Azpeitiko gizarte zerbitzu eta baliabideak handitu eta behar berrietara egokitzeko azterketa abian da
Azpeitiko gizarte zerbitzu eta baliabideak handitu eta behar berrietara egokitzeko azterketa abian da
Azpeitiko gizarte zerbitzu eta baliabideak handitu eta behar berrietara egokitzeko azterketa abian da
Aldundiak eta Azpeitiko Udalak hitzarmena sinatu dute, elkarrekin, tokiko arreta-ekosistema bat bultzatuz, behar berriei erantzuteko.
Gaur goizean, Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, eta Nagore Alkortak, Azpeitiko alkateak, elkarlanerako jarduketa hitzarmen bat sinatu dute, helburu duena, Azpeitiko gizarte baliabide eta zerbitzuen inguruko hausnarketa eta azterketa prozesu bat abiaraztea, non tokiko arreta-ekosistema bat bultzatuko den, eredu berri bat sustatuz, gizarte zerbitzuen eskaintza handituz eta behar berrietara egokituz. Hitzarmenaren sinaduraz gain, bilera batean partekatu dituzte bi erakundeetako ordezkariek udalerriko gizarte zerbitzuek egun dituzten erronkak, eta etorkizunera begira egin beharreko bideak nondik nora jo behar lukeen.
Maite Peñaren hitzetan jorratu beharreko bidea “argia” da: “Gipuzkoan aspaldi abiarazi genuen pertsona bakoitzaren behar eta premietara egokituko den eredu baten aldeko apustua, eta egun, COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoerak, berretsi egin du apustu hori”. Gipuzkoako gizarte zerbitzuak pertsona ardatz hartzen duen arreta-eredu baterantz egin behar du, eta hori bultzatzen jarraitzea “ezinbestekoa” dela gaineratu du diputatuak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko gizarte baliabideen sare publikoaren eskaintza gizarte premien bilakaerara egokitzeko lanean dihardu, baita lurralde orekan sakontzeko ere. Azpeitiko udalarekin batera abiatutako lankidetza honi esker, udalerrian arreta ekosistema berri bat bultzatuko da, helburu izango duena egun dauden, eta etorkizunean etorriko diren, beharrei aurre hartu eta erantzuna ematea. Diputatuak gaineratu duenez, Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapak (2018-2021) Urola Kosta eskualdean adinekoen arretarako zerbitzuetako plazak handitzea planteatzen du; eta gainera, gizarte mailan ematen ari diren aldaketa demografikoen ondorioz, gizarte-zerbitzuen eskaintza handitzea ere beharrezkoa izango da lehen eta bigarren mailako arretan.
2035 bitartean %7 haziko da Azpeitiko populazioa ikerketen arabera, adinekoen kopurua, berriz, %20 haziko da. Beraz, 2031. urtean azpeitiarren ia laurdenak 65 urtetik gora izango ditu; 3.900 adineko baino gehiago izango dira, aurreikuspenen arabera. Mendekotasunari dagokionez, berriz, 2035. urtean ia 500 pertsona izango dira 80 urtetik gorako mendekoak; %38ko hazkundea emango da mendekotasun pertsonetan.
Datu horiek aintzat hartuta, Nagore Alkorta alkateak Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuak handitu eta behar berriei erantzuteko beharra gaurdanik lantzen hasi beharra azpimarratu du: “Herritar guztiek dute zainduak izateko eskubidea eta hori bermatzeko baliabideak eskaintzea dagokie erakunde publikoei. Herritar guztien bizi kalitatea zaindu eta bermatu behar dugu eta horretarako arreta eredu berriak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu gaur sinatutako protokolo honen bidez”.
Bukatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Maite Peña Gizarte Politiketarako foru diputatuari eskerrak eman nahi izan dizkio elkarlanerako prestutasunagatik: “Arlo honetan eskumen partekatuak ditugu udalaren eta aldundiaren artean, eta zaintza erdigunean jarrita, herritarren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa da elkarlana”.
Beraz, hitzarmen honen sinadurarekin abiatzen den azterketak, lankidetza oinarri hartuta, egungo zerbitzuen eredua birformulatuko du, eredu integratzaileago bateranzko bidean, arlo soziosanitarioa ere indartuz. Horregatik, eta diagnosi fase baten ondoren, beharrezkoak izan daitezkeen baliabide berrien eraikuntza sustatuko da, egun estaltzen ez diren premiei erantzuteko. Horrez gain, arreta-eredu dibertsifikatuago eta pertsonalizatuago bat eraikiko da, etxeko zaintza eta familia eta komunitate harremanak indartuko dituena.
1641