ezinbesteko elementua da, erabateko eraginkortasunez eta bermez kudeatu beharreko gaia. Sari honek lurralde osora begirako politika eta praktika aurreratuak martxan jartzen jarraitzera animatzen gaitu”, osatu du Gobernantza diputatuak.

  

2316