Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azahara Domínguezek Bidasoa bisitatu du eskualdeekin bilera turistikoen errondarekin jarraituz

Azahara Domínguezek Bidasoa bisitatu du eskualdeekin bilera turistikoen errondarekin jarraituz

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua Bidasoan izan da, eskualdeko erakargarritasun turistikoak bisitatu eta haien inguruan zer behar eta dauden ezagutzeko. Gainera, eskualdeko alkateekin eta turismo-ordezkarirekin bildu da. Eskualdeko industria turistikoa, bere beharrak, jasangarritasunaren zeharkako ardatza eta tokiko kultura eta tradizioa izan dira jardunaldi osoan zehar

2024/05/24
Azahara Domínguez diputatuak Bidasoa bisitatzen.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: "Eskualde bakoitzeko indarguneak eta beharrak ezagutu behar ditugu, eta bertako eragileekin harreman zuzena eta etengabea izan behar dugu; izan ere, horrela bakarrik ulertuko ditugu turismo-sektoreak lurralde osoan dituen beharrak".

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Gipuzkoako alkateekin eta turismo-eragileekin bilerak egiten jarraitu du. Aste honetan Bidasoara joan da, dauden beharrak eskualdeko ordezkariekin batera aztertzeko. Era berean, topaketan hainbat gai jorratu dira, hala nola turismo-jardueraren jasangarritasuna, kultura eta tokiko tradizioa.


Hau da diputatuaren zazpigarren bisita eta datozen hilabeteetan egingo dituenekin amaiera emango die bisitaldi horiei. Topaketa horien helburua lurraldea bere osotasunean planteatzen duen turismo-sektorearen inguruko aukeren eta beharren ezagutzan sakontzea da.


"Diputatu naizen aldetik, kezkatzen nau garatzen ditugun jarduera politikoek herritarren ongizatean eragina izateak, eta hori funtsezkoa da turismoa bezalako arlo batean. Eskualde bakoitzaren indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko lan egiten dugu eta, horretarako, eskualdeko eragileekin harreman zuzena izan behar dugu”, adierazi du Azahara Domínguezek.

Erromatar iragana eta itsas tradizioa
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaz gain, Irungo eta Hondarribiako alkateak, Cristina Laborda eta Igor Enparan, hurrenez hurren, Hondarribiko zinegotzia den Estitxu Urtizberea eta Bidasoa Activako presidentea, Nuria Altzaga, eta zuzendari gerentea, Eva Fernández, izan dira bileran.


Bisita Irungo Oiasso museoan hasi da eta Santa Elena ermita ere ikusi dute. Ondoren, taldea Hondarribira joan da, eta herriko alde zaharretik paseatu du. Bisita Andre Mariaren arkuan hasi da, Zumardian, eta herriko gune ikonikoenetako batzuetatik igaro da, hala nola Kale Nagusitik, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokia-elizatik, arma-plazatik, Karlos V.aren gaztelutik edo Gipuzkoa plazatik, besteak beste.


“Eskualde bakoitzeko erakargarritasunak, indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzea eta alkateekin eta arduradun turistikoekin harreman zuzena eta etengabea izatea funtsezkoa da lurralde osoan dauden beharrak ulertu ahal izateko, baina baita estrategia turistiko egoki bat bultzatzeko ere. Estrategia horrek jarduera desestazionalizatu eta deslokalizatzea eskatzen du, gero eta gipuzkoar gehiagok onura atera diezaioten turismo-industriak gure lurraldean sortzen duen aberastasunari”, nabarmendu du diputatuak. Gainera eskerrak eman dizkie bisita hau ahalbidetu duten pertsona eta toki entitateei, Gipuzkoako turismoaren alde erakutsitako arretagatik eta jarrera onagatik.

 

  

1902