Breadcrumb

Asset Publisher

Back Azpeitiko Lehen Auzialdiko Epaitegiak artxibatu egin du AP-1eko obrei buruzko azken kereila

Azpeitiko Lehen Auzialdiko Epaitegiak artxibatu egin du AP-1eko obrei buruzko azken kereila

"Bederatzi urte luzeren ondoren, aurkari politika kaltetzea besterik bilatzen ez zuen prozesu baten amaierara hurbiltzen ari gara, erreparatu ezin den kaltea eragin diena pertsona gehiegiri", Maria Ubarretxenaren iritziz.

2024/02/09
Bidegi

Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak gaur goizean jakinarazi duenez, artxibatu egin dute Bilduren Foru Gobernuak 2014an jarritako lehen kereila, AP-1 errepidearen Arrasate iparraldea-Eskoriatza tartearen eraikuntza obren ingurukoa. Bederatzi urteko instrukzioaren ondoren, Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epaileak erabaki du diru publikoaren bidegabeko erabilpenaren eta faltsifikazioaren ustezko delituen akusazioa “justifikaziorik gabekoa” dela, hura dokumentatzeko aurkeztutako txostenetan oinarrituta. Epaia, gainera, joan den irailean artxibatu zen bigarren kereilarekin bat dator. Garai hartan Bilduk gobernatzen zuen Aldundiak aurkeztutako txostenen “inkongruentziak eta akatsak” agerian utzi zituen lehen ebazpen judizial hark, hain zuzen.

Gauzak horrela, “Aldundiko, Bidegiko eta esleipendun enpresen langileak oinarririk gabe jazarri dituen prozesu luze baten amaierara hurbiltzen” ari garela adierazi du Ubarretxenak; “arduradun politikoak eta foru erakundearen osotasuna susmopean jarri dituena”. Azpimarratu duenez, “azkenean agerian geratzen da aurkari politikoa kosta ahala kosta eta edozein preziotan kaltetzea besterik bilatzen ez zutenen estrategia” , “delitu larrien akusazioak eginez, txosten okerretan oinarrituz eta pertsona gehiegiri erreparatu ezin den kaltea eragin diena”.

Azpeitiko Epaitegiaren irizpenak Bilduren Gobernuak AP-1 autobidearen obren inguruan jarritako lehenengo kereila artxibatzen du. Bertan, Arrasate iparraldea – Eskoriatza iparraldea tarteko obren likidazioen ordainketetan ustezko bidegabeko desbideratzeak eta gainprezioak salatu ziren, Diputazioari kalte ekonomikoa eraginez. Epailearen autoak akusazioak aurkeztutako txostenak erlatibotzat eta osatugabetzat jotzeaz gain, egiaztatutzat ematen du obraren azken likidazioan ez zela diru publikoaren desbideratzerik egon. Areago, Bidegik aurkeztutako dokumentazioak erakusten du likidazioan azkenean ordaindutako zenbatekoa hasieran aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa izan zela; izan ere, obra 160.074.995,74 eurotan likidatu zen, aurrekontuan jasotako 162.882.000 euroen aldean.

Ebazpena, argitaratu eta hurrengo egunetan apelatu daitekeena oraingoz, instrukzio neketsu baten emaitza izan da. Hala, aurkeztutako “txosten oker eta osatugabeak ikusita”, Ubarretxenak irizpenetik ondorioztatzen du prozesu honen itxierara hurbiltzen hasi garela. Halaber, “Aldundiaren eta Bidegiren funtzionamendu onaren eta zuzentasunaren berrespen” gisa baloratu du erabaki judiziala foru diputatuak, eta baita “AP-1aren eraikuntza bultzatu zuten arduradun tekniko eta politikoena ere”. Beraz, Ubarretxenaren arabera, “autoak berretsi egiten du Gipuzkoako erakundeei kalte egiteko inolako erreparorik izan ez zuten horien desakreditazioa”.

Prozesuaren kronologia laburra

  •  2014ko azaroa. Lehen kereilaren aurkezpena, Arrasate iparraldea – Eskoriatza iparraldea autobidearen tartearen eraikuntza-obren likidazioen ordainketetan izandako ustezko bidegabeko desbideratzeei eta gainprezioei buruzkoa.
  • 2015eko martxoa-apirila. Ikerketa-batzordea abiarazi zen Batzar Nagusietan, eta, ondoren, lehenengo kereila zabaltzea erabaki zen.
  • 2015eko maiatza-ekaina. Iragartzen da Arlaban-Eskoriatza tarteetako obren likidazioari buruzko bigarren kereila. Kereila Bilduren gobernuak jarri zuen, eta 2015eko hauteskunde-kanpainaren atarian iragarri, ABEE Arlaban kontratistaren ordezkariaren eta Bidegiko orduko zuzendariaren aurka. Jarduneko gobernuak aurkeztutako kereila izan zen.
  • 2015eko urria. EH Bilduko batzarkideak herri akusazio gisa aurkeztu ziren.
  • 2018ko abendua. Espainiako Kontu Auzitegiak, bere kabuz jardunez, ikertutako egitateetan kontabilitate-deliturik egon ez zela ebatzi zuen.
  • 2023ko iraila. Bigarren kereilaren artxibatzea. Autoak akusazioak aurkeztutako txostenetan akats, hutsegite eta omisio ugari aipatzen ditu. (Egungo egoera: errekurritua.)
  • 2024ko otsaila. Lehenengo kereilaren artxibatzea.
  

1084