Babeserako prozedurek ondo funtzionatu dutela eta egoera normala dela adierazi du Imanol Lasak
Babeserako prozedurek ondo funtzionatu dutela eta egoera normala dela adierazi du Imanol Lasak
Nolanahi ere, mundo mailako zibererasoak argi uzten du, Diputatuaren esanetan, Gipuzkoak “zibersegurtasunerako zentro aurreratua” behar duela
Asteburu honetan mundu mailan gertatutako zibereraso masiboaren aurrean, Gipuzkoako administrazioaren esparruan, Foru Aldundiak, IZFE Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearen bitartez, hainbat ekintza egin ditu lurraldeko erakunde eta entitateen sare eta ekipoen segurtasuna bermatzeko. Arlo horretako diputatu Imanol Lasak aditzera eman duenez, une honetan egoera “normaltasun ia osokotzat jo daiteke”, Aldundiaren sarean egindako eskaneoak ez baitu “inolako positiborik” eman. Hala ere, adierazi du “erne” jarraituko dutela eraso gehiago gertatuko balitz, edo bestelako afekzio puntualak detektatuko balira.
Joan den ostiralean, erasoaren berri eduki bezain laster, IZFEk Aldundiaren sareak isolatu zituen, korreo elektronikoko zerbitzuak, eta interneteko irteera eta sarrera bertan behera utzita. Denbora gutxian, internet martxan jarri zen kanpotik barrura, eta horrek ahalbidetu zuen “herritarrentzat eta enpresentzat Aldundiaren zerbitzu elektronikoak eskuragai jarraitzea”. AntiBirusak birusa detektatzen zuela, eta FireWall-arekin batera korreoak aztertzeko hesi egokia izan zitekeela egiaztatu ondoren, larunbatean korreo elektronikoaren erabilera baimendu zen, beharrezko neurri guztiak hartuta.
Interneteko sarbide irekiaren zerbitzuak –Aldundi barrutik kanpora- gaur eguerdi aldera jarri dira martxan. Beraz, ondorioztatu daiteke zibererasoak ez duela eraginik eduki foru erakundeak herritarrei ematen dien zerbitzuan.
Neurri horiek, erasoaren balizko ondorioak saihesteko eta detektatzeko beharrezko azterketa eta diagonostiko lanekin osatu dira, eta baita txosten teknikoen eta kontuan hartu beharreko gomendioen hedapenarekin ere. Hala, ostiralean, IZFEtik idatzia bidali zitzaien Gipuzkoako alkateei, erasoaren eta horren aurrean hartutako neurrien berri emanez, eta udalei dei eginez beraien sareak eta ekipoak eskanea zitzaten birusaren balizko arrastoen bila. Halaber, gaur, lehen orduan, agindu zehatzak eta oinarrizko gomendioak bidali zaizkie, honako puntuak kontuan hartuta: ekipoak eguneratuta eta babestuta eduki beharra (antibirusa), informazioaren segurtasun kopiak eduki beharra (backup-ak), eta erabiltzaileak kontzienziatzea eta formatzea.
Zibersegurtasun zentroa
Lasak nabarmendu duenez, babeserako mekanismo eta protokoloek “ondo funtzionatu” badute, eta Gipuzkoa “seguru” badago ere, horrelako gertaerak geroz eta ohikoagoak izan litezke, eta benetako arriskua ekar lezakete. Horrek agerian uzten du, haren esanetan, premiazkoa dela “Gipuzkoan zibersegurtasunerako zentro aurreratu bat edukitzea, gure erakundeei eta ekonomia ehunari sostengua emateko horrelako erasoen babes eta prebentzioan, haien jardueran eta negozioan eragin nabarmena eduki dezaketelako”.
Ildo horretan, gogorarazi du Gipuzkoak dagoeneko heldu diola alor horretako zentro aurreratuaren diseinuari, eta hurrengo asteetan “nazioarteko eragileekin kontrastatuko dugula, proiektua indartzeko nazioarteko aliantzak aztertuz”. Zentro honen egiteko nagusia izango da Gipuzkoako industriari alerta eta prebentzio zerbitzuak eskaintzea, baina formakuntzari eta sentsibilizazioari lotutako adarrak ere edukiko ditu. Azken alor honetan lanean ari da Aldundia azken hilabeteetan, datorren urtetik aurrera zibersegurtasunean espezializatutako zikloak eskaintze aldera Lanbide Heziketaren barruan.
“Kontua ez da alarmismoan erortzea, baizik eta Gipuzkoaren lehiakortasunean eragin zuzena eduki dezakeen errealitate bati aurre egitea. Zibersegurtasunean espezializatutako enpresa asko dauzkagu lurraldean, eta gure industria ehunak mota horretako zerbitzuak eskatzen ditu. Beraz, lurralde mailako lehentasun baten aurrean gaude, eta Aldundiak horrela hartzen du”, amaitu du.
1612