Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egia bihurtuko da 2018an
Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egia bihurtuko da 2018an
Mugikortasuneko foru-departamentuak eta Azpeitiko Udalak hitzarmen bat sinatuko dute Aldundiak % 75ean finantzatuko duen obra egia bihurtzeko
Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatu Marisol Garmendiak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak hitzarmen bat sinatuko dute, 2018an zehar herri horren eta Urrestillako auzoaren arteko bidegorria eraikitzeari ekiteko.
Bizikleta-bidearen tarte berri hori inguruko auzotarren asmo zaharra da, eta orain egia bihurtuko da, obraren kostuaren % 75 ordainduko duen Aldundiaren eta gainerako % 25 ordainduko duen Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmenari esker.
Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “Azpeitiko eta Urrestillako auzotarrak duela urte batzuetatik hona eskatzen ari ziren obra bati helduko diogu. Joan den legealditik datorren proiektu bat, da, baina inoiz ez du aurrekontu-partidarik izan Aldundiaren aurrekontuetan. Orain bai; izan ere, Foru Aldundiak eta Mugikortasun Departamentu honek bidegorriaren obrei ekiteko behar diren baliabide ekonomikoak gaitu dituztelako. Gure konpromisoa irmoa da Gipuzkoa osoan zehar bizikleta-bideen foru-sare bat garatzeko eta lurraldeko udalei laguntzeko, beren udalerrietan tarte berriei ekin diezaieten. Izatez, helburu horietarako bideratzen ditugun partidak modu garrantzitsuan gehituko dira laster onartuko den datorren urteko foru-aurrekontuan”, adierazi du Marisol Garmendiak.
Eneko Etxeberria alkatea gustura azaldu da bidegorria egingo delako azkenean. Izan ere, azken urteotan buruhauste asko emandako proiektua da Urrestillako bidegorriarena: "Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu sendoa da bidegorri hori. Bide horrek Azpeitia eta Urrestilla arteko zatia oinez eta bizikletan egitea egingo du posible, eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko du". Mugikortasun Departamentuaren, eta, batez ere, Marisol Garmendia Diputatuaren eta Iñaki Prego zuzendariaren lana eskertu nahi izan ditu bidegorriaren gaiaren inguruko egoera zailari irtenbidea bilatzeagatik.
Bidegorria eraikitzeko idatzitako proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Urola bailarako 5. ibilbidearen zati izango da eta 1.107.953 euroko aurrekontua eta gauzatzeko 9 hileko epea ditu. Azpeitiko Udalak obrak gauzatu eta 276.988 € jarriko ditu eta Aldundiak, 830.965 euro. Bidegorri berria 1.550 metro luze eta 3 metro zabal izango da.
“Pozik gaude Azpeitiko Udalarekin adostutako hitzarmen honekin, eta eskerrak ematen dizkiot bere lankidetza-espirituagatik eta akordiorako prest egoteagatik –azpimarratu du Marisol Garmendiak–. Arazo askoren ondoren, gaur egia bihurtuko da aurrekontu-partida baduen bidegorri-proiektu bat, eta Azpeitia eta Urrestilla bizikleta eta oinezkoen bide berri batekin lotuko duena. Inplikatuta jarraitzen dugu bizikleta eta oinezkoen bide-sare bat ehuntzen, aisialdirako eta eguneroko joan-etorrietarako baliagarri izango dena eta askori ibilgailu pribatua erabiltzeko asmoa kenduko diona. Horrela, klima-aldaketaren aurkako borrokan lagundu eta bizitzeko ohitura osasungarriagoak erraztuko dira”.
1746